Frankowskiren irudi galduak

Ikerlari poloniarra Auritzen eta Orreagan izan zeneko irudi ezezagunak argitaratu dituzte liburu batean
Liburuko argazkietako bat, Burregietako etxolan Gracian Auzki Etxandi 49 urte zituela eta Enrique Etxandi 13 urterekin.
Liburuko argazkietako bat, Burregietako etxolan Gracian Auzki Etxandi 49 urte zituela eta Enrique Etxandi 13 urterekin. EUGENIUSZ FRANKOWSKI

Iker Tubia -

2014ko maiatzak 13
Eugeniusz Frankowski ikerlari, antropologo eta etnologo poloniarra gogora ekarri dute Auritzen. Izan ere, 1917an Auritz eta Orreagan (Nafarroa) atera zituen irudi berriak argitaratu dituzte. Iberiar penintsulako hilarri eta garaiei buruzko lehenbiziko ikerketa nagusiak egin zituen, eta Euskal Herrian ere egon zen. Jose Etxegoien historialariak idatzi du liburua: Eugeniusz Frankowski Auritzen eta Orreagan. 1917ko argazki ezezagunak. Argazkiekin batera, Frankowskik Euskal Herrian egindako lana eta herriarekin izandako lotura azaldu ditu.

Irudiak Joxepe Irigarai Aurizko alkateak aurkitu zituen duela hogei urte inguru. Kristalezko negatiboak ziren. Erosi, eta duela bospasei urte Jose Etxegoien historialariari eman zizkion eskanerretik pasatu zitzan, edukia ikusi ahal izateko. Orduan konturatu ziren Frankowskiren sinadura zutela.

«Ikerketa txikia izan da, orain arte Euskal Herrian egin gabe zegoena, eta interesgarria da oroitzea [Frankowski] hemen izan zela, eta maite zuela», azaldu du liburuaren egileak. Lan honekin atea zabalik utzi duela esan du, eta besteren batek ikertzen jarraitzeko aukera baduela.

Irudiei dagokionez, 43 argazki dira, eta 1917. urteko bizimodua gordetzen dute. Bereziak eta interesgarriak dira, batik bat orain arte ezezagunak zirelako: «Varsoviako artxibategia erre egin zen; beraz, argazki hauek argitaratu gabeak dira». Artxibategi hartan ikerlari poloniarraren hainbat lan desagertu ziren. Haietako bat euskal etnologiari buruzko liburu «mardula». II. Mundu Gerrak harrapatu zuen; beraz, ez zuen sekula argitaratu, eta artxibategiarekin batera errauts bihurtu zen.

Irudietan Frankowskiren lan ildoak ere ikus daitezke; adibidez, artzaintza aztertzen ibili zeneko argazkiak daude. Ibañetako ikazkinak, Orreagako artea eta harrobiko bordak ikus litezke. «Batzuk bitxiak dira; adibidez, oso zaila da Orreaga barneko elizan meza 1917an nola ematen zuten aurkitzea».

Ehun urte eskas iragan dira ordutik, eta ingurua anitz aldatu dela azaldu du Etxegoienek: «Ageri diren paisaiak dagoeneko desagertu egin dira: garai hartan hasi ziren burdin hesiak jartzen, paisaia aldatzen, gero patata sartu zen hemen...». Liburua herrian aurkeztu dute dagoeneko, eta herritarrek harrera ona egin diote. «Jendeari gustatu zaio, herriko historia oso garrantzitsua baita jendearentzat. Inguru hau gutxi ikertuta dago».

Etxegoien Garraldakoa da, eta bere inguruko historia ikertzen dabil hainbat lagunekin batera. Aurizko alkateak ere maite du bertako historia, eta hark bultzatuta kaleratu dute orain liburua: «Material berri honen historia oso garrantzitsua zen; zerbait egin beharra zegoen».

Argazkiak XX. mende hasierakoak dira. Orduan garaien eta hilarrien inguruko lanak argitaratu zituen Frankowskik, 1918an eta 1920an, hain zuzen ere. Ez zen Euskal Herriari buruz bakarrik egin ikerketa hori. Iberiar Penintsula osoa aztertu zuen. Irudiak, marrazkiak, krokisak eta abar argitaratu zituen, eta orduan ohikoa ez bazen ere, argazki anitz erabili zituen argitalpenean. Gai hura kasik ikertu gabe zegoen; horregatik, lan garrantzitsua izan zen.

Euskal Herriari loturik

Auritz, Luzaide, Garralda, Uharte Garazi... Hainbat izan ziren Frankowskik bisitatutako herriak, Pirinioen inguruetan. Nafarroa Beherea ere sartu zuen, beraz, bere ikerketan. Bertako hilerriak aztertu zituen, eta bere liburuan hainbat eredu ikus daitezke. Euskal Herriko garaiak ere aztertu zituen ikerlari poloniarrak. Besteak beste, Bizkaian, Markinako Etxeberria eta Abaurregainako Aminte etxeak bildu zituen. Etxegoienen liburuan ere ikusi daitezke.

Historialari nafarrak bazuen Frankowskiren berririk. Izan ere, poloniarrak Iberiar penintsulako garaiei buruzko ikerketa nagusia egin zuen. Bazuen ere Pirinio euskaldunetan egindako lanen berri. Adibidez, txosten batean ikusi zuen Luzaideko inguruan artzaintza aztertu zuela. «Oso interesgarria zen; bere bibliografia ikertu nuen, eta baita Euskal Herriarekin izan zuen harremana ere». Ibilbide horri buruzko ikerketarik ez da egin, baina.

Euskal lurraldeekin izandako lotura nahiko estua izan zela azaldu du historialariak. Euskal ikerlariekin harremana izan zuen: Azkue, Altabil, Apraiz, Urkijo, Barandiaran, Aranzadi... Baita Eusko Ikaskuntzarekin ere. II. Mundu Gerraren ondoren harreman hori eten zela dirudi. Barandiaranek Frankowskiri bidalitako bi eskutitz aurkitu ditu historialari nafarrak. Eusko Ikaskuntzak Baionan eta Miarritzen (Lapurdi) egindako biltzarretan parte hartzeko gonbidapenak ziren. Harremana desagertu zela dirudi, baina arrazoiak ez jakin. Lana, aitzitik, ez da bukatu: «Artxibategiren bat bada Varsovian; agian gehiago ikertu beharko da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna