Barne joerari segika

Bill Callahanek 'Dream River' bere azken diskoa aurkeztuko du gaur Donostian, Kursaalean
Bill Callahan bere belaunaldiko musikari laudatuenetakoa bilakatu da.
Bill Callahan bere belaunaldiko musikari laudatuenetakoa bilakatu da. BERRIA

Mikel Lizarralde -

2014ko otsailak 25
Ahots propioa lortzea. Hori bada edozein artistaren helburu gailenetako bat —eta ez da beti izaten—, Bill Callahanek (Maryland, AEB, 1966), aspaldi eskuratu zuen artista handiei aitortzen zaien estatusa. Beti mugimenduan eta, aldi berean, beti geldi, Callahanek 20 urte baino gehiago daramatza ahots horri forma ematen. Iraganari bizkar eman gabe, baina aurrera begira beti. Indie garaiko Leonard Cohen deitu izan duten kantari honek iaz kaleratutako diskoa aurkeztuko du gaur Donostian: Dream River laudatua —Mojo aldizkariak urteko disko onena izendatu du—. Kursaaleko Ganbera aretoan da ordua, 20:00etan.

Ez da Bill Callahan Euskal Herrian izango den lehenengo aldia. 1999an, artean Smog izen artistikoarekin, Bilboko Kafe Antzokian aritu zen. Knock Knock diskoa zuen orduan aurkeztekoa, Callahanen lo-fi eta country alternatiboko doinu ilunetan argitasuna sartzen uzten zuen lana. Hamar urte baino gehiago behar izan zituen kantari estatubatuarrak Euskal Herrira itzultzeko: 2011ko maiatzean, Donostiako Antzoki Zaharrean jo zuen. Ordurako bere izenpean lortutako ospearen jabe zela, Callahanek Apocalypse orduan disko berria zuena aurkeztu zuen kontzertu dotore eta bikain hartan.

Orduan formazio minimalista batekin aritu zen Callahan. Bera, gitarra espainol batekin, eta ondoan beste gitarrista bat eta bateria jotzailea. Orain, ordea, laukote gisa aurkeztuko da oholtza gainean: Matt Kinsey (gitarra), Jamie Zuverza (baxua) eta Adam Jones (perkusioa) izango ditu taldekide.

Bide urratzaile

Bill Callahanek 80ko hamarkadaren amaieran ekin zion musikari, artean oso modu esperimental eta jostalarian. Magnetofono batean grabatutako kasetekin urratu zituen lehenengo bideak Smog izenarekin, eta Sewn to the Sky (1990) lehenengo diskoa ere zinta haien jarraipen naturala izan zen. Apenas arrasto melodikorik gabe eta gaizki grabatua, lo-fi deituko zen ildoaren disko erreferentziala bilakatuko zen denborarekin, nahiz eta bere garaian oharkabean pasatu zen.

Smogen lehengo urteak estilo bat bilatzeko ariketa gisa har litezke.Wild Love-k (1995) atzean uzten du bere alderdirik muturrenekoa, baina esperimentazioari uko egin gabe, eta hala Red Apple Falls (1997) nola Knock Knock-ek country alternatiboaren ertzetan mugitzen den kantari bikain bat aurkezten dute. Horietako lehenengoan, Jim O'Rourkerekin lan egin zuen; bigarrenean, John McEntirerekin, eta estudioak eman zitzakeen aukerak baliatu zituen aurreneko aldiz, Callahanek berak aitortu duenez. Bi disko horiek ezinbestekoak dira musikariaren ibilbidea ulertzeko. Musika egiteko modu bat definitzen dute, iluna gehienetan, baina lantzean behin umoreari lekua egiten diona.

A River Ain't Too Much Love (2005) diskoarekin Smog izenari agur esan zion, eta ordutik askeago ari da Callahan. Edo hala dio berak behintzat. Sometimes I Wish We Were an Eagle (2009) grabatu zuenetik, gainera, bere musika biluzteko ariketa egin du, nahiz eta horrek ez duen zerikusirik batzuetan kantu bakoitzean erabilitako musika tresnekin. Apocalypse (2011) eta Dream River dira bide horren erakusle behinenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna