Kartzelak. Zaballako azpiegitura berria

Araba espetxea, prest

Zaballako espetxea inauguratu dute, baina bi hilabete barrura arte ez dituzte mugituko lehen presoak hara

Kartzela zaharra «behin-behinean» irekita mantenduko dutela aurreratu du Gallizok
Espetxe berriaren azpiegitura prest dago, eta urte bukaeran helduko dira presoak.
Espetxe berriaren azpiegitura prest dago, eta urte bukaeran helduko dira presoak. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2011ko irailak 22
Zaballako espetxe berria (Iruña Oka, Araba) bigarrengoz inauguratu dute, baita izen berria jarri ere. Araba espetxea. Lanak hasi zituztenetik hiru urteren buruan ate irekien eguna egin zuten atzo, bertan sartuko dituzten presoei ateak itxi aurretik. Azpiegiturak erakusteaz gain, Langraizko espetxe zaharraren etorkizuna apur bat argitu zuen Mercedes Gallizo Espainiako Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiak. Espetxe erabilera izango du espetxe zaharrak datozen urteetan ere, erregimen irekian dauden presoentzako zentro moduan.

Araban gizarteratze zentro baten beharra aldarrikatu du Gallizok, baina eraikin hori egiteko adostasunik lortu ez denez, espetxe zaharraren zati bat horretara bideratzeko aukera aipatu zuen. «Zentroa espetxe zaharrean behin-behinean jartzea da gure asmoa; ez dago itxita oraindik, baina ez dago beste aukerarik». Erabilera hori gizarteratze zentro berri bat egitean bukatuko litzateke. Ordea, erabaki hori une horretako Espainiako Gobernuak hartu beharko duela jakinarazi du; alegia, egungo gobernuak espetxea ixteko emandako aginduak ez du balioko.

Erabakiak erabaki, atzo gauean Arabak 1.193 ziega zituen bi espetxeetan banatuta, ziega osagarriak kontuan hartu gabe. 2.386 ohe 317.000 biztanle inguruko lurralde batean. Hau da, espetxeetan Arabako biztanleriaren %0,75 sartzeko moduko edukiera dago; Gasteizko ehun biztanletik bat.

ETAko presorik ez

Langraizko espetxean dauden presoak urte bukaeran mugituko dituzte espetxe berrira. Hain zuzen ere, Araba espetxea prest dagoen arren urte bukaerara arte ez du presorik hartuko. Datozen asteetan segurtasun sistemen funtzionamendua aztertuko dute, eta bertan lan egingo duten funtzionarioen azken prestaketa ere egingo dute.

Bide batez, berretsi du Langraizko espetxeko presoak baino ez direla kartzela berrira mugituko. Hau da, terrorismo delituagatik espetxeratuta dauden euskal presoak Arabara mugitzeko aurreikuspenik ez dagoela gaineratu du. Alabaina, gaur egun Langraizen dauden euskal presoak ETAtik «aldendu» direla jakinarazi du, eta, ondorioz, ezin direla ETAko presotzat hartu.

Mendian sartuta

Preso bat bisitatzera doan pertsona baten moduan hasi zen bisita, komunikazioen eraikinetik. Korridore baten inguruan 'U' forman kokatutako mintegien gelara heldu ahala espetxearen funtzionamenduaren azalpenak hasi zituen Juan Antonio Perez Zaratek, Langraizko espetxeko zuzendariak. «Ate horretatik kanpo presoentzako eremua hasten da», zehaztu zuen, irekita zegoen ate bat erakutsiz.

Mendi magalean egindako espetxea dela agerikoa da komunikazio gela igaro ondoren. Komunikazio eraikina atzean utzi, eta aldapa gora eraikitako eremua ikus daiteke, mendian sartuta. Eskuinean, tailerretarako guneak: sukaldea, okindegia, garbitegia... Eskuinean bizitegi gunea deitutakoa dago, presoak eguneko ordu gehienetan hartuko dituzten hamabi moduluak, eta gora doan aldaparen bukaeran zenbait zerbitzuren eraikina: frontoia, areto nagusia...

«Espetxe batean ate irekien eguna egitea baino gauza faltsuagorik ba al dago?», galdetu zuen kazetari batek ibilbidean aurrera egin ahala. Korridoreetako ate guztiak irekita. Metal detektagailuak paretaren aurka. Eguraldia lagun, ehunka pertsona alde batetik bestera ari ziren mugitzen, parez pare zeuden ateak aise zeharkatu eta azpiegiturak aztertuz. Pareta guztien gainean alanbre arantzadunak; kamerek eta ehunka fokuk gertutik jarraitu zituzten mugimenduak, ordea.

Moduluetako ziegetan sartzean alaitasunak behera egin zuen. Eguneko ordu gehienetan preso dauden pertsonak hartuko dituzten eraikinak dira gune irekiak bezain argitsuak, eta ziegek hamahiru metro koadro eskas dituzte, bi ohe, bi mahai, aterik gabeko bi armairu, komuna, konketa eta dutxa hartzeko. «Kasu batzuetan norbaitekin egon behar dute preso batzuek: beren buruaz beste egiteko arriskua... eta batzuetan beste norbaitekin egon nahi dute», arrazoitu zuen bi ohe jartzearen zergatia Perez Zaratek. Ordea, aurrekariek agintzen dutenaren arabera, ziega bakoitzean bi pertsona egotea kritikatu ohi dute gizarte eragileek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jon Rejado

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna