Nazioarteko justizia. Eztabaida Afrikan

Afrika, Hagaren jomugan

Afrikako Batasunak bilkura berezi bat hasiko du gaur Etiopian. Nazioarteko Zigor Auzitegia uztea proposatuko dute hainbat estatuk, kontinentearen aurkako tresna «neokolonial bat» dela uste baitute.

mikel rodriguez
2013ko urriaren 11
00:00
Entzun
Afrikako Batasunak bilkura garrantzitsua eginen du gaurtik hasi eta igandera bitartean Addis Abeban. Afrikako estatuetako buruzagiek Nazioarteko Zigor Auzitegia uztea eztabaidatuko dute. Afrikako buruzagi anitzen ustez, Hagako auzitegiak begiz joa du kontinentea, ikertu dituen eta ikertzen ari den kasu guztiak Afrikako gatazketakoak baitira. Horregatik, hainbat estatuk deia egin dute denek batera Nazioarteko Zigor Auzitegiaren jurisdikzioa uzteko. Iraganean ere Afrikako zenbait herrialdek egin izan dute dei berbera, baina Kenyako kasua izan da auzia serioski planteatzera eraman dituena. Izan ere, lehen aldiz jardunean dagoen estatuburu bat epaituko dute Hagan —Uhuru Kenyatta presidentea—. Afrikako buruzagi anitzen ustez, Nazioarteko Zigor Auzitegia tresna neokolonial bat da, kontinentetik kanpoko indarren interesen zerbitzura.

Auzitegiaren beraren eta munduan eragin gehien duten gobernuz kanpoko erakundeen ustez—AI Amnesty International eta HRW Human Rights Watch—, baina, Afrikako buruzagi batzuek inpunitatea lortu nahi dute Hagaren jurisdikziotik alde eginda.

Libiako Ikasketa Graduatuen Akademian Nazioarteko Zigor Auzitegiaren inguruko sinposio bat egin zen 2007an, Tripolin. Hainbat herrialdetako adituak elkartu ziren bertan, auzitegiaren «helburuak, errealitatea eta etorkizunerako aukerak» eztabaidatzeko. Lau urte eta erdi zen auzitegia sortu zenetik, eta orduan haren aginduz akusatu bakarra zegoen atxilotuta —Thomas Lubanga Kongoko Errepublika Demokratikoko matxino talde bateko burua—, baina puri-purian zegoen gaia Darfurko gatazka zen, Sudanen. Diana Johnston analista politiko eta kazetari estatubatuarrak parte hartu zuen Tripoliko sinposioan. Johnston batez ere ezaguna da Mendebaldeko herrialdeen atzerri politikarekin hagitz kritikoa delako eta Jugoslaviako gerren inguruan idatzi zuen liburu batek kritika gogorrak jaso zituelako, Srebrenican Bosniako serbiarren indarrek egindako sarraskia genozidioa izan zela ukatu zuelako.

Herrialde arabiarretako adituek Nazioarteko Zigor Auzitegiaren inguruan zeuzkaten kezken berri eman zuen Johnstonek Counterpunch aldizkarian on line. «Horietako anitz beldur dira auzitegia ez ote den AEBen eta Israelen interesetara erabiliko estatu arabiarrak zatitzeko [...]. Antzeko estrategia batean, lurraldearengatik edo baliabideengatik sortutako gatazkak alde batek egindako genozidio kasutzat aurkez ditzakete hedabideek eta Mendebaldeko GKE-ek, eta berehalako esku hartze militar bat eskatu». Gaur egun irakurrita, ironikoa da Johnstonek solas horiek Libian idatzi izana, handik lau urtera Muammar Gaddafirekin zer gertatu zen ikusita.

2011n haren aurka hasitako matxinadan, gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egitea egotzi zion Nazioarteko Zigor Auzitegiak Gaddafiri, eta atxilotzeko agindua eman. Nazioarteko esku hartze militar batek bota zuen boteretik, eta matxinoek hil zuten. Gaur egun auzitan paratzen da, ordea, Gaddafiren errepresioak orduan errandako neurria izan ote zuen. Nazioarteko Zigor Auzitegiarekiko mesfidantza aitzinetik adierazia zuten, baina Libiako kasuak alarma gorria piztu zuen Afrikako buruzagi anitzengan. 2009an Omar al-Baxir Sudango presidentea atxilotzeko agindu zuen Hagak, Darfurren genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak egitea egotzita, baina ABko herrialdeek babesa agertu zioten Al-Baxirri. Haien begietara, ondoren Gaddafiri gertatutakoak arrazoia eman zien.

Afrikako agintarien ikuspuntutik, Nazioarteko Zigor Auzitegia herrialde txikietako aferetan sartzen da soilik. Auzitegia Erromako Estatutuko printzipioei (1998) segituz sortu zuten, 2002an. Genozidioa, gizateriaren aurkako krimenak, gerrako krimenak eta estatu burujabeen arteko erasoak epaitzeko sortu zuten, baina Nazioarteko Justizia Auzitegiak ez bezala, norbanakoak epaitzeko ahalmena du zigor auzitegiak. 153 estatuk sinatuta daukate estatutua, baina 31k ez daukate berretsita. Bertze 41ek ez daukate ezta sinatuta ere. Hor dago lehenbiziko arrakala: berretsi ez dutelako edo Erromako Estatutuaren kide ez direlako, AEBei, Errusiari eta Txinari, adibidez, ez dielako eragiten Hagaren jurisdikzioak. Ezta Indiari, Pakistani eta Indonesiari ere. Auzitegiaren unibertsaltasuna zalantzan paratzen du horrek, munduko biztanleriaren erdiak baino gehiago jurisdikziotik kanpo daudelako. ABko 54 estatuetatik, 35ek daukate sinatuta eta berretsita, eta bederatzik berretsi gabe. Etiopia eta Egipto daude berretsi gabekoen artean, biztanle aldetik Afrikako bigarren eta hirugarren herrialdeak.

Libia ez zen Erromako Estatutuko kide, eta Sudanek ez du berretsia, baina, hala ere, Gaddafi eta Al-Baxir atxilotzeko agindua eman zuen Hagak. Hor oinarritzen da Afrikako herrialdeen bertze kritika bat: auzitegia boteretsuenen menera dagoen organo bat dela. Nazioarteko Zigor Auzitegia ez da NBE Nazio Batuen Erakundearen organo bat, baina Segurtasun Kontseiluak ahalmen erabakigarria du beregan. Izan ere, soilik kontseiluaren baimenarekin jazar dakioke Erromako Estatutuko kide ez den herrialde bateko herritar bati.

NBEn betorako ahalmena duten bortz estatuen artean, Erresuma Batuak eta Frantziak onartzen dute Nazioarteko Zigor Auzitegiaren jurisdikzioa. AEBek, Errusiak eta Txinak, ez; baina hura zeini ezarri erabaki dezakete. Gaddafiren eta Al-Baxirren kasuan, ikuspegi eta interes geopolitiko kontrajarriak zituzten potentzia nagusiek, baina inork ez zuen trabarik paratu ebazpen bat onartzerakoan. Baxar al-Assad Siriako presidentearekin, aldiz, Mendebaldeak Hagara jotzeko saioa egin du, baina Errusiak bidea trabatu dio. Herrialde anitz, beraz, unean uneko interes politikoen biktima dira. Ahalmen horregatik, gainera, nekez ikusiko da salaketa bat jaso duen AEBetako, Errusiako edo Txinako arduradunen bat Hagan.

Zortzi ikerketa, denak Afrikan

Herrialde txikien aurka eta boteretsuen menera ez ezik, auzitegiak bereziki Afrika begi tartean hartua duela uste dute kritikoek. Hamabortz ikerketa dauzka martxan Nazioarteko Zigor Auzitegiak, eta guztiak kontinente horretako zortzi herrialdetan: Afrika Erdialdeko Errepublikan, Boli Kostan, Kenyan, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Libian, Malin, Sudanen eta Ugandan. Adibidez, munduan giza eskubideen urraketen salaketa larrienetakoak egiten diren bertze eremu batean, Ekialde Hurbilean, 11 urtean ez du esku hartu Hagako auzitegiak. Hagitz zaila izanen luke, gainera: Ekialde Hurbilean soilik Jordaniak eta PAN Palestinako Aginte Nazionalak onartzen dute jurisdikzioa. Palestinarren aurkako errepresioagatik Israelen aurka jotzea, adibidez, ezinezkotzat jotzen da,AEBek Segurtasun Kontseiluan betoa paratuko liokeela segurutzat jotzen baita. Hailemariam Desalegn Etiopiako presidenteak, Youweri Museveni Ugandakoak eta bertze zenbait buruzagik Afrikarako giza eskubideen auzitegi berezi bat sortzeko proposamena egin dute, «afrikarren arazoei, afrikarren irtenbideak emateko». Nazioarteko Zigor Auzitegiak unibertsaltzat jotzen ditu jazartzen dituen delituak, baina, Afrikako buruzagi horien iritziz, herrialde subiranoen barne arazoak dira, eta kanpotik esku hartzea, arbitrarioa izateaz gain, trabagarria suerta liteke. Adibidez, Al-Baxirren aurkako atxiloketa aginduak edo Joseph Kony Ugandako buruzagi matxinoaren aurkakoak ezinezko egiten ditu gatazka konpontzeko negoziazio prozesuak, haien iritziz.

Nazioarteko Zigor Auzitegiak eta haren aldekoek erantzun egin diete kritika horiei. Afrika bereziki begiz joa dutela ukatu du Fiskaltza Nagusiaren bulegoak. Alde batetik, Nazioarteko Zigor Auzitegia gehienbat Afrikan finkatzearen arrazoi bat epe kontua dela erran dute, 2002ko uztailaren 1az geroztik gertatutako kasuak ikertzen baititu soilik; hori baino lehenagokoek tribunal bereziak dituzte: Jugoslaviak, Kanbodiak, Sierra Leonak, Ruandak... Afrikatik kanpo ere atariko ikerketak egiten ari direla adierazi dute: Kolonbian, Hondurasen, Georgian, Afganistanen eta Hego Korean, adibidez. Gainera, ikertzen ari diren kasu gehienetan, Afrikako gobernuek berek jo zuten Hagara.

Kofi Annan NBEko idazkari nagusi ohi ghanarrak, Afrikako 142 gobernuz kanpoko erakundek eta Nigeriak, Hegoafrikak eta Botswanak Nazioarteko Zigor Auzitegia babestu dute. «Afrikako biktimek etxean justizia jaso ahal balute, eta auzitegi sinesgarriak balituzkete, ez zen Nazioarteko Zigor Auzitegiaren beharrik izanen», adierazi zuen Annanek joan den astelehenean Desmond Tutu gotzainaren urteroko bake konferentzian, Lurmutur Hirian (Hegoafrika).

Tutuk, hain zuzen ere, milioi bat boto on line biltzeko ekimena hasi zuen atzo, Afrikako Batasuneko herrialdeek Nazioarteko Zigor Auzitegia uztearen aurka. Eta 200.000 boto pilatuak zituen jada eguerdirako, Nork geldituko du hurrengo genozidioa lelopean.

Batzuentzat, argudio neokoloniala, kanpoko potentzien gurasokerian eta ustezko nagusitasun moralean oinarritua; bertzeentzat, argudio zuzena, Afrikako zenbait buruzagik etxean inpunitatea bermatu nahi dutelakoan. Txinak, Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin hagitz kritikoa denak, Hagari eta nazioarte osoari eskatu die kontuan hartzeko Afrikako buruzagiek Kenyako kasuarekin eta auzitegiarekin berarekin dauzkaten «kezkak».

Kenya, azken kasua

Kenyatta Kenyako presidentea hurrengo hilean epaituko dute Hagan, 2007ko hauteskundeen ondoren sortutako gatazka etnikoan gizateriaren aurkako krimenak egin zituela egotzita. Kasu horretan, Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzak bere kabuz ekin zion ikerketari, salaketarik jaso gabe. Kenyatta 2011n inputatu zuten, eta iaz hauteskundeak irabazi zituen. Prozesuari ez diola trabarik paratuko adierazi du. Kenyako Parlamentuak, baina, Nazioarteko Zigor Auzitegia uztearen alde bozkatu zuen joan den hilean. Asteburu honetan, Afrikako herrialdeen babes zabala lortzea espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.