Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala

Eta bat-batean, Andoni

Txapelketako ustekabea eman du Andoni Aretxabaletak. Ondo konplitu du txapeldunaren alboan. Urtebetean hirugarren partidetatik binakako finalera pasatu da. Berezkoa duen naturaltasunez azaldu du garapen hori.

Andoni Aretxabaleta Asegarceko pilotaria aste honetan, Markina-Xemeingo erdigunean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Markina-Xemein
2014ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Zaila da gero Andoni Aretxabaletarekin gaizki konpontzea (Markina-Xemein, Bizkaia, 1992). Umorea eta aldarte ona transmititzen duten pertsona horietakoa da. Izaera irekikoa, kristal bat bezain gardena. Iritzia ematen ez da atzean geratzen. Zentsura gutxi egiten dio bere buruari. Garaia bezain atsegina da Markineku morroskoa —1,92 metro da luze—. Lehen pilotakadak Zumarragako sendiarekin jo bazituen ere (Gipuzkoa), haren euskalkiaren musika entzun bezain laster asma daiteke non jaiotakoa den. Herrian kafea hartzeko tokiaren bila osteratxoa egin, eta makina bat jende agurtu du. «Herri txikia da, eta denok ezagutzen dugu elkar. Ni ondo moldatzen naiz denekin, eta jendea atsegina da. 'Hau edo beste; hura egin behar duzu', esaten dizute. Hemen afizio handia dago, izan zesta-punta, izan esku pilota. Jende asko joaten da beti pilotalekura. Eta nik asko eskertzen dut babes hori». Finalera ere Markina-Xemeindik jendetza joatea espero da.

Garai gozoan da Aretxabaleta. Ez du ezkutatzen. Hilabete gutxian bere bizimoldea erabat aldatu da; «bat-batean», aitortu du. «Txapelketan sartzeko aukera eman zidaten, eta dena kolpetik etorri zen: kazetariak, prestaketa berezia… Baina gustura hartzen da. Duela sei hilabete ezinezko ikusten nuen txapelketan egotea, eta begira non nagoen. Aimarrekin [Olaizola] jokatzeak sekulako ilusioa egin dit. Ohorea da; nik ezagutu dudan pilotaririk onena da. Enpresari zer eskertua badut, eta aukera baliatu nahi dut».

Azken hilabeteek zerikusi gutxi izan dute atzelariak profesionaletan eginiko lehen bi urteekin. «Bi urte txar izan ziren. Konfiantzarik gabe nengoen. Entrenatu egiten nintzen, baina ez nuen emaitza onik lortzen. Ez aurrera, ez atzera, geldi; hala nengoen. Buruari bueltak ematen hasi nintzen, gertatzen zitzaidanarekin arduratuta. Eskuekin ere arazoak nituen… Zerbait aldatu behar nuen».

Eta zer aldatu zuen? «Prestatzeko modua». Josetxo Areitio prestatzailearekin eta Iurretako multzoarekin hasi zen entrenatzen duela urte eta erdi, Asegarceko pilotari bizkaitarrekin: Pablo Berasaluze, Mikel Urrutikoetxea... «Hobekuntza hortik datorrela uste dut. Lehen gimnasio asko egiten genuen, eta orain, ezer gutxi. Jauziak, mugimenduak, lasterraldiak… Arinago nago, sasoi oso onean. Gehiago ere zaintzen naiz, goserik pasatu gabe. Etxean jarritakoa jaten dut, eta noizean behin txerrikeriaren bat ere bai, baina tentuz». Ezaguna da Logroñoko jaialdi baten aurretik arkumea bazkaldu eta frontoira lepo joan zeneko pasadizoa. Gorputzean ere nabari zaio aldaketa; giharreriak behera egin dio, baina gorpuzkera findu zaio. Eskatutako kafe ebakiari ere ez dio azukre askorik bota. Tako berri batzuekin asmatzeak ere lagundu dio. Hala ere, ez da oilartzen. «Badakit zer maila dudan, non nagoen, zein tankeratako partidak joka ditzakedan eta txapelketan zergatik ari naizen». Umorearekin batera zentzua ere ikusten zaio.

Pilota zainetan sartu ziona osaba izan zen, Eitza Zumarragako auzoko elizako portikoan. Han hasi zen jokatzen, 6-7 urterekin, Markinako klubera jauzia eman aurretik. Amaren sustraiak gipuzkoarrak dira, eta aitarenak bizkaitarrak. «Familia erdia Realekoa da, baina ni Athleticen zalea naiz. Baina amorraziorik gabe». Txapela irabazten badu, presta dezatela ohorezko sakea San Mames berrian. «Ez naiz horrenbestera helduko», erantzun du umil. Gurasoek pilotarako afizioa dute, eta alde horretatik asko zor die. «Haiek gabe ez nintzen pilotari izango». Baina esker zerrenda luzea du: «Familia, Unai Iglesias umetatik hartu gintuen Markinako elkarteko entrenatzailea, Serafin Ibarra presidentea, Xabi Urberuaga, Tolosakoak: Galarraga, Lazkano, kide guztiak… Eta Arrieta, beti bikote eginez ibili gara». Planta sendokoak ziren biak, eta beheko mailetan makina bat txapela irabazitakoak dira.

'Txato'-rekin gora eta behera

Finalera iritsiz gero, pilota aukeraketara zaldi gainean joango zela esan zuen telebistan. «Zaldia ni baino ezagunagoa da dagoeneko!». Txato du izena, eta dardarka zegoen, baina amnistiatu egin du zeregin horretaz. «Asto itxurako zaldi zahar bat da, eta egunero joaten natzaio bisitan: jaten ematera, kasu egitera… Final egunean ere joango naiz, baina ez da erritual bat. Nik ezin dudanean aita joaten da, eta hango baserritarra. Animaliak gustatu eta erdi debalde ematen zizkigutenez, zaldia hartu nuen. Hark ez du ezer esaten, jan eta lerdea bota soilik. Kuadrillan ere beste asto bat zaintzen dugu, baserritar batek du. Ni ez naiz koadrilako astoena».

25 laguneko kuadrilla du, tartean AEBetan ari diren bi puntista: Azpitarte eta Salegi. Lagun multzo mundiala dirudi. «Lokala badugu, partidak ikusteko-eta, mahai tenisean jarduten dugu, musean… Dena den, eguraldi onarekin, nik nahiago dut kanpoan ibili. Ez dakit pankartarik prestatu duten, baina parranda antolatzen badute, nahikoa. Galdu edo irabazi badago zer ospatua. Hor 22ra ziur iritsiko garela».

Sakelakoan euskal musika darama, trikitia, Gozategi eta klasiko batzuk, «plaza musika, oro har», dantza taldean ere luze jardundakoa baita: «Debutatzean utzi nuen. Gustatzen zitzaidan; kanpora eta irtendakoa naiz. Jende premia balego eta deituko banindute, ni berriz prest nengoke plazara irteteko». Afizioak azaltzean, baina, kirola azaleratzen da, zaldiaz gain: «Mendia, zesta-punta, oso gustuko dut, txirrindularitza… eta rallysprintak. Hemen, Markinan, afizio harrigarria dago motor kontuekin». Legenda urbanoak dio Markinako jendeak autoak alokatzeko arazoak izaten dituela bertako gidariek duten ospearengatik. «Hori hala da», dio. Bere ezagun bati pasatu omen zitzaion.

Kuadrillan aurkitu du egun hauetarako aterpea, finala ia solasaldi guztietako gai bakar bilakatu baita. Ahalko balu, bihar bertan jokatuko luke, baina patxadaz darama itxaronaldia, umoreko. «Nik ez dut presiorik sumatzen. Nire lehen urtea da, finalean naiz…». Patxada harrigarria du, eta galtzen duenean seko lo egiten du. Bere enpresakide eta aurkariek ere hori nabarmentzen dute. Berezko graziarekin deskribatu du: «Pozik bizitzeko ez dut askorik behar: lagunekin egon, pilotan… Ni ez naiz pertsona serioa. Adar jotzailea naiz, eta niri jo diezadaten ere onartzen dut. Baina, tira, aldagelan asko dira isilik gelditzen ez direnak, Ekaitz Saralegi, bizkaitarrak... Eta Aimar bera ere bai, ez pentsa».

Olaizola II.a aipatu eta lore zerrenda hastea, biak bat dira. «Dena du: dohainak, jokoa, ahal fisikoa… eta burua. Une bakoitzean zer egin behar duen ondo daki, eta horregatik da onena. Beste mundu batekoa dirudi. Harekin lasai jokatzen duzu, pilota txarrak kentzen ditu, eta onak utzi, eta, gainera, tantoa bukatu egiten du». Harreman pertsonal ona josi dute azken hilabeteetan. Aretxabaletak kasu egiten dio. «Trankil egoteko esaten dit, entrenatzeko, masajea hartzeko… harreman on hori igarri egiten da kantxan». Euskara batuak batzen ditu, eta gaztea pragmatikoa da hizkuntz kontuetan. «Markinarrez egiten badiot, ez dit ulertuko, kar, kar… Badaezpada ere, ni moldatuko naiz haren euskarara».

Solasaldi hasieran eskatutako kafea hoztu egin da, eta gai serioa jorratzeko ordua iritsi da. Kazetariaren galdera: Andoni, ba al dakizu zenbat urte diren pilotari bizkaitar batek ez duela Lehen Mailako txapela bat irabazten? «Askotan irakurri dut data azken astean, eta badakit Roberto Garcia Ariño izan zela azken txapelduna». 1981ean izan zen; «33 urte, lekutan dago hori», esan du boteprontoan. «Tira, hor dagoen gauza bat da. Pablitok [Pablo Berasaluze] iaz ez zuen zorterik izan, ezta Oier Zearrak ere duela urte batzuk. Baina, tira, nik ez badut irabazten, hor beste asko daude: Urrutikoetxea, Berasaluze...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.