Ezarian

Gainbeheran dagoen espeziea

Azken sei urteotan azterketa zorrotza egin du Azti-Teknaliak aingira europarrak Euskal Herriko ibaietan duen egoeraren berri izateko.

X. Martin -

2011ko urtarrilak 26
Asturiasko San Juan de la Arena lonjan (Espainia) 59.918 kilo angula saldu zituzten 1970eko hamarkadan; 2009an, 272 kilo. Datu argigarria da aingira europarraren (Anguilla anguilla) benetako egoera zein ahula den ulertzeko. Azti-Teknalia 2004an hasi zen aingirak euskal ibaietan duen egoera aztertzen. Estibaliz Diaz (Bilbo, 1974) biologoa da proiektuaren arduraduna. «Datuak ditugunetik ez dugu alde nabarmenik ikusi, ez txarrera ez onera, baina txarra da egoera orokorra, 70eko hamarkadako hainbat daturi erreparatzea besterik ez dago», dio.

Arrantza ote da ibaietan gora gero eta angula gutxiago sartzearen kausa? «Askotariko arrazoiak daudela dirudi, ez bakarrik arrantza, baina arrantzak berak ez dio inolako mesederik egiten, bistan da. Edonola ere, kausak aipatzen hasita ez dago adostasunik adituen artean».

Angira europarrak Sargazo itsasoan (Ozeano Atlantikoa) jartzen ditu beldarrak, eta gero itsaso osoa zeharkatzen du korronteen laguntzaz, Europako ibaietan sartu arte; hegoaldetik iparraldera heltzen dira. «Ugalketa Sargazo itsasoan egiten dutela uste da, baina hori ere misterioa da; han aurkitu dituzte larba txikienak, edonola ere. Ibaietan gora sartzean gardenak dira, orri formakoak. Gero, elikatzean eta uraren tenperaturaren eta gatz kantitatearen arabera, angularen forma hartzen dute, lehen metamorfosia dute. Ondoren, pigmentazioa dator, eta aingira hori bihurtzen dira».

Angulak: kirol arrantza

Europatik kanpoko angula esportazioa berriki debekatu dute, eta Europako Kontseiluak espeziea babesteko neurriak har ditzaten esan die estatuei. Angularen arrantzaren debekatua gero eta hurbilago ote dago? «Oraingoz sasoialdia murriztea erabaki dute. Azaroaren 15etik urtarrilaren azken egunera doa egun. Debekatuko ote den? Erabakia ez da zientifikoa. Guk datuak besterik ez ditugu ematen, eta agintariek erabakitzen dute. Erabaki politikoa da».

Horrez gain, berez, angula ezin dute saldu arrantzaleek. Kirol arrantzatzat jotzen du arautegiak. Dena den, kiloa 600-700 euroan ere saltzen dela kontuan hartuta, diru kopuru handiak egon daitezke jokoan. «Angularen gainbehera honekin jarraitzen badugu, gerta daiteke noizbait debekuaren erabakia etortzea». Neurriak «lehenbailehen» hartzearen aldekoa da Diaz ikerlaria, nahiz eta debeku hitza ez aipatu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna