Bilboko Aste Nagusia

Aulki baino gazte gehiago

Jendetza batu da Bilboko Gazte Egunean, eta beste hiri eredu baten aldeko aldarria egin dute

Ehunka lagunek parte hartu dute Gazte Eguneko bazkarian. ASIER GARCIA.
Bilbo
2013ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Aurreikuspenak gainditu zituen Bilboko Gazte Egunak. Apustu handia egin zuen Ernaik atzokoan 600 lagunentzako bazkaria prestatuz. Hala ere, txiki geratu zen Askapeña eta Pa... Ya konpartsetako karpa, eta beste nonbait bazkaldu behar izan zuen batek baino gehiagok. Gaueko ekitaldi nagusian beste Bilbo bat eraikitzeko beharra dagoela azaldu zuten: «Auzoetatik hasita, udalak betetzen ez dituen beharrizanen alde borrokan, alternatiba txikiak sortzeko». Horrez gain, udazkenean izango diren epaiketak eta euskal presoen egoera ere salatu zituzten.

Bazkaria izaten da Gazte Eguneko ekitaldi jendetsuenetarikoa. Horregatik, txartelaksalmentan jarri orduko ilarak sortzen dira. Bazkariko txartelarekin batera, kamiseta bat zuten opari gerturatutakoek. Baina bazkariaren aurretik ere izan zen ekitaldirik. Tour iraultzaile batekin hasi zuten eguna. 13:00etan dozenaka gazte Zazpikaleetan ibili ziren, politikoki garrantzitsuak izan diren hainbat gertaera, ekintza eta pertsona gogoratzen. Horren ostean, Grebalariak Aske kanpainarekin elkartasuna adierazteko, mosaiko erraldoi bat egin zuten.

Herri bazkari arrakastatsua

Kanpoko jende ugari biltzen da Bilboko Gazte Egunera, Aner Sertutxa gaztea Sestaotik etortzen da urtero: «Eskualde osoko gazteak lotzen gara beti; gainera, urtero zerbait berezi prestatzen dugu. Duela bi urte manifestazioa eginez joan ginen bazkarira, Makarraldea rules leloa zuen pankartarekin. Aurten, berriz, cani-z jantzita etorri gara».

Bazkaltzeko ordua heltzen ari zela eguzkiak gero eta gogorrago jotzen zuen. Jendeak Kaskagorri eta Kaixoren txosnen itzalpean poteoan itxaroten zuen mahaian esertzeko unea. Bitartean, sukaldean azken ukituak ematen ari ziren. Menua: patatak errioxar erara eta pasta entsalada. Imanol Eguskiza Erandiokoa sukaldeko lanetan zebilen.

Bezperan hasi ziren entsaladak egiten eta patatak zuritzen, egunean bertan lasaiago ibiltzeko. Eguskizak ez du inoiz horrenbeste jenderentzako bazkaririk prestatu: «Lan handia da, baina talde on bat gaudenez ez da horrenbesterako izan, beste urteren batean egin behar badugu egingo dugu». Bazkaria 15:00etarako iragarrita zegoen, baina egun hauetan ohikoa den bezala, apur bat berandutu zen. Horrelako egun bat antolatzeak lan handia eskatzen du. Garazi Pizarro gazteak hainbat urte daramatza Bilboko Gazte Eguna antolatzen: «Bi edo hiru hilabete lehenago hasten gara lehen bilerak egiten, gauza asko erabaki eta egin behar baitira: proiekzioa, mezua, menua, egitaraua...».

Arratsaldean, gazteek eskualdekako sokatira norgehiagoka izan zuten, kirol pixka bat egiteko, baina batez ere elkarren arteko harremanak lantzeko. Sokatiraren ondoren, gazteak kalejiran Herrira-k deitutako elkarretaratzera joan ziren. Eta, horren ostean, txaranga batek lagunduta, kalejiran joan ziren Zazpikaleetan.

Gaua heltzean, denak Kaskagorrira batu ziren berriz ere. Han egin baitzuten ekitaldi politikoa. Gazteek «Bilbok jasaten duen turistifikazioa» gaitzetsi zuten, eta beste hiri eredu baten aldeko alternatibak sortzeko deia zabaldu zuten. Horrekin batera, udazkenean izango diren «epaiketa politikoak» arbuiatu zituzten. Era berean, Frantziari eta Espainiari kartzelak husteko garaia dela gogoratu zieten, eta euskal presoentzat amnistia eskatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.