Jaiak. Burlata

Herriko musikariek sortu, eta herritarrek gozatu

Erraldoi eta buruhaundien konpartsa, iazko alardean. BERRIA.
2013ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Dantzari eta erraldoiek lagunduta, herriko musikariek kontzertua eskaintzen dute jaien lehenengo egunean

Irati Sarasua Arabaolaza

Herriko txistulari, musikari, abeslari eta dantzariak bilduko ditu, besteak beste, aurtengo alardeak Burlatan (Nafarroa). Horrez gain, Iruñerriko eta Nafarroako txistulariak ere laguntzen aritzen dira. Hilaren 14an hasiko dira jaiak, eta egun bereko arratsaldean eskainiko dute kontzertua, urtero egiten duten bezala. Kontzertua 20:30ean izango da, eta aurtengoan ere Udal Parkean adin guztietako herritarrak elkartu eta euskal musikaz eta euskal doinuez gozatzeko aukera izango dute.

«Kontzertu herrikoia egitea da gure asmoa; herriko musikariak biltzen gara horretarako. Gauza herrikoia egitea denez gure asmoa, herriko hainbat taldek ere parte hartzen dute, besteak beste, dantza taldeek, gaita jotzaileek eta erraldoi eta buruhandiek», adierazi du txistularien taldeko kide eta antolatzaile Jokin Kanpionek.

Taldea 50 lagun inguruk osatzen dute, adin guztietako musikari eta dantzariek; 12 urte ditu gazteenak, eta 76 helduenak. Orain arte, ia urtero erraldoi eta buruhandien konpartsa ere alardearen protagonista izan da, baina aurten huts egingo du. Adin tartean ezberdintasun handia izan arren, batera ekarriko dituzte gogora Xabier Leteren habanera edo Mikel Laboaren abestiak, esaterako. Euskal musikan eta euskal kantetan oinarrituko da ikuskizuna, beraz. Benito Lertxundiren Loretxoa-k eta Erribera-k ere izango dute euren lekua, baita Burlatako Jotak ere. Duela hiru urte sortu zuten azken hori, baina herritarrentzat maitatua izatera heldu da denbora horretan. Are gehiago errotzearren, alardearen amaiera doinu horrek adierazten du.

Ordubete inguruko kontzertura joatea burlatarrentzat ohiko ekintza da jada. Hilaren 14an, arratsaldean, egiten da kontzertua; hots, jaiak hasi eta berehala. «Batzuentzat festak kontzertuarekin batera hasten dira, edo hori diote, behintzat», adierazi du Kanpionek. Badira jada 30 urte inguru jaietan txistulariek antolatutako alardea egiten dela. 80ko hamarkadaren hasieratik egiten da. Formatuz aldatu da denbora tarte horretan, baina funtsean helburua bera da: herriko musikari guztiek batera Euskal Herriko doinuekin kontzertu bat osatzea. Herriko talde guztiei egiten diete tokia ikuskizun honetan, eta herri osoa elkartzen da parkean.

Herriaren jaia

Herriko txistulariek antolatzen dute ikuskizuna, eta herrian musikaren alorrean dauden aukerez baliatzen dira. Astebete lehenago ekiten diote guztiek batera entseguak egiteari. Eta nabarmendu dute kontzertu arrunta baino gehiago dela, jai giroan egiten den ekitaldia da alardea Burlatan. Horregatik, parte hartu nahi dutenek hori egiteko aukera dute, herritarrek herriari eskaini nahi dioten zerbait delako, herritik jaioa delako eta herriarentzat eta bertan bizi diren guztientzat egina dagoelako. «Denek dute lekua Burlatako Alardean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.