Sagardoa biziarazteko elkartea

Bizi Sagardoa elkarteak sagardoarekin lotutako turismoa bultzatuko du, hainbat alorretako eragileak batuta

Hegoaldeko lau lurraldeetako sagardogileen elkarteek, zenbait udalek eta bestelako eragilek bat egin dute Bizi Sagardoa elkartean. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2013ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Sagardoaren kultura eta turismoa sustatzea. Helburu hori duBizi Sagardoa elkarte berriak. Lehenbizikoz, Gipuzkoako, Nafarroako, Arabako eta Bizkaiko sagardogileen elkarteek bat egin dute proiektu batean, sektorearen alde lan egiteko. Horrez gain, eragile publiko zein pribatuen parte hartzea ere izango du Bizi Sagardoa elkarteak, hainbat udalek eta bestelako elkartek elkar hartu baitute proiektuan. Guztira, 67 sagardotegi, bederatzi udal eta hainbat fundazio, museo, enpresa eta bestelako eragile bildu dira Bizi Sagardoa elkartean. Donostiako Aquariumean egin dute sinadura ekitaldia.

Sagardoaren ibilbidea sortzea da elkarte berriaren asmoetako bat. Hala adierazi du Arantxa Eguzkizak, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko eta Euskadiko Sagardogileen Federazioko lehendakariak. Eguzkiza pozik agertu da, batetik, lehenengo aldiz Nafarroako Sagardogileen elkarteak halako proiektu batean parte hartzea erabaki duelako, eta, bestetik, «inoiz ez» delako halako elkarterik sortu Euskal Herrian. «Sagardoa gure herriaren ondarea da, edari zaharra, euskaldun guztiona», adierazi du Eguzkizak. Hainbeste eragilek bat egiteak berebiziko garrantzia du Eguzkizarentzat, sagardoaren kultura zabaltzea «guztion lana» delako, eta gaineratu du, sektorearen alde lan egin nahi duen orok duela leku bat Bizi Sagardoa elkartean. Sagardogilerik gabe sagardorik ez litzatekeela egongo gogorarazi du, eta, aldi berean, aurrera egiteko hainbat sektoreren elkarlanak duen garrantzia nabarmendu du: «Denon artean eutsi behar diogu: sagardogileez gain, beste sektoreetako eragileek ere zeresan handia duzue sagardoaren kultura zabaltzeko eta bizirik mantentzeko zereginean». Eguzkizak adierazi duenez, Bizi Sagardoa ez da lanean hasteko tresna bat, «aspalditik» baitabiltza martxan ekoizleak, «bakoitza bere lekutik eta bere erara».

Eusko Label ziurtagiriarekin hasitako bidea gogora ekarri, eta Bizi Sagardoa elkartearen garrantziaz ohartarazi du Joxe Antonio Zamalloak, Bizkaiko Sagardogileen elkarteko lehendakari eta Euskadiko Sagardogileen Federazioko lehendakariordeak: «Lau lurraldetako sagardotegiak elkartu izana azpimarratuko nuke, eta horrek sektorerako duen garrantzia». Zamalloaren arabera, ekoizleek lan eredu jakin bati jarraitzen diote, baserriekin, lehengaiekin eta sagastiekin «lotura zuzena» duena.

Bide emankor baten esperoan

«Ilusio handiarekin» agertu da Koldo Borobia, Arabako sagardogile elkarteko lehendakaria. «Gure lurraldean oso gutxi gabiltza saltsa honetan, baina ilusioz gabiltza gure sagardo propioa egiten, gure sagar motekin», adierazi du. Esker oneko hitzak izan ditu elkarte berrian parte hartzeko eurekin kontatu dutelako: «Txikiak sentitzen gara, umilak, eta umiltasun horretan oinarrituta lan egiten dugu. Oso pozik gaude, gainera, Nafarroako lagunek ere parte hartuko dutelako».

Nafarroako sagardogileen elkarteko lehendakari Jesus Angel Garciak ere «ilusioz» bizi du Bizi Sagardoa elkarte berriaren sorrera: «Bide emankor baten hasiera dela uste dugu, eta gerora begiraelkarlanerako proiektu gehiago ere etorriko direla espero dugu».

Zerain Dezagun fundazioaren ordezkari Jakoba Errekondok sagardoak Euskal Herriko historian izan duen garrantzia azpimarratu du: «Sagar mota eta sagar- nahasketa ugari edukitzeak, sagardo asko eta desberdinak izatea ahalbidetzen duen bezala, distira berezia ematen dio gaur hemen hainbat alorretako eragileak elkartu izanak». Aniztasuna eta elkarlana dira gakoak haren ustez.

Bizkaiko Nekazaritza diputatu Irene Pardok «hain gurea eta kalitatezkoa den» produktua lortzeko egunero egiten duten lana aitortu eta eskertu die sagardogileei. Haren ustez, garapen ekonomikoa ekarriko du Bizi Sagardoa elkarteak, eta parte hartzen duten eragile guztiek egindako lanaren erantzuna jasoko dute.

Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Industrietako zuzendari Peli Manterolak adierazi duenez, Jaurlaritzan jakitun dira «sagardo botila bakoitzaren atzean baserritar bat» dagoela. Horregatik, sagardoaren kalitateaz gain,ekoizpena bultzatuko dutela baieztatu du: «Gure helburu nagusia bertako sagarrez eginiko sagardoa bultzatzea da, ahalik eta kalitate onenekoa». Elkarte berria zoriondu nahi izan du hiru sektore lotzen jakin duelako: baserria, baserriarekin lotutako industria eta turismoa .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.