Iñako Gurrutxaga. 'EITB Nahieran' proiektuko arduraduna

«Herritarrek edukiak berrerabiltzeko aukera izatea da hurrengo erronka»

Edurne Ormazabal EITB.com-eko zuzendaria, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Alberto Surio EITBko zuzendaria atzo Bilbon <em>EITB nahieran </em>plataformaren aurkezpenean.
Edurne Ormazabal EITB.com-eko zuzendaria, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Alberto Surio EITBko zuzendaria atzo Bilbon EITB nahieran plataformaren aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

U.U. -

2011ko ekainak 15
Eitb.com-eko entretenimendu edukien zuzendaria da Iñako Gurrutxaga (Tolosa, Gipuzkoa, 1966). Duela bi urte hasi ziren EITBn proiektua sortzeko asmoa aztertzen.

Zer helbururekin sortu duzue EITB Nahieran proiektua?

Ikusita erabiltzaileen joerak eta ohiturak zein ziren, argi ikusi genuen ezinbestekoa zela plataforma bat sortzea jendeak edukiak nahieran ikusteko. Helburu nagusia da talde publiko batek almazen handi bat jartzea herritarren eskura, edukiak nahi duten eran eta moduan entzuteko eta ikusteko. Euskarazko edukien plataformarik handiena da. Nire erronka nagusia da etorkizunean edukiak berrerabiltzeko aukera egotea.

Eduki horiek ondo ikusiko dira sakelako telefonoetan eta tabletetan?

Bai, oso ondo ikusiko dira. Gainera, hemendik gutxira Android sistema eragilea duten telefonoetarako eta iPhonetarako aplikazio berezi bat aurkeztuko dugu. Bigarren fase batean iPadeko aplikazioa helduko da, baina Appleren zain gaude. Oraingoz, Eitb Nahieran flash-ekin doa, eta hor Appleko erabiltzaile batzuek izango dute muga.

Etorkizunean hartzaileak izango al du aukerarik webguneko edukiak hartu eta berrerabiltzeko?

Orain emango dugun aukera da edukia hartu eta norberaren blogean edo webgunean txertatu ahal izatea, embed kodea kopiatuz. Benetako urratsa litzateke edukiak deskargatu ahal izatea. Eduki batzutan hori egin nahi dugula erabaki dugu, baina arazo juridikoak daude tartean. Egile eskubideak direla eta, ezin da deskargatzeko aukera eman. Tabakalerarekin batera aztertzen ari gara gai hori nola konpondu.

Herritarrek zenbait eduki plataformara igo daitezen eskatzeko aukera izango dute, ezta?

Bai. Plataforma hiru alorretan zatituta dago. Azalean, telebista emanaldiaren streaming-a dago. Bigarren zatian, azken zazpi egunetako programazioa osorik dago. Eta hirugarrena artxiboa da. Artxiboan, batetik, albistegiak ari gara igotzen; atzera goaz 1998. urtera arte. Programetan mantsoago goaz, 2004. urte inguruan gaude. Kirol emanaldi historikoak ere ikusi ahalko dira, tartean 80ko hamarkadako lehen urteetakoak. Eta, bestetik, zabaldu dugu hirugarren bide bat non erabiltzaileek aukeratuko dituzten igo nahi diren edukiak. Jendearen nahiak ezagutzeko ere aukera bat emango digu horrek.

Luze gabe euskarazko edukiak ingelesezko azpidatziekin jarriko dituzue.

Hori bigarren fase batean iritsiko da. Plataforma hau oso indartsua da euskarazko edukiak edonora zabaltzeko. Gure herriaren eta gure kulturaren edukiak nazioartean zabaltzeko ere egokia izan daiteke. Horregatik, hainbat eduki ingelesezko azpidatziekin jarriko ditugu, edozein herritako ikusleek aukera izan dezaten gure errealitatea ezagutzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna