Carmelo Ortiz de Elgea. Margolaria

«Margolana norberari eragiten dion zauskadatik ulertu behar da»

Erakusketa irekiko du larunbatean Renoko Nevadako Arte Museoan. Sei hilabeteko egonaldia egin zuen bertan iaz, eta hantxe egindako margolanak erakutsiko ditu, 'Amerika, euskaldun baten begietan' izenburupean.

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Dulantzi
2013ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Duela hiru urte Euskal Herrian zen William Douglass, Nevadako (AEB) Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroa abiarazi zuen antropologoa. Egin zituen bisitaldien artean, Carmelo Ortiz de Elgea margolariari egin ziona. Artistaren lana ikusi, ederretsi, eta Renora joateko bidea egin zion, hango mundua margotzeko. Iaz izan zen Nevadan Ortiz de Elgea eta oraintxe erakutsiko du lan haren emaitza.

Erakusketa egingo duzu Renon, baina lau lan handi erakutsi dizkiguzu Dulantzin (Araba) duzun estudioan bertan.

Tamaina txikiagokoak dira han erakutsiko ditudanak. Hiru margolan handi hauek egin ditut hemen, baina han egin nituenak, erakutsiko ditudanak, ez dira hauen erdiak ere tamainan. Izan ere, Nevadan nengoela, hartzen nuen autoa, abiatzen nintzen errepidean barrena, hartzen nuen eskuin, hartzen nuen ezker harri txintxorretan gora, eta zer edo zerk begian jotzen ninduenean, geratu, zirriborroak egin eta etxera itzultzen nintzen. William Douglassen etxeko lorategian bukatu nituen margolanak. Huraxe nire estudioa!... Douglassek, bestalde, bere arrantxoetara eraman ninduen, Nevada eta Kaliforniako mugako lurretan. Smoke Creek eta beste… In situ egiten nituen zirriborroak, eta kolore printza batzuk ere ematen nituen mihisean, gero etxera itzuli eta buruz amaitzeko. Jakina, asmatu dudana ere ez da gutxi!

Argazkirik ez zenuen egin ohi?

Ez, ez, nik ez. Natura zeharo eskuzabala da, jeniala, eta nik, neure aldetik, zer edo zer eman nahi diot ordainetan, neure ekarpena egin nahi diot. Eta, beraz, asmatu egiten dut, baita paisaia bera ere! Zalantzarik ez horretan. Adibidez, margolan hori. [Arrantxoko txabolarena atera du] Arrantxo abandonatua da etxe hori. Ikusi nuen orduko gustatu zitzaidan. Zer gustatu zitzaidan, ordea? Arbolak zinkezko teilatuan egiten zuen itzala. Horixe izan nuen abiapuntua. Itzal hori horrela zen, horrela zegoen. Gainerakoa, neure buruaren asmazioa da. Arrantxoa dela, polita izan zen… Nik uste nuen arrantxoa hemengo baserriaren modukoa izango zela. Bai zera! Arrantxoa esaten dioten horretan, han, etxe bat duzu hemen zenbait metro koadro dituena. Harantzago, beste etxetxo bat. Hurrena, komuna, beste txabolatxo bat… Oraindik orain idatzi zigun Douglassek, nik margotzen ibilitako arrantxoak erre egin zirela esanez. «Badakizu zer geratzen den haietatik? Zeure margolana!».

Esan duzu autoa hartu eta bateko eta besteko bideetan barna abiatzen zinela…

Bai, baina ez highway eta ez freeway, bazterbideak ibiltzen nituen, hau ikusi, hura ikusi, hemen geratu… Arreta handiagoa merezi zuen ezer ikusten nuenean, geratu eta bertan egiten nuen margoa. Batzuetan, zirriborroa besterik ez; beste batzuetan, margoa bera. Argazkitik margotzen ibili gabe ere, argazkiak ere egin izan nituen, xehetasunetan lagungarri gerta zekizkidan. Baina, azkenean, ez argazki eta ez xehetasun, asmatu egin dut batez ere. Ez naiz errealitatea kopiatzeko gauza. Pentsatu ere ez.

Zerbaitek erakarri behar zintuen, hunkitu, zirrara eragin…

Hori gabe ez dago margolanik. Nire kasuan ez, behintzat. Margotzekotan, zerk edo zerk zausk egin behar dizu. Akabo, bestela. Niri, AEBetako espazioaren handitasunak egin zidan zausk, batik bat. Hodeiertz handi horrek zirrara eragin zidan, perspektiba horrek, ibilaldi horrek: batean euria, bestean eguzkia, hemen iluntzeko zorian, noiz urdina, noiz beltza… Hodeiertzak ageri duen ibilbidea harrigarri zait guztiz. Ibar batek Oregonen, edo Nevadan, Arabak duen azalera du, edo Euskadi osoak duena! Bada, delako ibarretik irten, beste batean sartu, eta are handiagoa duzu beste bat zain! Errepideetako zuzen amaigabe horiek, marrazketa-lumaz egindakoak diruditenak… Miliak eta miliak zuzen, eta muino bat han urruti. «Aldatuko da, bada paisaia!», diozu. Bada, muinoko aldapa igo, eta goienetik, paisaiak ez duela aldatzeko itxurarik ikusten duzu: errepidea, eta beti zuzen. Espazioaren handitasuna. Argentinan baino ez nuen horrelakorik ikusi.

Coloradoko Arroila Handian izan zara. Ez da debaldetan igaro zure begien aurrean…

Colorado, Arizona eta Kalifornia zeharkatzen ditu arroilak! Ikusgarria, zinez. Bazoaz, eta bazabiltza, eta hantxe, oinetan ageri zaizu arroila! Ez dago zure begien mailan, ez. Arroila ertzera heldu eta zerutik begiratuta ikusten duzu, eta ikusgarria da. Baten bati esan diot, arroilan behera margo-kutxa hartuta jaitsiko banintz, ez nintzateke irtengo! Hango aberastasuna! Tonuak, koloreak, lurrak, harriak… Geologia hori! Ikaragarria iruditu zitzaidan! Colorado ibaiak hori egin izana, bateko elur eta besteko izotz, ezinezkoa iruditzen zait… Arroilaren margolanak direla-eta, Douglassek ikusi, eta esan zidan: «Bizian ez dut arroilaren horrelako interpretaziorik ikusi. Sekulakoa iruditzen zait!».

Zertan da interpretazio hori?

Begira, Coloradoko Arroila Handia primeran datorkit, margolari barrokoa naizelako, oso. Forma labirinto hori ezinago interesgarri iruditzen zait, formatik formara dagoen espazioa, horrek guztiak egiten duen ibilbidea… Arroilaren ibilbide horixe interesatzen zait, norberak hain txiki ikusten dituen bide horiek berribiltzea… Eta, gainera, Colorado ibaia han, barrenean. Ibaiaren ederra!... Paisaia barrokoa da, guztiz, eta, aldi berean, espaziala. Tumuluz beterik dago, kolorez gainezka: tumuluetan bat horia duzu, bestea gorria, zuria, beltza… Niretzat primeran dator kolore festa hori! Arroila Handian ez ezik, Heriotza Ibarrean ere izan ginen eta, han, bada paraje bat Margolariaren paleta izenekoa. Mendi bat da, kolore askotako zainak dituena. Hori ere ikaragarri gustatu zitzaidan.

Espazioaren handitasunak harrapatu zintuen AEBetan. Renoko Euskal Ikasketen Zentroko buru Joseba Zulaika antropologoak, berriz, Nevadako argitasuna azpimarratu izan du…

Baliteke. Badakizu, Euskal Herrian, noranahi begiratuta ere, mendiak dituzu, hau da, gune bat non argiak igarobiderik ez duen. Horrek askoz ere beltzago egiten du gure zerua. Nevadan ez dut horrelakorik ikusi. Zerua dena da garbi, atmosfera guztiz garbia da. Deigarri bada, bai. Paisaia izan liteke grisa han, baina argia izango du...

Natura margotu duzu, ala hiriak ere bai?

Natura, natura…

Hiriak ez zaitu deitu…

… Ea azaltzen asmatzen dudan… Naturak ustekabean harrapatzen nau beti… Ezinezkoa zait naturari irabaztea. Sortzeari dagokionean, beraz, naturak irabazten du beti. Naturarekiko lehia irabazi ezin badut ere, diotsot: «Ni baino gehiago haiz, baina eskua sartuko diat. Eraldatu egingo haut, neure erara». Hala ere, naturak egin didan lehenengo zauskada ustekabekoa da beti. Zure galdera, hiriaren deia ez ote dudan jaso… Jakina, Chicagora edo New Yorkera joanez gero, natura ez beste da han ageri dena. Gizakiari egin lekiokeen omenik handiena da New York. Edo Chicago. Hori da gaitasuna, hori! Ehun solairuko etxe-orratz horiek eta! Erabat miresgarri iritzi nion. Ez dut hiri askorik margotu… baina zer edo zer bai. Esan nahi dut, Chicagoko zenbait margolan baditut. Ikusgarriak dira hiri horiek, baina ez hiriak bakarrik. Hara eta hona ibili ginen Nevadan eta inguruko estatuetan eta, behin, Kaliforniako Doyle herri txikian denetatik saltzen den janari denda horietako bat ikusi nuen. Grocery zioen, handi-handi. Filmetan ikusitako etxe horietakoa. «Ez gaitiztek batere engainatu, horratik!», pentsatu nuen. Barruan, denetatik saltzen zen: errifleak, sokak, botak, ontziratutako janaria… Zoragarria! Atarian, gasolina-hornigailua; ez zebilen, jakina. Eta denda hartako gizonezkoa ere, mantala jantzita… Pena, ingelesez hitz egiteko gauza ez izatea ni… Denda haren margolan txikia egin nuen Nevadan, eta, gero, hemen, handira ekarri dut.

Esan duzunez, naturak irabazten dizu sormen-lehian, baina kezkarik gabe sartzen diozu eskua, parte hartu nahi izaten duzu haren edertasuna moldatzen…

Natura bere burua sortzen ari da etengabe, eta nik ere horixe esaten diot naturari: «Ikaragarria duk hire sormen gaitasuna. Ez zagok halako artistarik munduan. Hala ere, neure hondar-alea jartzera noak, neure ekarpena egingo diat».

Hori duzu margotzea?

Margotzea gabe, sortzea da. Hori egiten dut nik, natura eraldatu. Neure errotara ekartzen dut natura. Nik uste, horretan ari naizela beti, horixe egin dudala akuarelatxo bat hartu eta margotzen hasi nintzenetik, umetan. Natura izan da beti nire oinarria, umetatik.

Larunbatean egingo da irekiera ekitaldian Nevadako Arte Museoan, baina ez duzu zeure obraren gainean hitz egiteko asmorik…

Zaila da hitz egitea, jendeak margolan bat ulertu nahi duenean. Margolana ez da hitz eginez ulertzen. Eta hitzen bidez ulertzen bada, gaizki gabiltza! Buru-bihotzez ulertu behar da. Norberari eragiten dion zauskadatik ulertu behar da margolana, eragiten duen ustekabekotik. Horixe da margolana egunetik egunera berraurkitzeko bidea. Ikusi orduko eta lehenengo kolpean ulertzen den margolana ez da lan ona. Margolana behin eta berriz berraurkitzen dugu, denboraren poderioz. Margolana gurekin batera bizi da, bizirik da. Horixe da margolana. Zergatik irauten du bizirik Velazquezek? Haren jenialtasunak aro guztiak gainditzen dituelako, mentalitate guztiak, XVII. mendetik hona. Denbora igaro arren, Velazquezek iraun egiten du. Gustura iraungo nuke haren erdia! Margolan intenporala, horixe da margolana.

Zer esaten dizu barruak, AEBetako erakusketaren irekiera tarteko?

Batetik, niretzat aukera handi bat da AEBetako arte museo batean erakustea. Ez dakit, dena den, zertan den arte mundua AEBetan, eta Nevadan. Ez dakit bildumagilerik azalduko den, baina zerutik jakina da amerikarrek margolanak osatzeko ohitura dutela. Bestetik, nire lanaren gainean mintzo, segurantzia dut. Hara, erakutsiko dudan lan sorta —ez dakit zenbat lan, zenbat espazio hartuko duen obrak museoan bertan ere—, sinatuta dago, bukatuta. Lan bat bukatu ez badut, ez dut sinatzen, gustatzen zaidan arte segitu ohi dut hartan lanean. Hortaz, AEBetan erakutsiko dudan lanari dagokionean, konfiantza osoa dut. Jendearen iritzia hor dago beti, kezkatzen nau, baina AEBetan egindako lana ikusi eta badakit margolari batek egina dela. Zalantzarik ez.

Noiz dago lan bat bukatuta? Horretan oso estua izan zara beti zeure buruarekin…

Bai… Erantzungo dizut: ezustean gehien harrapatzen zaituenean dago bukatuta margolana. Batzuetan, margolana egin eta diotsozu zeure buruari: «Lehen ere banekian hau egiten!». Orduan, hausten saiatzen naiz, hankaz gora jartzen. Nik ez dakidan zer edo zertatik abiatu eta ustekabea sortzen da. «Hori duk eta!». Orduan, margolanak berak agintzen dit non sartu behar dudan eskua: «Hemen jarri, han kendu!». Jakina, zeure barruan izan behar duzu hori. Eta dioenean: «Nahikoa da!», sinatzeko garaia da. Zenbait margolanek, hala ere, sinatu eta ez zaituzte zeharo asebetetzen. Bada, ni zeharo asebete behar nau margolanak, Douglassen arrantxoko txabola horrenak bezala. «Margolan hori bete-betea dago!», eta bete-betea dagoenean, totala da! Zer edo zerk asetzen ez nauenean, hortxe uzten dut, itzulikatu arte. Denbora iragaten uzten dut, eta, halako batean, dale!, «Hortxe duk!», eta goiz bat bakarrean, guztiz eraldatu dut margolana, ezberdina da, korapiloa askatu eta gero. «Eta non zegoen koxka?», galdetzen diozu zeure buruari, eta erantzuna: «Inondik ere, hasieran!». Margolan baten hasiera kaosa da nire kasuan. Ideiarik gabe hasten naiz, nukleo bat margotzen dut, eta horrek beste batera narama, eta honek forma batera, eta bide aukera handi batera… Margolanak bide horiek denak erakusten dizkit, eta nik bat aukeratzen dut, edo zazpi! Baina hartzen dut bidea, egiten dut ibilbidea, bukatzen dut… eta ez nau asetzen. Non da okerra? Hasierako nukleoan, askotan. Hau da, dena antolatu duen horixe da kendu behar dena! Bihurri xamarra, baina horrela da!

Sinestezina zait. Zure azalpenak entzun ditut, grinaz hitz egiten duzu zeure lanaren inguruan, eta, aldiz, ez dakizula hitz egiten esaten duzu beti…

Jendeak urduri jartzen nau, jendea ikusi orduko, isildu egiten naiz. Zazpi lagunen artean, urduri jartzen naiz, haria galtzen dut. Gainerakoan, honekin edo harekin, ilundu arte jardungo nuke…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.