Komunikazioa

Galiziako Xuntak Televigo tokiko katea itxi nahi du

Langileek konzentrazioa egin zuten herenegun, eta itxieraren aurka borrokatuko dira

Televigoko langileen konzentrazioa Xuntaren aurrean, Vigon. TELEVIGO / BESTEAK.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Televigo tokiko telebista kate independentea itxi nahi du Galiziako Xuntak, eta, azken orduko erabaki aldaketarik ez bada, datorren astelehenean instalazioak zigilatu egingo dituzte. Hala jakinarazi dio kateari Galiziako Hedabideen Idazkaritza Nagusiak.

Itxieran «arrazoi politikoak» daudela adierazi du Judith Comesaña Televigoko ekoizpen buruak. «LTDko lizentzietan eskatutako guztia aurkeztu genuen. Baina paper bat falta zela esan ziguten, eta gauza bera adierazi zieten tokiko beste kate batzuei». Diálogos con el alcalde izeneko programa bat egiten du Televigok, eta bertan ikusleen galderak eta iritziak azaltzen dira. «Saio hori ez zaio Xuntari gustatzen,eta horregatik itxi nahi dute Televigo», dio Comesañak. PPk saioa kentzeko eskatu izan du.

Televigoko langileek auzitara jotzea erabaki dute, Xuntak eragindako kalteengatik. Halaber, herenegun konzentrazioa egin zuten Vigon Xuntak duenegoitzaren aurrean. Hedabideen Idazkaritza Nagusiaren aurka kereila bat jartzea ere ez dute baztertzen.

Vigon sortutako aurreneko tokiko katea da Televigo. 1995. urtean hasi zituen emanaldiak. Barne ekoizpenaren aldeko apustua egiten dute programazioan.

LTDko hiru lizentzia daude Vigon. Localiarena da bat, eta beste biak emateko asmorik ez duten bi enpresaren esku daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.