Saskibaloia. Eurokopako finala: Uxue Bilbo Basket-Lokomotiv Kuban

Uholdearen zain

Bilbo Basketen bi mila zale inguruk Charleroiko kaleak hartuko dituzte; gaur iritsiko dira gehienak. Bezperako arratsaldea lasaia izan da, aurretik iritsitakoek inguruko hiriak bisitatzeko baliatu baitute ostirala.

Uxue Bilbo Basketeko jarraitzaile batzuk, atzo, Charleroiko hirigunean. IMANOL MAGRO.
Imanol Magro Eizmendi.
Charleroi
2013ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Ekaitzaren aurreko barealdia izan zen atzoko arratsaldea. Bilbotik etorritako bi mila zalek Charleroiko kaleak hartuko dituzte gaur. Baina uholdea gaur izango da, atzo tanta gutxi batzuk baino ez ziren ikusi. Tantak, euripean gainera. Finala hartuko duen hiriak ez du zer ikusi handirik, eta turistikoki ez da bereziki erakargarria. Turismo gidek hala diote, eta, agian, gogorregiak dira, baina ez da xarma bereziko tokia. Tabernak, halere, asko daude, eta Bilboko zaleek gaur egingo duten kalejiraren bidean daudenek kutxa ondo beteko dute.

Herenegun iritsi ziren lehen zaleak, eta atzo lehen hegaldi zuzenak. Taldearekin batera berrehun bat zale iritsi ziren, eta geroago, arratsean, beste hainbeste. Gehienek, baina, bezpera Belgikako beste gune batzuk bisitatzeko baliatu zuten. Autoa alokatuta edo trenean, erraz asko joan daiteke edonora. Halere, bilbotar batzuk ikus zitezkeen Charleroiko kaleetan. Horien artean boskote animoso bat: Oskar Gonzalez, Jose Fernandez, Raquel Garcia, Javi Alvarez eta Ana Bacigalupe.

Euriak ere ez die umorea itzaltzen. Bostak Bilbo Basketeko bazkideak dira, eta «bibrazio» onak dituzte. Harrituta daude finalak hirian duen oihartzun eskasarekin, hainbat bidaia eginikoak direlako taldearekin. «Bruselan egon ginen, eta ea Juventusekoak ginen galdetu ziguten. Egia esanda, inor gutxi dago kalean, baina bihar [gaur] dena oso desberdina izango da». Duela hainbat aste antolatu zuten bidaia, eta bihar arte geldituko dira. Bruselatik iritsi ziren. Harrigarriak dira zaleek Charleroira iristeko eginiko konbinazioak: Santander edo Zaragozatik zuzenean hegazkinez; Bruselatik eta Liejatik autobusez; Paristik autoz edo trenez; edota, ausartenek, zuzenean autobusez Bilbotik. Ilusioz beteriko 1.184 kilometro.

Bosteko zale goiztiarrak peñek antolatu duten kalejiran parte hartzeko asmoa du; saskibaloizale bereziak direla diote denek. «Saskibaloizaleak, normalean, lasaiak dira. Guk, aldiz, zarata ateratzen dugu. Gehiago joaten gara tabernetara [barrez]». Kalejira 17:30ean irtengo da, eta taldea hoteletik irteten ikusi ondoren, Bilbo Basketek zaleentzat antolaturiko gunera joango dira. Gunea 17:00etan irekiko dute, eta taberna eta musika egongo da finalera arteko lau orduak girotzeko. Zaleei bertan egotea gomendatu diete, 20:00etan Charleroiko futbol taldeak partida duelako. Bertako zaleekin ez nahastea komeni da.

Pabiloian zenbat jende bilduko den da beste zalantzetako bat. Sei mila ikusle sartzen dira, eta Charleroiko jendea mobilizatu ezean, eserleku asko hutsik gelditzeko arriskua dago. Errusiatik hirurehun zale inguru joango dira, gehienak jokalarien gertukoak. Finala bertan jokatu den aurreko aldietan harmailak itxuratu izan dira. Pabiloiak jatetxea eta dantzalekua ditu; Bilbo Basketek irabazten badu, bateren batek esku-eskura izango du non jarraitu ospakizunekin.

Pantailak Bilbon

Finala ez da Charleroin bakarrik biziko. Bilbon ere ez da girorik faltako. Miribillan pantaila handi bat egongo da, eta 10.000 sarrerak salduta daude hara biltzeko. Kalean ere egongo dira pantailak; Santutxun, esaterako. Irabaziz gero, Bilbo Basketeko jokalariek ez dute ospatzeko denbora askorik izango. Harrera egin nahi dieketen zaleek igandean 07:30ean egon beharko dute Loiuko aireportuan, orduan iritsiko baita taldeak antolatu duen hegazkina. Egotekotan, astelehenean jarraituko dute ospakizunek, taldeak antolaturiko ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.