Kritika

Ikuslea, epaile

Gontzal Agote -

2011ko urriak 14
Zinema

'Jodaeiye Nader az Simin'



Zuzendaria: Asgar Farhadi. Aktoreak: Leila Hatami, Peiman Moaadi, Shahab Hosseini, Sare Baiat, Sarina Farhadi. Herrialdea: Iran. Iraupena: 123 minutu.

Plano finko bat, elkarren ondoan bi pertsona kamerari begira. Beste aldean nor den ezin ikusi, ezezagunak egiten dituen galderei erantzuten diete batak zein besteak. Berehala antzemanen dugu zein den afera: dibortzioaren inguruan ari dira erabakitzen; emakumezkoak nahi du, gizonezkoak ez dio eman nahi. Alaba dute tarteko. Epaile lanetan ari da kameraz bestaldekoa, ebatzi beharko zer egin, baina azkenean erabakirik ez du hartuko. Haien esku utziko du.

Ia-ia anekdota bat da Jodaeiye Nader az Simin-en abiapuntua, ez dirudi aparteko deus, bakoitzak bere bidea segitu nahi du, biak pertsona helduak dira. Berehala ohartuko da ikuslea pelikula honek kontatzen duena ez dela sobera ikusgarria, egunerokoan edozeini gertatzen ahal zaizkion gauzak dira. Bereizketa bat, aita gaixorik izatea, etxeko garbitzailearekin arazoak, alabaren buruhausteak...

Elkarren segidan kateatuko diren gertaerak, hala ere, maisuki harilkatuta dagoen istorioaren norabidea ez da inportantena. Konturatu orduko, hasierako epaile ezkutu hori gu geu garela ohartuko gara, trebezia izugarriaz Asgar Farhadik rol horretan jarriko baitu ikuslea. Hortik aurrera, joko deseroso baten partaide sentituko gara, eta pantailan agertuko diren pertsonaien jokabideaz etengabe epaitzen ikusiko dugu geure burua; zuritzen, salatzen, ulertzen, arbuiatzen, kondenatzen.

Egunerokoan etengabe egiten dugun zerbait da. Jodaeiye Nader az Simin-ek errealitate hori behin eta berriz bihurritzea lortuko du, gaizkiaren eta ongiaren kontzeptuak arriskutsu bezain subjektiboak direla erakutsiz.

Ekintza ñimiñoetatik gizakion psikologia biluztuko du zuzendariak, edozein ekintza justifikatzeko edo ezkutatzeko beti arrazoibideren izan bada. Inork ez du bere burua gaizkiletzat edo erruduntzat hartzen, betiere norbaiten mesedetan direlakoan defendituko ditugu besteen aurrean arbuiagarriak diren jokabideetako asko.

Eta ez da epaiketa indibidual hutsera mugatuko. Irango egungo gizartetik guztiz unibertsalak diren gai potolo ugariren hausnarketarako bidea zabalduko du pelikulak: moralaren malgutasuna, legearen eta justiziaren arteko oreka (eza) edota ekintza guztiek ingurukoetan izaten ahal dituzten ondorioak.

Armiarma sare horretan harrapatuko gaitu filmak, eta, alabaren moduan, inozentzia betiko galduko dugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna