Hezkuntza. Unibertsitateko murrizketak. Iñaki Goirizelaia. EHUko errektorea

«Kezkarik handiena da ezin dugula egin irakasle eta langileen kudeaketa»

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Aurreko gutuna ez zuen erabat bere egin, baina oraingoa babestu du Iñaki Goirizelaiak (Mungia, Bizkaia, 1958), EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak. Espainiako Gobernuaren neurrien aurkakoa da eskutitza, Eusko Jaurlaritzaren murrizketen aurkakoa baino gehiago. Negoziatzen ari dira hurrengo unibertsitate plana.

Zergatik orain murrizketen aurkako gutuna?

Espainiako Gobernuak esan du —eta hemen ere entzuten dugu— egoera ekonomikoa aldatzen ari dela. Datu batzuk ere badaude mahai gainean, nahiz eta langabezia gero eta handiagoa izan. Gobernuek esaten dute gauzak aldatzen ari direla. Neurri horiek hartu ziren momentu konkretu batean, eta, gure ustez, momentu hartan zeuden baldintzak aldatu badira, ailegatu da unea esateko hartutako neurriak kendu behar direla. Eragin handia eduki dute unibertsitateetan. Etorkizuna baldintzatzen dute. Urte bi asko dira. Egoera aldatu bada, aldatu behar dira neurriak.

2012ko abenduan errektoreek egin zuten beste adierazpen bat. Ez zenuen sinatu, esanez egoera ezberdina zuela EHUk. Zer aldatu da?

Ez da ez genuela sinatu. Momentu hartan hitz egiten zen gauza jakin batzuei buruz; Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak ziren, eta hemen beste tratamendu bat zegoen. Guk bat egiten genuen beste unibertsitateetan gertatzen ari zenarekin, baina Jaurlaritzak beste neurri batzuk hartu zituen. Beraz, ez zen logikoa guk kritikatzea Eusko Jaurlaritza, ez bazuen hori egin. Horregatik erabaki genuen bat egitea, elkartasuna adieraztea, baina ez sinatzea erkidegoak kritikatzen zituen dokumentu bat. Gure kasuan Jaurlaritzak ez baitzuen hori egin.

Oraingo interpelazioa Espainiako Gobernuarentzat ez ezik, Jaurlaritzarentzat ere bada?

Argi hitz behar dugu: eragin handia daukaten neurriak Espainiako Gobernuak hartu ditu. Adibideak hor daude: irakasleen ibilbide akademikoa erabat geldiarazita dago, ez dago aukerarik plazak ateratzeko, ez dago aukerarik promozio profesionala egiteko, ezin dugu langilerik kontratatu, ezin dugu gure plantilla kudeatu... Ikerketan ere arazoak sortu dira, nahiz eta hemen beste aukera batzuk eduki. Neurri horiek Espainiako Gobernuak hartu ditu.

Jaurlaritzarekin kexurik ez daukazue, hortaz?

Ezin dut hori esan. Momentu honetan lanean ari gara unibertsitate plan berria diseinatzeko. Ikusiko dugu. Jendaurrean esan dut aurreko unibertsitate plana ez dela bete, eta hori kezkatzekoa da. Momentu batzuetan egoera larrian egon gara. Etorkizunari begira egin nahi dugu unibertsitate plan berri bat, eta ea lortzen dugun adostasuna, eta ea neurriak egokiak diren. Orain kezka handiena da gure irakasle eta langileen kudeaketa ezin dugula egin. Gure ikerlari eta irakasle gazteak ari dira gehien sufritzen. Eta guztia, dekretu batzuk erdian daudelako.

Espainiako Gobernuak finantzaketa pribatua bilatzeko esan dizue. Zuk zeuk ikasturte hasieran aipatu zenuen donazioak lortu beharra...

Batek ez du bestea kentzen. Unibertsitateko hezkuntza publikoa bermatu egin behar da. Horrek ez du kentzen beste aukera batzuk ere hor daudela. Ez dira bateraezinak. Baina unibertsitateko hezkuntza publikoa bermatu egin behar dela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.