Txikitasunaren handitasunaz

Los Guggenheim Mexikoko konpainiak 'Más pequeños que el Guggenheim' komedia beltza aurkeztuko du

Mexikoko Los Guggenheim konpainiak 11 emanaldi egingo ditu Euskal Herriko hamar herritan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2013ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Hiru urte pasatu dira Más pequeños que el Guggenheim antzezlana estreinatu zutenetik, eta Alejandro Ricañok zuzentzen duen Mexikoko konpainiak ez du oraindik konprenitzen nolatan izan duten hainbesteko arrakasta lan horrekin. Izenik ere ez zuen taldeak, eta jaialdietatik eta antzokietatik gonbitak jasotzean, erabaki zuten Los Guggenheim izena ematea taldeari, hala deitzen baitzien jendeak.

Euskal Herrian emango dute egunotan lana. Pertsonaren txikitasuna erakusten duen komedia beltza dela esplikatu dute. «Europako artearen esparrua konkistatu nahi duten Ameriketako artista biren bidaia kontatzen du. Bilboko Guggenheimetik pasatu ondoren, Mexikora itzuliko dira, beren tamainaz jabetuta. Ordea, porrotaz hitz egitea saihestuko dute, eta beren buruak salbatu nahian, antzezlan bat prestatzeari ekingo diote», azaldu du Ricañok. «Antzerkiarekin jolastu gara, antzerkia eginez», nabarmendu du zuzendariak. «Antzezlan bat prestatzeko lanetan dabiltzan lau lagunen istorioa da. Ondorioz, fikzio plano bat baino gehiago sortuko dira antzezlanean aurrera egin ahala».Testua ere Ricañok berak sortu.

Lan horrengatik Mexikoko Dramaturgia saria eman zioten 2008an. Alabaina, obra ekoizteko zentimorik ez zuen jaso, eta modu guztiz prekarioan ekin zion antzezlana taxutzeari, obrako aktoreak obraren istorioko bertako protagonistak bilakatzeraino. Baliabide askorik ez zutenez, aktoreen lanean bildu zituzten indarrak. Adrian Vazquez, Austin Morgan, Hamlet Ramirez, Rodrigo Hernandez eta Miguel Corralek interpretatzen dituzte Sunday, Gorka, Jam eta Al izeneko lau pertsonaiak, hurrenez hurren.

Ekoizpen «soila eta xumea» dela ohartarazi dute denek. Kontatu dutenez, kamioneta batean egin zituzten lehen entseguak, eta Ricañok lan egiten zueneko kafetegian segitu zuten. «Irudikatu egoera: bezeroak sartzen zirenean, entsegua eteten genuen, kafea zerbitzatu ostean jarraitzeko».

Ricañok uste du, hain justu, horrek piztu zuela Mexikoko jendearen interesa: «Guggenheim bainotxikiagoak ez ziren pertsonaiak, egiazko pertsonak baizik. Alegia, Guggenheim baino txikiagoak gu geu ginen. Gure antzezlanean, porrotari gaina hartzeko xedez antzezlan bat prestatzen ari diren lau pertsonaia daude, eta era berean ari ginen gu gure porrotei gaina hartzeko helburuz antzezlan bat prestatzen. Fikziozko planoetako bat errealitatearekin ezkontzen zen. Eta jendeak bazekien. Halaber, bazekien obra baliabide gutxirekin ekoitzi genuela, eta inork ez zuen ezer espero». Baliabiderik gabe lan egin izanak eta inork espektatibarik ez izateak «obrari gerta zekiokeen onena» izan zela adierazi du Ricañok. «Behartu gintuen irudimena zukutzera eta txikitasunari txinpartak ateratzera». 37 bat espaziotan girotua dago lana. «Dirua izan bagenu, produkzio eta eszenografia handiagoa egingo genukeen, eta hori inkongruentea izango zen antzezlanaren diskurtsoarekin berarekin».

Horrenbestez, Ricañok pentsatzen du sormen lan onak egiteko dirua ez dela premiazkoa. «Horrekin ez dut esan nahi gobernuek kultura sustatu behar ez dutenik, baina diruak eta handitasunak ez dute ziurtatzen kultur lan on bat, eta horretaz jabetuko bagina, hobeto lan egingo genuke».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako antzoki publikoen sareak ekarri du Mexikoko konpainia. Hamar herritan izango da, bihartik martxoaren 8ra bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.