Myanmar. Etnia arteko gatazka. Ashin Wirathu. 969 mugimendu budista estremistaren buruzagia

«Myanmar defenditu nahi dugu inbasio musulmanaren kontra»

Budistak eta musulmanak aurrez aurre jarriak ditu gatazka erlijiosoak Myanmarren: ehunka pertsona hil dira, eta are gehiago gaiztotzeko arriskua dago. Gobernuak berak eta 969 Mugimenduak sorrarazten dute gorrotoa.
ZIGOR ALDAMA

Zigor Aldama -

2013ko azaroak 15

Mendebaldeko iruditeria kolektiboan, nekez datorkigu gogora monasterio budistak baino toki baketsuagorik. Baina bestelakoa da Masoeyein monasterioa; Mandalay hirian dago, Myanmarren. Han, Ashin Wirathuren esku dago botere absolutua; Bin Laden budista deitu zion Wirathuk bere buruari, Time-ko azalean terrore budistaren aurpegi gisa agertu ere baino lehen. Eta terrorea da, ezbairik gabe, Masoeyein falta ez dena. Horretarako, metro batzuk egin besterik ez dago, 2.500 bat monjeren bizileku eta ikastegi den gune erlijioso izugarriko sarreratik hasita: bat-batean eta aurrez aurre, bi panel erraldoi daude, herrialdea astindua daukan gatazka erlijiosoa ispilatzen duten argazki gordin batzuk dituela erakusgarri.

Horma batetik zintzilik, hainbat irudi: musulmanen etxebizitzak sutan, eta rohingyen gutxiengoko kideen gorpu mutilatuen argazki groteskoak. Nazio Batuen arabera, etnia hori da gehien jazarria planeta osoan, eta haien existentzia aitzakiatzat baliatu ohi dute erlijioso estremistek eta nazionalista muturrekoek indarkeriazko ekintzak egiteko, aldian-aldian halakoak gertatzen ari baitira 2012ko maiatzaren 28az geroztik; hainbat erakundek berretsitako bertsio ofizialaren arabera, egun hartan, rohingyen etniako hiru gizonek neska gazte budista bat bortxatu zuten mendebaldeko Rakhine estatuan, 1989ra arte Arakan izandakoan.

Handik sei egunera, eta akusatuak atxilotu arren —haietako batek bere buruaz beste egin zuen eta beste biei heriotza zigorra ezarri zieten—, budista asaldatu batzuk autobus bati eraso zioten, eta arrastaka atera zituzten Yangon hiritik zetozen hamar buruzagi musulman: hil arte makilatu zituzten. Eta inor ez dute epaitu sarraski harengatik.

Harrezkero, hainbat iturriren kalkuluen arabera, 300 pertsona baino gehiago hil dira; gehientsuenak, musulmanak, Masoeyeingo hormatik zintzilik tripak aterata eta bururik gabe ageri diren horiek bezala.

Alboko beste horma batean, hainbat herrialdetako monje hilotzen irudiak dituzte ikusgai; haietako batzuk adin gazteko nobizioak dira, aihotz kolpeka laurdenkatuak eta buruak leherraraziak dizkietela. Argazki horietako batean, neskato bat ageri da, kartel bat eskuetan: «Geldiarazi monjeen hilketak». Izu-ikararen erakusleiho horren ondoan, aingeru-aurpegiko Wirathu bat ageri da erretratutzar luze-zabal batean, budismoaren salbatzailea izango balitz bezala. Neurriz laburra eta maneraz leuna izaki, nekez irudika daiteke 969 Mugimenduko buruzagia indarkeria erlijiosora bultzatzen duen gizon gupidagabe gisa, makina batek akusatu izan duten moduan. Baina ezinago argia da haren diskurtsoa, nahiz eta orain apalagoa darabilen, mundu osoan egin dizkioten kritikak direla eta —Myanmarren izan ezik, hango presidenteak ere pertsona agurgarritzat baitauka—.

«969 Mugimendua —ofizialki legez kanporatua— Myanmar jasaten ari den musulmanen inbasioari erantzuteko sortu zen, eta herrialdea inbasio horretatik babestea da gure helburua», adierazi du Wirathuk, tunika laranjak atonduz eta fruta ura zurrupatuz. «Guk ez daukagu fusilik, eta ez gara inolako ekintza indarkeriazkoren erantzule; bakarrik nahi dugu galaraztea musulmanek herrialde osoa kontrolpean izatea, eta gaur egungo egoeraren berri jakinaraztea gure aberkideei». Haren inguruan bilduta, buruaz baietz diote gainerako monjeek. Hain zuzen, arrazoi horrexegatik sustatu dute, besteak beste, kredo desberdinetako pertsonen arteko ezkontzak debekatu nahi dituen lege egitasmoa eta musulmanen negozioen kontrako boikota.

Konbentzituta daude rohingyek, eta Myanmarko musulmanek oro har, elkar hartu dutela boterea eskuratzeko asmoz, eta hori lortzeko mekanismo bat dela beren demografia pisua handituta gizarteari egonkortasuna galaraztea. Hain zuzen, elkarrizketa batean, Afrikako karparekin alderatu zituen Wirathuk, «zeina etengabe ugaltzen baita, harik eta espezie autoktonoak galarazi arte». Orain, nolanahi ere, rohingyak eskubide osoko myanmartartzat jotzearen aurka baino ez da agertu, eta 1982ko legea betearaztearen alde, zeinaren bidez arautzen baita naziotasuna ematea.

«Bangladeshtik iritsitako etorkin legez kanpokoak dira rohingyak, myanmartar naziotasuna izateko eskubiderik ez dutenak. Horregatik, tokiko emakumeei ordaintzen diete haiekin ezkon daitezen, eta islamera bihurtzen dira, eta seme-alaba mordoa izaten dute. Gainera, komunitate biolentoa eta endogamikoa dira, gainerako erlijioetatik bereiztea helburu dutenak. Lehenik, estatu islamiko bat sortu nahi dute Rakhinen [kalkuluen arabera, hango 3,8 milioi biztanleetatik 700.000 rohingyen etniakoak dira], eta, gero, hangoa bezalako arrakasta lortzea herrialdeko gainerako lekuetan ere», erantsi du U Jotikak, Ooyin hurbileko beste monasterio bateko abadeak.

«Rakhineko etnia gatazkak erakarri du nazio osoko gatazka erlijiosoa, myanmartarrok aurkitu egin baitugu zein den 786ren benetako asmoa [Alari erreferentzia egiten dio zenbaki horrek, eta budista estremistek mugimendu islamiko global batekin lotzen dute, helburutzat duena erlijio horren hegemonia lortzea mundu osoan XXI. mendean], eta gure herrialdea salbatu nahi dugu», erantsi du Jotikak. Wirathu kartzelatuta eduki zuten 2003tik 2010era, sermoien bidez musulmanen kontrako indarkeriara xaxatzen zuelako jendea, eta, haren ustez, islamaren goraldiak «zuzenean mehatxu egiten dio tokiko herritarren bizimoduari eta ongizateari». Eta baieztatu du ez duela inolako gatazkarik gainerako erlijioekin: «Musulmanak bakarrik dira arazoa».

Halako diskurtsoa aspertzeraino errepikatzen da herrialde osoan, eta, horregatik, myanmartar bakan batzuk bakarrik diete enpatia rohingyei. Inor gutxi dago haien eskubideen alde: ezta Aung San Suu Kyi bera ere, Myanmar Libre sortu zuenaren alaba eta demokraziaren ikurra 1988az geroztik. Eta hori, Rakhineko iheslari esparruetan metatuta bizi direla 150.000 rohingya desplazatu eta, etnia garbiketaren bidez, etnia horretako biztanleak asko gutxitu direla estatuko hainbat hiritan. Sittwe hiriburuan istiluen aurretik 80.000 ere baziren, eta orain milaka batzuk baino ez dira, inolako askatasunik gabe bizi direnak Aungmingalarko ghettoan, armadak inguratuta daukan eta baimenik gabe sartzerik ez dagoen eremu batean.

«Musulmanek diote beldurrak bizi direla, baina, egia esateko, gu geu gaude izu-ikaratuta. Horregatik, modu baketsuan matxinatzen gara, eta edozein terrorismo motari aurre egiten diogu 969 Mugimenduaren bidez. Erlijio baketsu bat da budismoa, baina erasotzen badigute babestu egiten gara. Halaxe egin genuen 2007an, Junta Militarraren kontra». Wirathu lasai mintzo da, ikasleetako batzuk elkarrizketa grabatzen ari zaizkiola. Izkin egiten dio bere ideologia argi eta garbi adierazteari, eta atzerriko prentsari egozten dio errua «informazioa Internetetik bakarrik aterata idazteagatik». Are gehiago, atzerriko hainbat kazetariri ere ekin die, esandakoak desitxuratzeagatik, «interes ezkutuak baitituzte».

Orduan, zein dabil indarkeria agerraldi horiek eragiten? U Jotikak argi dauka: «Gobernua ari da gorrotoa sustatzen hainbat komunitateren artean. Gainean ditugu 2015eko hauteskundeak, eta boto iturri emankorra da beldurra. Batetik, indarkeriara bultzatzen du gobernuak, eta, bestetik, Aung San Suu Kyiren alderdia [Demokraziarako Liga Nazionala] ahuldu nahi du, haren barruan musulmanek ere badutela tokia esanda, eta gezurra da. Hala, gatazka erlijiosoetan jarrarazten du informazioaren arretagunea, eta ez gaur egungo buruzagi politikoen gabezia handietan, militar jantzia utzi eta kaleko jantzita baitabiltza baina lehengo pentsamolde larderiatsua darabiltela. Erlijioa eta politika eskutik doaz. Egonkortasun politikoa baldin badago, ez da izango gatazka erlijiosorik».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Zarauzko (Gipuzkoa) hondartz, ekainean. ©Juan Carlos Ruiz / FOKU

Zarauzko Talai Mendi kanpinean PCR probak egiten dabiltza, bezero ohi batek positibo eman ostean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Langileei PCR probak egin dizkiete, eta etxera bidali dituzte. Bezero batzuei ere egin dizkiete probak. Emaitzak jaso bitartean, kanpinera ezin da inor sartu eta bertatik irten.

Hainbat herritar, Iruñean, maskara jantzita. / ©Iñigo Uriz, Foku

Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da Hego Euskal Herrian

Joxerra Senar

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bihartik aurrera kalean ere jantzi beharko da maskara; Nafarroan, etzitik aurrera. Igerilekuetan eta hondartzan, maskara jantzi beharkoa da, bainua hartzeko izan ezik. Kirola egiteko orduan edo naturguneetan ken daiteke. Jaurlaritzak botila festa debekatu egin du.

Herritarrak PCR proba egiteko zain. ©Jon Urbe / Foku

80 kasu gehiago Hegoaldean, eta lehen hildakoa Nafarroan ekainaren 11tik

Edu Lartzanguren

Gipuzkoan indarrez ari da izurria: 41 kasu baieztatu dituzte. Iruñean beste agerraldi bat atzeman dute, eta gutxienez hiru lagun kutsatu dira.

Banksy grafitigileak maskarak janzteko eskatu du ekintza batez

Banksy grafitigileak maskarak janzteko eskatu du ekintza baten bidez

Edu Lartzanguren

Londresko metroan sartu da, garbitzaile jantzita, eta koronabirusaren inguruko irudiak margotu ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna