Herrira-ren kontrako polizia operazioa

Probokazioak atzerapausoa

Jaurlaritzak ohartarazi du Herrira-ren aurka jotzea «atzerapausoa» dela bakerako bidean; dozenaka herritan salatu dituzte atxiloketak

Jesus Egigurenek «probokaziotzat» hartu du sarekada, eta ekiteko eskatu dio Jaurlaritzari
Bilbon, Arriaga plazan egin zuten protesta atzo. Han du egoitza Herrira-k. Tentsio uneak izan ziren.
Bilbon, Arriaga plazan egin zuten protesta atzo. Han du egoitza Herrira-k. Tentsio uneak izan ziren. JON HERNAEZ / ARP

Garikoitz Goikoetxea -

2013ko urriak 1
Babesik apenas jaso duen Herrira mugimenduaren aurkako ekinaldiak Euskal Herrian. Ezker abertzaletik hasi eta PSE-EEko goi ordezkarietaraino, atzerapausotzat jo dute operazioa, eta Madrilek bakerako bidean trabak jartzeko asmoa duen adierazle. Eusko Jaurlaritzak «iraganeko» jo du sarekada, eta bakea lortzeko «estatu politika» behar dela esan dio Espainiako Gobernuari. Izan da, ordea, Jaurlaritzari berari kontuak eskatu dizkionik: Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak uste du Madrilen «probokazioa» izan dela, eta EAJren gobernua «pasiboki» ari dela baketzearen alorrean.

Atxiloketen aurkako aldarriak nagusitu dira kalean ere. Dozenaka herritan mobilizazioak egin zituzten atzo iluntzean. Jendetza handia atera zen protestara. Deialdi gehiago eginak dituzte gaurko.

JOSU ERKOREKA Eusko Jaurlaritzako bozeramailea

«Albiste txarra, atzerapausoa da, gainditutzat ditugun garaiak gogoratzen dizkiguna»

Madrilek jarritako oztopo gisara ikusi du operazioa Eusko Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak. «Albiste txarra da, atzerapausoa, gainditutzat ditugun garaiak gogoratzen dizkiguna». Baketzearen alde ez egitea egotzi dio Madrili. «Ez gara ikusten ari serio lanean ari denik bakea sendotzeko». Bide hori utzi, eta «bakearen aldeko estatu politika» egitea galdegin dio Erkorekak PPren gobernuari. «Gizarteak ez du ulertzen denok pausoak eman behar genituzkeela itxaro denean batzuek iraganeko operazioak abian ipini izana».

ETAk ere ardura badaukala uste du Jaurlaritzak, eta «erantzukizunez» jokatzeko eskatu dio, taldea deseginez eta armak emanez.

EAJk, ildo beretik, ohartarazi du azken egunetan«atzerapausoak» izan direla. Herrira-ren aurkako sarekada eta ETAren azken adierazpena aipatu ditu bereziki.

NAFARROAKO GOBERNUA

«Normaltasunaren erakuslea da, eta beste pauso bat ETA betiko garaitzeko»

Operazioa txalotu duten gutxietako bat izan da UPNren gobernua. «Normaltasun demokratikoaren erakusle da, eta beste pauso bat ETA betiko garaitzeko». Herrira-k ETA goresten duela adierazi du.

Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkariak ere bide beretik jo du, eta normaltasun ikurtzat jo du sarekada: «Agerian geratu da erne dagoela gobernua terrorismoaren aurka».

JESUS EGIGUREN PSE-EEko presidentea

«Egoerak eskatutako neurrian aritzeko eskatu nahi diot Jaurlaritzari esku har dezala»

Oharrik ez du atera PSE-EEk operazioari buruz, baina iritzia eman du Jesus Egiguren presidenteak, bere blogean. Indarkeria indartu nahi izatea egotzi dio Espainiari. «Gauza bat da terrorismoaren aztarnak desagertzearen inguruan interes falta erakutsi izana, eta beste bat halako zentzugabekeria politiko eta juridiko bat egitea, jada existitzen ez diren arazoak berriz zabaltzeko asmotik uler daitekeena soilik». Operazioaren «bulkada politikoa» agerian dagoela uste du PSE-EEko buruak.

Egoera horretan, «pasibotasunez» jokatzen ari da Eusko Jaurlaritza, haren iritziz. «Egoerak eskatzen duen neurrian aritzeko eskatu nahi diot Jaurlaritzari, eta esku har dezala gai horretan».

MARTIN GARITANO Gipuzkoako ahaldun nagusia

«Garaia heldu da Euskal Herriak herri gisa erantzuteko»

Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok salatu du bakerako bidean pausoak ematen ari diren aldi berean «iragan ilunera» itzuli nahi duela Espainiak. «Estatuari ikusarazi behar diogu ezetz, hori ez dela bidea». Erantzuteko unea dela nabarmendu du Garitanok. «Garaia heldu da Euskal Herriak herri gisa erantzuteko». Jaurlaritzari mezu hori helarazi zion atzo.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, presoen eskubideen aldeko aldarria «zapuztu» nahi izan dute. «Baketik eta normalizaziotik urruntzen gaitu giza eskubideen kontrako eraso honek». Eusko Alkartasunak uste du «trabak eta harriak jartzen» ari dela PPren gobernua.

LOKARRI

«Giza eskubideen eta bakearen alde egin du talde horrek»

Lokarrik Herrira-ren jarduna babestu du —«argi azaldu du giza eskubide guztien errespetua, eta baketzearen alde egin du»—, eta bidegabetzat jo du sarekada. «Akusazioak ez du sostengurik». PPren gobernua «arduragabe» jokatzen ari dela salatu du Lokarrik, eta ez duela elkarbizitza eraikitzea nahi.

Bake Bideak «konponbidearen aurka» aritzea egotzi dio Madrili. «Estatuek blokeo jarrera dute. Sinesten dugu gizarte zibilak gaitasuna baduela hori aldarazteko».

Basque Friendship taldeko europarlamentariek ere bidali dute salaketa oharra: «Behingoz konprometitu behar du Espainiak bakearekin, demokraziarekin eta giza eskubideen errespetuarekin».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna