Jaiak. Etxarri-Aranatz

Herri mugimenduko egitaraua, bete-betea

Herri kirolen ikuskizuna eta Fermin Valentziaren kontzertua antolatu dituzte gaurko, Etxarri Aranazko jaietan

Txupinazoaren ondoren, erraldoi eta buruhandiak ibili ziren kalean, atzo. IÑIGO URIZ / ARP.
K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2013ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Festetako bigarren egunari ekingo diote gaur etxarriarrek. Atzo hasi zituzten jaiak, eta parrandak ez du etenik izango osteguna heldu arte. Tartean egun berezi asko izango dituzte Etxarri Arantzen (Nafarroa): kuadrillen eguna, gazteen eguna, inutillen eguna, elkarteen eguna, aitona-amonen eguna, kintoen eguna eta parte hartzearen eguna. Sei egun zazpi izenez izendatu dituzte herritarrek. Horietan guztietan egongo da egitekorik franko. Gaur, herri kirol ikustaldia eta Fermin Valentziaren ikuskizuna dira ekintza garrantzitsuenetariko bi.

Aritz Igoa (Etxarri Aranatz, 1985) herri mugimenduko partaideak azaldu du zertan datzan herri mugimenduko eragileen egitaraua. Udalaren programaz aparte kaleratutako egitaraua da eragileena, baina «ez da alternatiboa». Imazen hitzetan, «ez dago udalaren egitarauarekin kontrajarria». Besterik gabe, zenbait eragilek festetan «tartetxo bat» izateko antolatzen dituzten ekintzen multzoa da. Herrira mugimenduak, Euskal Herrian Euskarazek, Gazte Asanbladak, Ezker Abertzaleak eta beste hainbat kolektibok osatzen dute herri programa. Aurreko urteekin alderatuz, berrikuntza bat dago: Ibaia txalupaz jaisteko ohitura berreskuratuko dute. «Lehenago egiten zen, duela bizpahiru urte, baina bertan behera gelditu zen. Orain, ohitura hori berreskuratu nahi dugu», azaldu du Igoak.

Horretaz aparte, Inutillen egune ere azpimarratu du. Ostegunean, etxarriarrak militar mozorrotuko dira, kritika egiteko, betiere umorearen bitartez. Herrian barrena militarren parodia egingo dute. Sekula ez dute problemarik izan egun horren harira, eta Igoak hala jarraitzea espero du: «Ea bakean uzten gaituzten egun horretan!».

Rap gaua da herri programako beste berritasunetako bat. Asteartean, ZTK rap-ek, Emauseko Raperoak taldeak eta RPVk joko dute gaztetxean. Baina, musikaren alorrean ez da rapa bakarrik izango. Karpako emanaldien artean, kubatar musika lantzen duten Las dos D taldea lehenengo aldiz izango da Etxarrin, eta Hutsun txalaparta taldeak ere lehenbiziko aldiz perkusio erritmoak eramango ditu Sakanako bihotzera.

Gosaria, karpan bertan

Parrandatik bueltatzen direnek edo goizean goiz jaikitzen direnek karpan bertan gosaltzeko aukera izango dute. 08:00etan gosaria prestatuko baitute. Horren goiz jaiki ez direnak esnatzeko, 10:30ean diana joko dute herrian, kalez kale, festetako bigarren eguna hasiko dela argi gera dadin. Ostean, haurrek sormena lantzeko aukera izango dute: material birziklatuak erabiliko dituzte jolasteko; japoniar bonbak fabrikatuko dituzte. Gainera, ludoteka ere antolatuko dute Etxarrin.

Arratsaldean ere festez gozatu ahal izango dute haurrek, izan ere, Kutxoren pantomimak haur ikuskizuna egingo dute plazan. Helduenek ere izango dute gozatzeko aukera. Haurrentzako emanaldia bukatuta, helduentzako ikuskizuna hasiko da: herri kirol erakusketa egingo dute. Aizkoran eta harrian arituko dira kirolariak.

Gau partea musikaren ordua izango da. Bi ikuskizun antolatu dituzte. Batetik, Alaiki taldeak 20:30etik 04:00etara joko du, herriko plazan. Bestetik, Fermin Valentziak kantaldia eskainiko du, aditzea gustuko dutenentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.