Mendia

Alpinismoaren norabidea

60 urte bete dira Edmund Hillaryk eta Tenzing Norgayk Everesteko gailurra jo zutenetik. Ordutik, erabat aldatu da egoera han; azken hilabetean, 500 pertsonatik gora iritsi dira munduko gailurrera.
Everesten, hego isurialdean ibiltzen dira egun bisitari gehien; behe kanpalekutik gailurreraino, soka trinkoak jarri dituzte igotzen laguntzeko .
Everesten, hego isurialdean ibiltzen dira egun bisitari gehien; behe kanpalekutik gailurreraino, soka trinkoak jarri dituzte igotzen laguntzeko . BERRIA

Oier Iribarren -

2013ko maiatzak 31
Badira hirurogei urte gizakia Everesteko gailurrera igo zenetik. Ordutik, asko aldatu da mendizaletasuna; orduan, abenturan eta esplorazioan oinarritzen zen alpinismoa, eta beste norabide bat hartu du zentzu askotan. Orduan, hainbat urte behar izaten ziren maila horretako espedizio bat antolatzeko; gaur egun, berriz, ehunka dira udaberriarekin batera lurreko tontor garaienen behe kanpalekuetan elkartzen direnak. Everesteko behe kanpalekua da horren adibiderik argiena. Asko ez datoz bat alpinismoa egiteko modu horrekin, alpinismoaren oinarria baita abentura, esplorazioa eta lortu gabeko erronkak bilatzea. Hala ere, oraindik ere badaude konpromisoz beteriko jarduerak egiten dituzten mendizaleak.

Edmund Hillary zeelandaberritarra eta Tenzing Norgay nepaldarra izan ziren, ofizialki behintzat, Everesteko gailurrera iristen lehenak, 1953ko maiatzaren 29an. Herenegun izan zen lorpen horren 60. urteurrena. «Lorpen horrek munduaren esplorazioaren ibilbide klasikoa itxi zuen, neurri handi batean», dio Juanjo San Sebastian mendizaleak. John Huntek zuzenduriko espedizioak lortu zuen helburua, britainiarren 30 urteko saioen munduko gailurrera bi lagun eramanez. Everesten historiaren analisian, ordea, beste espedizio bat nabarmendu du San Sebastianek: «George Mallory eta Andrew Irvinek egindakoa azpimarratuko nuke; horiek 1924an zituzten bitartekoekin iparraldetik igotzen ahalegindu izanak ez dauka parekorik». Oraindik ere, ez dago zehatz-mehatz jakiterik gailurrera iristeko gai izan ote ziren; zeramaten argazki kamera noizbait aurkituz gero jakingo da, akaso, lortu zuten ala ez.

Hillaryk eta Norgayk Everest konkistatu zutenetik ia 30 urte geroago jo zuen gailurra Martin Zabaletak, Everest igo zuen lehen euskal herritarrak, Pasang Temba sherparekin batera; 1980ko maiatzaren 14an, hain zuzen. Everest igo zuen Euskal Herriko lehen emakumea Edurne Pasaban izan zen, 2001eko maiatzaren 23an. «Hillaryk gailurra jo zuenetik Zabaletak jo zuenera arte, 200 pertsona baino gutxiago iritsi ziren Everesteko tontorrera; azken hilabetean, berriz, 500 pertsona inguru izan dira, 30 urtetan igo ziren halako bi», dio San Sebastianek. Gaur egun erabiltzen dituzten material eta bitartekoak hobeak izatea, ordea, ez da igoerak ugaldu izanaren arrazoi bakarra.

Felipe Uriarte alpinista eta goi-mendi gidariak hiru arrazoi nabarmendu ditu, beste askoren artean. Batetik, behetik goraino soka trinkoak daudela, eta, hortaz, Everestera igotzeko ez dela alpinista izan behar iruditzen zaio Uriarteri. Bestetik, mendizaletasuna eta Everestzaletasuna kontsumismoan sartu izana; «kontsumo konpultsiboan», gainera. Eta azkenik, hedabide handien eragina; Uriarteren aburuz, Everesten inguruan asko hitz egiten dute, eta, horregatik, mendizale asko hara joatera bultzatzen dituzte, bestela ez baitira telebistan agertzen. «Azterketa interesgarria izango litzake egun Everest igotzen dutenetatik zein ehunekok igo duen, esaterako, Mont Blanc-eko Brenva bidea», iradoki du Uriartek. Garai hartatik gaur egun arte, hondamendi ikaragarria gertatu da balioei, praktikari eta merezimenduei dagokienez, San Sebastianen ustez.

Espedizo komertzialak

80ko hamarkadara arte, munduko gailurrera igotzeko asmoa zuten espedizioak esperientzia askoko alpinistez osatzen ziren; egun, dirudienez, «nahikoa diru eta borondate duen edonor ahalegindu daiteke igotzen». Gauzak horrela, gero eta jende gehiago biltzen da Lhotsek, Nuptsek eta Everestek elkarbanatzen duten behe kanpalekuan. «Baliteke, garai hauetan, Khumbuko bailaran gehien populatutako herriarekin alderatuta, Everesteko kanpaleku nagusian jende gehiago bizitzea», dio San Sebastianek. Gainjendeztatze horrek arazo asko sortzen ditu, batez ere, eguraldia lagun mendian gora hasten direnean. Urtez urte egoera okerrera doa, eta alpinista askok eskatzen hasiak dira egoerari buelta emateko neurriak hartzeko. Uriarte eta San Sebastian bat datoz udaberrian hego isurialdeko bideak duen egoera jasanezina dela. «Espedizio komertzialak neurtzen ez badira, oxigenorik gabe igo nahi dutenek argi eduki behar dute udaberrian hego isurialdetik ezin daitekeela igo», dio San Sebastianek. «Ni alpinista sentitzen naiz, eta badakit gaur egun ez dela Everesten hegoaldeko bide arruntetik egiten alpinismoa; aspaldi galdu nuen hara joateko gogoa», onartu du Uriartek.

Alpinista askok Nepalgo Gobernua jotzen dute egoeraren erruduntzat, mendian une berean jende gehiegi egotea onartzeagatik; horrek sortzen duen buxatzeak heriotzak eragiten dituela diote askok, batez ere, Hillary izeneko pasabide harritsuan. Agintariek, ordea, beste ikuspuntu bat dute. Heriotzak eguraldiari, gaixotasunei eta mendizaleen esperientzia faltari egozten dizkiete. Azken 60 urteetan 241 mendizale hil dira han, horietako 82 sherpak. 6.208k lortu dute munduko gailurrera iristea: horietako 3.337 alpinista atzerritarren eskutik, eta gainontzekoak, nepaldarrek.

Everestera igotzen ahalegintzen den mendizale bakoitzak, zuzenean edo zeharka, hamar-hamabost pertsonari ematen diote lana, iturri ofizialen arabera. 2012. urtean, 3,2 milioi dolar (2,45 milioi euro) jaso zituen Nepalek espedizioen baimenetatik. «Turismoa oso beharrezkoa da Nepalen antzera garabidean diren herrialdeentzat, baina, dutena babestu egin behar dute. Ustiapen komertzialaren eta ingurunearen babesaren artean oreka bat bilatu behar dutela uste dut», adierazi du San Sebastianek.

Dauden heriotza kopuruei aurre egiteko, Nepalgo Gobernuak lege berri bat jarri nahi du martxan. Lege horren arabera, 7.000 metro garai den tontor bat igo dutenek soilik edukiko dute Everestera igotzen ahalegintzeko aukera. «Arau hori erabateko txorakeria iruditzen zait. Everest bezalaxe igo daitezkeen 7.000 metroko tontor asko daude, nahiz eta inoiz ez dituzun kranpoiak edo pioleta erabili», esan du San Sebastianek. Arreta desbideratzeko neurria iruditzen zaio San Sebastiani: «Everestera joaten den jende kopurua mugatu behar da, ezin da onartu kanpaleku nagusian 1.500 pertsona egotea». Uriarteri ere alferrikakoa iruditzen zaio. «7.000 metroko tontorra Nepalen bada hobe ez? Laster paketeak eskainiko dituzte: Pumori + Everest, dena barne 40.000 euro. Alpinismoa arautzeko edozein saiakeraren aurka nago», kexatu da.

Hala ere, ez Uriartek eta ez San Sebastianek ez dute uste alpinismoa turismora hurbiltzen ari denik. «Alpinismoa alpinistaren barne bidaia izan da, da eta izango da. Euskal Herrian alpinista asko dago inoiz Everestera igoko ez dena. Konpromisoz beteriko jarduerak egiten dituzte, betiko jarreraz eta espirituaz», azaldu du Uriartek. «Benetan merezi duten jarduerak mirestu behar ditugu, alpinismoak osasuntsu iraun dezan», dio San Sebastianek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna