Albistea entzun

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Erreportajea

Zubia oroitzapenetan barrena

Bi belaunaldi, Josu Muguruza HBko diputatuaren oroitzapenak lotuta: Ane alaba (aita hil ondoren jaiotakoa) eta Iñigo Iruin (laguna hiltzen ikusi zuen burkidea). Biak dira Josu Muguruza orainarekin lotzen duten zubia.
Ane Muguruza eta Iñigo Iruin, biak Amaiur koalizioko hautagai, Bilbon.
Ane Muguruza eta Iñigo Iruin, biak Amaiur koalizioko hautagai, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Pello Urzelai -

2011ko azaroak 18 - Bilbo

Jaio orduko, Ane Muguruzaren lehen bidaiak Amaiurrera izan behar zuen. Gurasoen nahia hori zen, Josu Muguruza eta Elena Bartolomerena; haurra jaio ondoren hirurok egin behar zuten lehen irtenaldiak Amaiurrera izan behar zuen. Ane jaio baino hamazazpi egun lehenago, Josu Muguruza hil zuten Madrilen, azaroaren 20an, HBko hautetsien kontrako Alcala hoteleko atentatuan. Ezinezko bilakatuko zen nahiari jarraituz, Josuren errautsak Amaiurko oroigarriaren ondoan haizatu ziren, 1989ko azaro hartan. «Nire aitaren errautsak bertan dira, eta urtero joaten gara, urtean behin, beti azaroan, orduko lagunak eta oraingoak. Aitaren parte balitz bezala hartzen dut Amaiur».

Esanahi handiko tokia zen Amaiur Josu Muguruzarentzat. Horregatik, HBko mahaikide bihurtu zenean, 1988an, Mahai Nazional berria Amaiurren bertan aurkeztu zuten. Aurkezpen hartan, Iñigo Iruin mahaikide, abokatu eta Josuren lagun mina ere izan zen. Iruinek ez zuen imajinatuko orduan urte bat geroago itzuliko zela toki hartara lagunaren errautsak haizatzera. «Egun hori betiko memorian gelditzen zaizu. Amaiurren, independentziaren ikurraren ondoan, nik hor egin nion Josuri agurra, agur pertsonala. Lagun minak ginen, urte askotan elkarrekin lan egin genuen».

Ez Ane Muguruzak ez Iñigo Iruinek ez zuten inoiz imajinatuko Amaiur izeneko koalizio bateko hautagai bilakatuko zirenik, aita eta lagunaren ametsari jarraituz, bala batek zapuztutako ametsari jarraipena emanez. Josu Muguruza HBren Bizkaiko zerrendako hirugarrena izan zen 1989ko urriaren 29ko hauteskundeetan. HBk bi diputatu lortu zituen Bizkaian, eta bigarrenak, Tasio Erkiziak, akta jasotzeari uko egin zionez, Josu Muguruza joan zen Madrilera akta jasotzera, Jon Idigoras, Iñaki Esnaola eta Itziar Aizpurua diputatu hautatuekin eta Iñigo Iruin, Jose Luis Elkoro eta Jose Luis Alvarez Enparanza Txillardegi senatari hautatuekin batera.

Hogeita bi urte geroago, Ane Muguruza Amaiur koalizioaren Bizkaiko zerrendako bosgarrena da Kongresurako, eta Iñigo Iruin, Gipuzkoako seigarrena. Katea ez da eten. «Eskaini zidatenean, Josuk hasitako bideari jarraipen bat emateko aukera polita ikusi nuen», aitortu du Ane Muguruzak.

1989ko azaroaren 20a

Koalizioaren izenak, ezinbestean, Ane Muguruza eta Iñigo Iruinen oroitzapenak Josurengana eramaten baditu ere, are gehiago hauteskunde egunak berak. Igandean 22 urte beteko dira Josu Muguruza hil zutenetik Madrilen. Eta 27 urte Santi Brouard hil zutenetik Bilboko kontsultan. Iruinen oroitzapenetan bereziki zizelkatuta dago 1989ko azaroaren 20ko egun hura. «Madrilera autoz joan ginen; Itziar Aizpurua zorabiatu zen bidean, eta gelditu behar izan genuen. Gero, Jose Luis Elkororekin Auzitegi Nazionalera joan nintzen, Carlos Buerenen aurrean deklaratu behar zuelako. Gero, Kongresuaren ondoko hotel batera, eta han eman genuen prentsaurrekoa...». Berehala datozkio burura Iruini egun hartako xehetasunak, baita Josu Muguruzak zeraman jertsearen koloreak ere, eta prentsaurrekoan esandakoa. Prentsaurrekoa amaituta, Kongresuko atarian, hautetsien familia argazkia egin zuten. Azken argazkia Josurekin. Kreditazioak egin zituzten ondoren. Iruin Elkororen autoa hartzera joan zen Auzitegi Nazionalaren ondoko parkinera, eta Alcala hotelera abiatu zen. Hara iristean, lagunarekin egin zuen topo. «Hoteleko garajera sartzean Josurekin topo egin nuen, espaloitik zetorrela. Garajera elkarrekin sartu ginen; elkarrekin hartu genuen gela. Gero, bazkaltzera joan ginen, eta hurrengo egunean zer egingo genuen hizketan aritu ginen. Gelara itzuli ginen. Ni Carabanchelgo espetxera joan nintzen, preso batzuk bisitatzera, eta Josu gelan gelditu zen; esan genuen, badaezpada, hobe zela ez ateratzea hoteletik. Josu han gelditu zen gelan, ohean sartuta, Europako sozialismoari buruzko liburu bat irakurtzen».

Iruin hotelera itzuli zenean, zortziak aldera, hautetsi guztiak elkartu ziren bien gelan, hurrengo egunean zin egiteko formularekin zer egin zehazteko. Eztabaidan agertu ziren hiru aukerak idatzita utzi zituen Josu Muguruzak, gutun-azal handi batean, agiriak aurkezterakoan Kongresuan eman zioten 343 zenbakidun gutun-azal hartan. Azken ohar haiek maitasunez gordeak ditu Iruinek bulegoan, Elena Bartolomek oparitutako oroigarri batean.

«Gero, afaltzera jaitsi ginen», heldu dio berriro Iruinek egun hartako kontakizunari. «Ni punta batean nengoen; nire ondoan Ramon Uranga, eta ondoan Josu. Zin egitearen kontuarekin ari ginen, ea zer egin hurrengo egunean. Momentu hartan, irratiarekin nengoen, Hora 25 entzuten, Felix Pons Kongresuko presidente izateko hautagaia zena elkarrizketatu behar zutelako. Eta orduan gertatu zen dena».

Ane Muguruzak arreta handiz entzun du Iruinen kontaketa. Lehen aldiz ari zen entzuten egun hartako pasarte batzuk. «Egunaren kronika ez neukan entzunda». Hilketaren momentua, kontatuta eta irakurrita, ezaguna du, baina egunaren joan-etorria entzun gabe zeukan. Horrelako lekukotasunei esker osatuz joan da Ane Muguruza aitaren oroitzapena. «Jendeak kontatzen didalako gogoratzen dut. Eskertzen dut. Amak kontatzen dit, etxean beti kontatu didate, baina jende ezberdinaren oroitzapenekin osatzen dut aitaren figura. Joan den larunbatean, aitarekin eskolan egon zen bat etorri zitzaidan, zine-foruma antolatzen zutela kontatzen; ilusioa egin zidan eskola garaiko oroitzapenak entzuteak».

1989ko azaroaren 20ko gau hartan, bi gizon armatu sartu ziren Alcala hoteleko jantokian, eta tiro egin zuten HBko hautetsien eta haiekin batera afaltzen ari ziren Egin egunkariko Ramon Uranga, Xabier Oleaga eta Teresa Todaren kontra. Josu Muguruza hil zuten, eta Iñaki Esnaola larriki zauritu. Gainerakoak ez ziren zauritu.

Katea ez da eten

Oroitzapenak oroitzapen, Ane Muguruzak aitaren lekukoa hartzen ari dela sentitzen du. «Gauza bera esatera goaz. Benetan gure herria aitortzeko eta gure herriaren eskubideak errespetatzeko eskatzera goaz. Aitak gauza bera eskatuko zuen Madrilen».

Iruinek, berriz, Josu Muguruzaren belaunaldiaren lekukoa Aneren belaunaldiaren esku uzten ari dela sentitzen du. Bi belaunaldiren arteko zubi lana egiten ari dela. «Josu eta biok diputatu eta senatari taldeko gazteenak ginen. Haietako batzuk 1986ko hauteskundeetan hautatu zituzten (Iñaki Esnaola, Itziar Aizpurua, Jon Idigoras eta Txillardegi). Urte haietan, ezker abertzalearen zuzendaritzara gehitutako 'belaunaldi berriaren' parte ginen». Belaunaldi berri hori Xibertako porrotaren eta estrategia politiko-militarrean oinarritutako ondorengo fasearen eraginpean murgildu zen jarduera politikoan, baina, aldi berean, «fase hori ixteko eta egun gauden ziklo berria irekitzeko ardura eta konpromisoa zuen». 35 urte geroago, Iruinen ustez, belaunaldi horrek lekukoa beste batzuei pasatu behar die, ezker abertzalearen zuzendaritzan urte batzuk daramatzatenei, eta Aneren belaunaldiari, «azken hamabost urteetan estatuaren zapalkuntza jasan duen gazteria horri». Lekukoa eskuz esku doa. «Duela 22 urte Josurekin batera egon izanak eta orain Anerekin Amaiurren zerrendetan batera egoteak argi islatzen du helburu politiko berberen defentsan eta borrokan jarraipena badagoela», nabarmendu du Iruinek. «Ez daukat zalantzarik Josuk parte hartuko zuela fase berri hau irekitzean, eta ilusio handia izango zuela Euskal Herriaren nazio eraikuntzarako irekitako aurreikuspen berriekin».

Lekukoa hartzeko prest eta baikor da Ane Muguruza. Amaiurren emaitzak onak izango direlakoan dago. «Ilusioa daukat; zazpira ailegatuko garelako esperantza daukat». Eta jakitun da independentziaren helburua lortzea bere belaunaldiaren ardura izango dela. «Gazteek belodromoan egin zuten agerraldian argi esan zuten gazteen oihua independentzia dela. Azken urteotan gazteria zapaltzen aritu dira gogor, eta horrelako erantzuna emateak indartzen zaitu».

Iruin bat dator. «Azken urteotan gazteriaren kontrako ofentsiba ikaragarria izan da. Gazteria probatu dute. Baina ikusita nolako indarrarekin eta borrokatzeko nolako grinarekin dauden, gakoa izango dira». Izan ere, Amaiurren zeregina independentziaren «bide luzearekin» lotuta ikusten du Iruinek.

1989an, berriz, ezker abertzalea Madrilera joan zen elkarrizketa eta negoziazioaren aldeko mezuarekin, hain zuzen ere, Aljerko elkarrizketak hautsi eta zazpi hilabete geroago. «Goiz hartan eman genuen prentsaurrekoan, Iñaki Esnaolak eta Josu Muguruzak ere diskurtso hori izan zuten: honek negoziazioaren legegintzaldia izan behar du, elkarrizketa berria sortu nahi dugu, Aljerko elkarrizketa mahaia berreskuratzeko eskatzen diogu gobernuari...».

Amaiurren eginkizuna bestelakoa litzateke, Iruinen ustez. «Hasieratik, hiru gauza egin behar ditu: independentziaren bideragarritasuna azaldu, independentziaren eskubidea justifikatu eta independentzia prozesu baten ibilbidea marraztu. Pixkanaka, presarik gabe, baina elementu horiek gorpuztuz».

Ordubetez oroitzapenak eta gogoetak harilkatu ondoren, elkar agurtu, eta etxerako bidea hartu dute, zubi batean barrena.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sare Herritarrak antolatutako manifestazioa, Bilbon. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Baldintzapean aske geratu da Jesus Mari Gomez euskal presoa

Iosu Alberdi

Gomezek 22 urte eta erdi egin ditu espetxean. 2021eko irailetik hirugarren graduan zegoen.

'Mozal legearen' aurkako protesta bat Gasteizen, iazko otsailean. ©Jaizki Fontaneda / Foku

'Mozal legea' aldatzeko txostenak aurrera egin du, ERCk bide emanda

Jon O. Urain

Espainiako Kongresuko Barne Batzordean eztabaidatuko dute gaiaz, baina orain arteko testuak aurrera egin du desadostasunak dauden lau puntuetan ados jarri gabe.

Ikasle Abertzaleen agerraldia, atzo, Gasteizen. ©BERRIA

IAk salatu du 34 ikasleri espedientea irekiko dietela

Berria

Manifestazio bat egingo dute otsailaren 16an Gasteizen, besteak beste, EHUn «kontrol soziala amaitu» dadin

<em>Mozal legearen</em> aurkako protesta bat, iazko otsailean. ©ELOY ALONSO / EFE

'Mozal legearen' erreforma ahalbidetzeko eskatu die PSOEk EH Bilduri eta ERCri

Xabier Martin - Jon O. Urain

Gaur batzartuko da Herritarren Segurtasunerako Espainiako Legea aldatzeko lantaldea. EH Bilduk ez du onartuko erreforma «light» bat

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.