Artea, modaren josturetan

Moda artea den edo ez. Horra hor aspaldiko eztabaida, urtetik urtera berritzen dena. Mundu osoko museoetan diseinatzaileen inguruko erakusketak gero eta maizago antolatzeak pil-pilean jarri du berriro gaia.

Londresen ikusgai dagoen Bailey's stardust erakusketako irudi bat. DAVID BAILEY.
Londres
2014ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Moda ez da artea», dio Karl Laggerfeldek. Eta Chanel etxeko zuzendari artistikoarekin bat dator beste hainbat diseinatzaile ere; tartean, Miuccia Prada, bere abizena daraman taldeko burua; Rei Kawakubo, Comme des Garçon etxearen sortzailea; edo bere garaian Coco Chanel bera. Etxe barruko iritziak izanik, pentsa liteke ez dagoela zalantzarako lekurik. Baina moda artea den ala ez, hori ez dago erabakita. Eztabaida mahai gainean dago, aspalditik gainera.

Sarean bila hasita, galderari erantzuteko lehenetariko saioa topa daiteke. New Yorkeko Metropolitan museoak zalantzari kapitulu bat eskaini zion, 1967an kaleratutako arte katalogo batean. Is fashion art? zuen izenburua, eta itaun horri erantzuten zioten garaiko pertsonaia nabarmen batzuek. Normal Norell moda diseinatzaile estatubatuarrak baietz zioen, modak «merezi» duela arte etiketa, baita Irene Sharaff antzerkirako eta zinemarako jantzi diseinatzaileak ere: «Artea esanda zeri egiten diozun erreferentzia, hor dago koska». Louise Nevelson eskultoreak, ingurumen eskulturaren aitzindariak, berriz, ezetz: «Arte izateko jantzia daramanaren adierazpidea izan beharko luke, ez jostunarena». Eta antzeko argudioa zerabilen Alwin Nikolai dantzari aurrerakoiak kontra agertzerakoan. Artean, ez bustitzea erabaki zuen Andre Courrege jostunak: «Ez nuke, behintzat, ez denik esango».

Artea zer den definituz gero, modak horren barruan lekurik duen argitzea errazagoa izan liteke. Eta bide horretan urrats batzuk egin zituen Courregek, giltzarrietako bat identifikatuz, Met-en arte katalogorako hau aitortzean: «Nire lanbidearen alde fribolo eta azalekoak mindu egiten nau askotan. Moda ez da helburua bere horretan, ez behintzat niretzat». Artea egiteko helburua artea bera da, eta moda diseinatzearena ez. Moda, oinarrian, janzteko da, gorputza babesteko. Eta lehen asmo horren gainean eraiki da beste guztia.

Katalogo hori bezain artxibo zaharretan murgilduta egiten du bere lanaren zati handi bat Miren Arzalluz historialariak. Modan espezializatua dago, Cristobal Balentziagaren gaineko ikerketa egin du, eta Getarian (Gipuzkoa) jostunari eskainitako museoko komisarioa izan da. Arzalluzen iritziz, gorputzaren abstrakziorako joerak eta moda kontzeptualak ekarri du eztabaida. Balentziagaren 60ko hamarkadako jantziak gorputzaren abstrakzioaren eta modaren autonomia artistikoaren lehenetariko adierazleak ziren Arzalluzen ustez. Eta 1970 eta 1980ko hamarkadetan hainbat diseinatzaile japoniarrek Parisera eramandako ikuspegi erradikalari ere garrantzia eman dio. Kenzo Takadak, Issey Miyakek, Yohi Yamamotok eta Rei Kawakubok silueta alternatiboak proposatu zituzten, forma abstraktuak eta kontu handiz kalkulatutako gorputzaren eta ehunaren arteko lasaiera —Miyakeren 1980 eta 1990eko diseinu batzuk Balentziagak 40 eta 50eko hamarkadetan aurkeztutako silueta kurbatuen antza dute—. «Diseinatzaile haien ekarpena, gorputzaren abstrakzioaren ingurukoa, modaren historiako ekarpen nagusietako bat izan da».

«Gorputzaren abstrakzioak eta jantziaren autonomia estetikoak gailurra jo dute XXI. mendean, aurrez azaldutakoaren eboluzio natural gisa», dio Arzalluzek. Egungo hainbat diseinatzailek gorputza eraiki egin dute, proportzio konbentzionalak alde batera utzita. «Badirudi zenbait diseinatzaile entzutetsuren arropak ez diola egunerokoak eskatzen duenari erantzuten. Ez du axola zenbateraino diren ez konbentzionalak. Horrek ez du esan nahi haien sorkuntzak ezin direnik soinean eraman, edo apropos erabili ezin izateko asmoarekin sortu zituztenik», argitu du moda historialariak. «Baina askotan nabarmena da arropok janzteko elementu edo merkantzia izateari utzi diotela, eta ez dutela beste asmorik, helbururik, arteak aldarrikatzen duen bezala», dio. «Egoera guztiz berri horrek eraman ditu asko moda artea dela esatera, arropak ez dituztenean merkantzia soil gisa diseinatu, eta haiekin aldarrikapen ideologiko edo artistiko bat egiten dutenean, edo aldarrikapen horrek jantzi-objektuan nagusitasuna duenean».

Moda, industria oparoa

Modaren lehen helburua janztea da, baina, eta horren gainean eraiki da beste guztia. Industria oso bat jaso da, zehazki. Eta ez nolanahikoa. Modaren Kontseilu Britainiarrak iazko irailean argitaratutako txosten baten arabera—The value of fashion (Modaren balioa)—, Erresuma Batuko ekonomiak urteko 21 bilioi libera zor dizkio modari; 37 bilioi, turismoa eta lotutako beste negozioak kontuan hartuta. Oxfordeko unibertsitateko ekonomialariek egin zuten ikerketa, eta ondorioztatu zuten modak 816.000 laguni ematen diola lana —herrialdeko lanpostuetatik %2,8 da hori—. Elikagai industria bezain handia da, higiezinenak sortzen dituen lanpostuen bikoitza sortzen du, eta autoenak, publizitateak eta telekomunikazioek elkarrekin sortzen dituztenen bikoitza.

Modaren presentzia nabarmena da Londresen, nonbaiten bada. Ez soilik Brick Lane auzoan bizi edo ibiltzen diren gazte modernoen janzkeran. Erresuma Batuan modaren inguruko hogei aldizkari baino gehiago dago, eta zenbatezinak dira gaia modu batera edo bestera jorratzen duten webguneak; urtean bitan antolatzen dute London Fashion Week —20 milioi liberako irabaziak sortzen ditu modaren asteak, Modaren Kontseilu Britainiarraren arabera —; institutu pribatuek eta sona handiko unibertsitateekarlorako berariazko formazioa eskaintzen dute; dela diseinuari lotutakoa, dela marketin sailekoa, moda kazetaritzari edo argazkilaritzari buruzkoa. Eta gobernuak sarri egiten ditu industriaren aldeko adierazpenak, haren estrategikotasunaz jakitun. Hau izaten da argazkia babes horren argazkia: Samantha Cameron, lehen ministro David Cameronen emaztea desfileetako lehen lerroan, Fashion Week-etan.

Diru asko mugitzen du modak, beraz. Eta hainbatentzat horrek sortzen du zalantza handiena arte etiketa jarri ala ez erabakitzerakoan. «Dirua da gakoa», dio bide horretatik Metropolitan museoko Jantzi Institutuko arduradun Harold Kodakek. «Diseinatzaile askok bere burua artista izendatzeari uko egiten diote, nahiz eta haien eta beste arlotako sortzaileen prozesuak antzekoak izan», azaldu zuen The Washington Post-i eskainitako elkarrizketa batean. «Artearen eta artisten inguruko ideia erromantikoa dugulako da hori».

Arteak diruarekin zerikusirik ez duela pentsatzea, baina, inozokeria da. Artprice etxearen joan den asteko txostena ikusi besterik ez dago kontrakoaz jabetzeko. Aholkularitza enpresaren arabera, 2013a izan da arte merkatuarentzat inoizko urterik onena. 8.737 milioi euroko artelan salerosketak egin zituzten iaz enkante etxeek, aurreko urtean baino %13 gehiagokoak, eta hori errematatzaileek eurek jasotzen dituzten komisioak kontuan hartu gabe —%15 edo %20 igo liteke zifra, erraz—. Bigarren mailako merkatuan saldutako artelan garestiena Francis Bacon margolariaren Three studies of Lucian Freud (1969) izan zen. 104.052.000 eurora heltzean entzun zen mailu hotsa Londresko Christie's etxean, eta margolana historiako artelan garestiena bilakatu zen. Andy Warhol pop artista dago kotizatuenen zerrendako bigarren postuan, Silver car crash (double disaster) (1963) pieza 77.049.000 eurotan saldu ostean, baita laugarren postuan ere.

Halako sailkapenetan ez da sekula falta izaten Pop Art-aren erreferente nagusietakoa. Baina Warhol merkatuarentzat gustagarria izateaz gain, berritzailea izan zen zentzu askotan. Eta lotura sendoa izan zuen arte munduarekin, bere lehen lanpostutik hasita; Glamour aldizkarirako zapatak marraztea izan zen bere lehen lana. Baina harago, estudioan bakarrik lan egiten duen jenioaren irudia hautsi, eta artistak lantalde bat izan dezakeela erakutsi zuen Warholek; areago, lantegi bat, The Factory. Eta horrek badu zerikusia modaren prozesuekin.

Egun Jeff Koons —Bilboko Guggenheimeko Puppy-ren aita—, Takashi Murakami eta Damien Hirst artistek ehunka lagun dituzte eurentzako lanean. Baita Giorgio Armani, Raf Simons (Dior) eta Alexander Wang (Balentziaga) diseinatzaileek ere. Erraza da esatea Lucien Freud britainiarraren Head in the Green Sofa margolana artea dela —2,9 milioi liberatan saldu zuen Sotheby's-ek otsailean—, ez, ordea, Nicholas Ghesquiere frantziarrak Louis Vuitton etxearentzat egin duen lehen bilduma —retrofuturista deitu diote adituek, eta klasikotzat jo dute, ekoitzi ere egin ez denean—, nahiz eta bi sortzaileak garaikideak diren, estudioan lan egiten duten, laguntzailez inguratuta, euren eremuan aitorpena eta kritikaren oniritzia duten, eta prentsaren arreta. Prozesuak antzekoak dira, baina ez emaitzaren balioa (balioa, ez prezioa).

Diseinatzaileak ala artistak

Diseinatzaileak artistak al dira?, da, beraz, jatorrizko galderaren eratorri naturala.«Moda ez da artea. Baina Yves Saint Laurent artista zen», zioen bide hori hartuta Pierre Bergek, diseinatzaile aljeriarraren bikoteak eta bazkideak, Artinfo-k egindako elkarrizketa batean. «Artista zen, Cristobal Balentziaga bezala. Edo Christian Diorren eta Coco Chanelen gisan». Azken horren aurkari handienak, Elsa Schiaparellik, eta Paul Poiretek ere artistatzat zuten beren burua.

Eta artistek egiten dutena ez al da ba artea? Eta horrexegatik baino ez al da artea? Definizioari buelta eman, eta baieztapen horretan oinarritu zuen bere iraultza Marcel Duchampek; hala justifikatu zituen bere ready made-ak. Artista frantziarrak egun oraindik duen erreferentzialtasuna aintzat hartuta, diseinatzaile batzuek egindakoari ez al dakioke dei artea? Ala Hussein Chalayanen diseinu kontzeptualak jantzi hutsak al dira?

Britainiar-zipretarra intelektualtzat jotzen dute diseinatzaileen artean, eta artista gisa ere badu ibilbidea. 2005ean Turkia ordezkatu zuen Veneziako Biurtekoan. Baina arropak diseinatzerakoan ere diskurtso kritiko bati jarraitzen dio. Moda lengoaia dela dio, — «gizakiaren eraikuntza da, eta kode bat»—, Roland Barthes teoriko eta filosofoak The fashion system (1984) lanean zioenaren haritik. «Ez dut uste pentsamendu kritikoa edo diskurtsorik dagoenik modan», iritzi dio Chalayanek, Another.com webguneari adierazi dionez. «Akademiko batzuek diskurtso bat balitz bezala begiratzen diote modari, baina ez dute korronte nagusia osatzen. Ez daukate, gainera, diseinatzaileekin oso harreman estua».

Diseinatzaile askok, nahiz eta hausnarketa intelektualetik ez abiatu, performancea eta instalazioa baliatzen dituzte desfileetan beren fantasia mundua islatzeko, arteari baliabideak ostuz. Alexander McQueenek, 1999ko udaberri/udako bildumaren aurkezpenean, artean bizirik zela, ibiltokian egindakoa da ziurrenik ezagunena. Robot batzuek koloretako espraiekin margotu zuten Shalom Harlow modeloak zeraman soineko zuria, mihisea balitz bezala.

Modara lotutako artistak

Badago modatik edaten duen artistarik ere. Warhol bera, edo Marina Abramovic. Cindy Sherman ere sar liteke akaso multzoan. Eta, noski, elkarlanean jarduten duten diseinatzaileak eta artistak daude. Ez da gauza berria. Schiaparelli surrealistak Salvador Dali are surrealistagoarekin lankidetzan sortu zuen 1937an abakando-soinekoa. Eta adibide garaikideagoak ere badaude. Marc Jacobsek Louis Vuittoneko zuzendari artistikoa zela aurrera eramandakoak dira ezagunenak. Eta Yayoi Kusamaren puntuz beteriko unibertsoa eraman zuen Jacobsek 2012ko udazken/neguko bildumara. Miuccia Pradak, berriz, Miles El Mac McGregor, Mesa, Gabriel Specter eta Stinkfish muralgileen eta Jeanne Detallante eta Pierre Mornet ilustratzaileen laguntzarekin osatu zuen 2014ko udaberri/udarako bilduma, In the heart of the multitude (Jendetzaren bihotzean).

Artearen eta modaren arteko geruza oso iragazkorra da, beraz. Bata bestearen eremuan sartzen da askotan. Eta modu nabarmenean gertatu da hori artearen santutegietan, museoetan.

Oraintxe bertan modarekin lotutako dozenaka erakusketa daude ikusgai munduko museoetan, eta zer esanik ez arte galerietan edo merkataritza gune handietan. Fashion rules inauguratu dute Londresen, Kensington Palacen; Hello, My name is Paul Smith ikusgai dago Diseinuaren Museoan, diseinatzaile britainiarrari buruzko atzera begirakoa; otsailaren amaieran bukatu zen Club to catwalk Victoria and Albert museoan, eta jada salgai dituzte apirileko erakusketarako sarrerak webgunean; The glamour of italian fashion. 1945-2014. du izenburua. Somerset House ere erakusketa artean dago. Egun eskas itxi zituen ateak Isabella Blow: Fashion galore!-ek, eta ekainean zabalduko dute Return to rudeboy. National Portrait Galleryn, artean, Bailey's stardust dago ikusgai, David Bailey moda argazkilariaren lanak.

Zerrenda amaigabea da Erresuma Batuko hiriburuan. Eta antzekoa da Parisko edo New Yorkeko panorama ere, Metropolitan museoak urtero antolatzen duen moda erakusketa handitik hasita. Baina joskintzaren gune neuralgikoetatik urrun ere joerak badu isla. Bilboko Guggenheimek Armaniren atzera begirakoa egin zuen 2001ean, eta Arte Ederren Museoan erakutsi zituzten Cristobal Balentziagaren jantziak 2010ean. Gainera, Getarian dago modari oso-osorik eskainitako zentroetako bat: Cristobal Balentziaga Museoa.

Museoak sakralizatzen du objektu bat artelan gisa, estatus hori ematen dio, eta artearen historiara pasatzen da hala. Historia ofizialera, behinik behin. Askorentzat, beraz, museoan dagoena da artea, nahiz eta gero «hori artea al da?» esanez atera erakusketa batetik. Museoek moda erakusteko joerarekin jarraitzen badute, are gehiago lausotuko da askorentzat bi diziplinen arteko lerroa.

Eta batzuk ernegatu egingo dira, Mario Vargas-Llosa idazlea bezala. «Moda artea, literatura eta musika ordezkatzen ari da, erreferente kultural gisa», esan, eta gizartea «gainbeheran» zela gehitu zuen 2012an. Beste batzuek, ordea, nahiago dute moda onarpen prozesu batean murgilduta dagoela sinetsi, beste hainbat diziplina egon den bezala. «Tradizioz, kultur ekoizpeneko forma jakin batzuk onartu dira arte gisa: maisu handien margoak, musika klasikoa. Ondoren, beste diziplinek etiketa hori bera irabazi dute, pixkanaka; zinemak, argazkilaritzak eta jazzak, kasu», dio Valerie Steel historialariak. «Moda trantsizio horretan dago». Iritzi horri, baina, Martin Margielarena gainjar dakioke: «Moda inspirazioa da, eskulana, ezagutza teknikoa, eta ez, gure iritziz, artea». Eta horri berriz justu kontrakoa diotenena. Eztabaida mahai gainean da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.