Estatu-kolpe saialdi bat garaitu dutela adierazi du Hego Sudango presidenteak

Riek Machar presidenteorde ohiari matxinoen buruzagi izatea leporatu dio Salva Kiirrek

mikel rodriguez
2013ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
«Estatu-kolpe saialdi bat». Horrela deskribatu du Salva Kiir Hego Sudango presidenteak herenegun arratsean armadako uniformeekin jantzitako talde batek Juba hiriburuan hasitako matxinada. Gobernuaren aurkako soldadu talde bat zirela azaldu du Kiirrek, eta haien buruzagia nor den ere erran du: Riek Machar presidenteorde ohia. Ordutako borroken ondotik, Juban egoera kontrolpean dutela adierazi du Kiirrek. Duela bi urte independentzia lortu zuenetik, lehenbiziko estatu-kolpe saialdia izan da Hego Sudanen.

Kiir eta Machar independentziaren aitzinetik zeuden etsaituta, SPLM Hego Sudan Askatzeko Mugimenduan Sudanen aurkako borrokan engaiatu zirenetik. Macharren bozeramaileak ukatu egin du presidenteorde ohia atxilotu dutenik, eta «salbu» dagoela erran du. Barnaba Marial Benjamin Atzerri ministroak, berriz, erran du kolpean parte hartu duten «hainbat politikari» atxilotu dituztela. Kiir presidenteak telebistan egin du agerraldia, uniforme militarrarekin jantzita. Haren arabera, estatu kolpea herenegun arratsean hasi zen. Militar matxinoek SPLMren bilkura baten ondoan tiro egin zuten Juban, eta ondoren Defentsa Ministeriora eta armadaren egoitza batera jo zuten. Kiirrek kontatu duenez, atzo goizean lortu zuten kolpea gelditzea. Hainbat pertsona hil direla erran du, baina ez du zehaztu zenbat. Borroken ondorioz, ehunka herritarrek babes eske jo zuten NBE Nazio Batuen Erakundeak Juban duen egoitzara.

Uztailean kargutik kendua

Sudanen aurka hogei urtean baino gehiagoan gerra egin ondotik, independentziaz geroztik ere ez du bake aldirik ezagutu Hego Sudanek. Etnia anitz bizi dira estatu berean, eta anitzek harreman gatazkatsuak dauzkate. Kiir, dinka etnia nagusikoa da, eta Machar, berriz, nuer bigarren etniakoa. Kiirrek gobernuan aldaketak egin zituen uztailean, eta kargutik kendu zituenen artean zegoen Machar. Macharrek «diktadore» izatea egotzi izan dio Kiirri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.