Komunikazioa

Sinderen aurkako oihuak isilaraztea leporatu diote TVEri

Goya sarietako galan, Espainiako Kultura ministroaren aurkako protestaldia egin zuen Anonymous taldeak

U.U. -

2011ko otsailak 15
Batzuentzat zentsura beste batzuentzat halakorik ez. Igande gauetik Interneten bolo-bolo dabilen gaia da Anoymous taldeak Sinde legearen aurka egin zuen protestaldia Madrilgo Teatro Real antzokiaren aurrean. Angeles Gonzalez-Sinde Espainiako Kultura ministroa antzokira iritsi zenean, manifestariek oihuka hartu zuten. Hainbat blogarik eta Twitterreko hamaika erabiltzailek salatu dute TVEko emanaldian oihu horiek isilarazi egin zituztela. Telebistako emanaldia bost minutu beranduago egiten ari zen TVE, eta protestarien garrasiak ez zituzten eman. Rtve.es webgunean ekitaldia jarraitzen ari zirenek, ordea, garrasiak entzun ahal zituzten.

Interneten ere badira zentsurarik egon izana ukatzen dutenak. TVEko albistegian protestaldien inguruko 15 segunduko albistea eman zuten. Alex de la Iglesiari, berriz, protestarien inguruan galdetu zion TVEko erreportariak.

Goya sarietako antolakuntzak figuranteak kontratatu zituen, www.caballerozp.com-en azaldu dutenez, artistak txalotu eta protestariak gutxiago entzun zitezen.

RTVEren gaineko manifestua

Hainbat sektoretako 200 lagunek manifestu bat aurkeztu zuten atzo Madrilen, RTVEk ikus-entzunezko eskaintza «independente eta kalitatezko» baten aldeko apustua egin dezan. Herritarren eskariekin koherente izateko eskatzen diete RTVEri, eta «eskaintza erakargarri eta berritzaile bat egiteko baliabideak eduki ditzala».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna