Komunikazioa

Ongietorria 2013ari, umorez

Hamaikan eta ETB1en Kupela musika taldearen kontzertu bana izango da ikusgai Urtezahar gauean
Kupelaren kontzertu batekin hasiko dute urtea Hamaika Telebistan. ETB1en <em>Kontuz, atsuak</em> saiokoek emango dituzte kanpaikadak.
Kupelaren kontzertu batekin hasiko dute urtea Hamaika Telebistan. ETB1en Kontuz, atsuak saiokoek emango dituzte kanpaikadak. GARI GARAIALDE /AGP.-ETB

Urtzi Urkizu -

2012ko abenduak 30
Ohi bezala, umorez eta kantuan emango diote urteari ongietorria telebista kateek. Honatx kate bakoitzean prestatutako eskaintza:

Hamaika

Txillardegiri Donostian ezker abertzaleak egin zion omenaldia izango da urteko azken emanaldia (22:30). 2013. urtea, berriz, Kupela musika taldeak Lasturren eman zuen kontzertu batekin hasiko dute (00:15). Urteberri egunean, 15:00etan, neska-mutikoek Hipo eta Tomax pailazoen Sukaldean ikuskizunarekin gozatzeko aukera izango dute.

ETB1

ETB1en Kontuz, atsuak saioko Maikruxek eta Marikarmenek emango dituzte kanpaikadak. Gau horretarako prestatutako 30 urte Gozaaaaatzen! umore saioan, Pello Zabala Arantzazun jaso, eta Euskal Herriko hainbat herritan ibiliko dira atsoak, autobusean. Autobus horretako gidaria Julian Iantzi izango da, eta DJa, Joseina Etxeberria. 00:35ean, Kupelak hartuko du erreleboa. Urtarrilaren 1eko gauean, berriz, Telmo Esnalen Urte berri on, amona! filma estreinatuko dute (21:50).

ETB2

Umorezko bi programa jarri dituzte elkarlanean, urteari agur esateko saioan: Vaya semanita eta Al rescate. Javier Garcia de Bikuñaren gidaritzapean aritu dira Que pim que pam txipirona programa prestatzen (23:00). ETBko gaztelaniazko katean ere Bilboko egoitzan emango dituzte kanpaikadak, eta honako hauek izango dira aurkezleak: El Pelanas (Alejandro Tejeria), El Jonan (Javier Anton) eta Africa Baeta Teleberri-ko aurkezlea.

ETB3

Urteko lehen emanaldia Go!azen telesaileko atal bat izango da (23:45etik 00:30era).

La1

Anne Igartiburu eta Imanol Arias arduratuko dira Puerta del Soletik kanpaikadak emateaz; Igartibururentzat zortzigarren aldia da, eta Ariasentzat, aurrenekoa. Aurretik, Hotel 13 estrellas 12 uvas umore saioa egingo du Josema Yustek.

La2

Juan Carlos Ortegak gidatuta, Campana2 saioko ikus-entzuleek kanpaikada alternatibo eta bereziak emango dituzte.

Antena3

Carlos Sobera bizkaitarrak emango ditu kanpaikadak, Paula Vazquezekin batera. Aurreneko aldiz ez dute topa egingo cavarekin, garagardoarekin baizik. Ondorengo saio bereziaren gidaria beste euskal herritar bat izango da: Jorge Fernandez. Anna Simon izango du laguntzaile.

Tele5

La que se avecina telesaileko hiru aktore arduratuko dira urte berriari ongietorria ematen: Jordi Sanchez, Pablo Chiapella eta Vanessa Romero.

La Sexta

Alberto Chicote sukaldariak eta Sandra Sabates aurkezleak emango dituzte kanpaikadak. Urtea zinemarekin hasiko dute, Gremlins filmarekin.

TF1

Arthurrek aurkeztutako Le 31, tout est permis avec Arthur saioarekin amaituko dute urtea (20:50etik 00:25era).

France2

Le Plus Gran Cabaret du monde sur son 31 saio berezian gonbidatu ugari izango dira, 20:45ean.

France3

Bihar gauerdian musika klasikoa izango da entzungai.

Arte

Urtea amaitzeko John Hustonen Moulin Rouge filma emango dute, 21:05ean. Gauerdian kabaretei buruzko lan bat emango dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna