Santa Teresa Jesusenaren bitartekaritzaz

Rocioko Ama Birjinak eta Santa Teresa Jesusenak Espainia laguntzeko duten «zereginaz» galdetu dio Amaiur taldeak Espainiako Gobernuari, Kongresuan. Horrela, koalizio abertzaleak gaitzetsi egin ditu hainbat ministrok publikoki egindako adierazpenak.

Edurne Begiristain.
2014ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Santa Teresa Jesusena eta Rocioko Ama Birjina Espainiako Kongresura iritsi dira. Idatzizko galderen bidez, hori bai. Izan ere, birjinak Espainiaren alde egiten ari diren «bitartekaritzaz» galdetu dio Amaiur taldeak Espainiako Gobernuari, hainbat ministrok azkenaldian egindako adierazpenek kezkatuta. Zenbait agerraldi publikotan erlijio katolikoaren irudi erlijiosoei gorazarre egin dietelako eskatu dizkio argibideak Amaiurrek gobernuari.

Amaiurreko diputatu Jon Iñarrituk bere galderetan gogora ekarri ditu joan den ostegunean Jorge Fernandez Diaz Barne Ministroak Madrilgo Fitur azokan esandakoak. Fernandez Diaz krisialdiaz ari zen komunikabideen aurrean, Santa Teresa Jesusena aipatu zuenean: «Ziur naiz Santa Teresa Jesusena bitartekari garrantzitsua izaten ari dela Espainiarentzat garai gogor hauetan». Barne ministroaren hitzak ez ezik, joan den urtean Enplegu ministro Fatima Bañezek esandakoak ere aipatu ditu Amaiurrek idatzian: «Rocioko Ama Birjinak opari handia egin digu krisialditik ateratzeko eta egunero hiritarren ongizatea lortzeko», esan zuen.

Horiek hala, bost galdera egin dizkio Amaiurrek Espainiako Gobernuari, hark idatziz erantzun diezazkion. Batetik, galdetu dio azal dezala Santa Teresa Jesusenak nola egin duen «bitartekaritza» Espainiaren alde, eta zein den Rocioko Ama Birjinaren egitekoa krisitik irteten laguntzeko. PPk 2012an Pilarreko Ama Birjinari Ohorezko Merituaren gurutzea eman zionetik Espainiako egoeran zein hobekuntza izan diren ere galdetu dio. «Gobernuak uste du estatuari laguntzeko jainkozko eta naturaz gaindiko bitartekari gehiago daudela?», galdetu dio, halaber, Amaiurrek. Azkenik, estatuaren izaera ez-konfesionala errespetatzen ote duen ala kontrako norabidean urratsak egiteko prest dagoen ere jakin nahi du koalizio abertzaleak, eta azalpenak eskatu ditu.

Amaiurrek oso gogor salatu du gobernuko ordezkariek gisa horretako adierazpenak «kutsu serioarekin» egitea ekitaldi publikoetan. Azpimarratu du halakoek gogora dakartzatela «nazional katolizismoa estatuaren identitate ikurra» ziren garaiak.

«Jaungoikoarekin topo»

Jakina da eliza katolikoaren eta eskuinaren arteko harremanak sendoak direla, eta Espainian agintzen duen PP alderdiak elizaren hierarkiarekin lotura zuzena duela ere ez da berria. Mariano Rajoyren gobernuko kideen agerraldi publikoetan, gainera, sarritan geratu da hori agerian.

Barne ministroaren fede kontuak, esaterako, aspaldikoak dira, eta erlijio katolikoa eta politika maiz lotu ditu azken urteetan. «Politika apostolutzarako gune ezin hobea da», adierazi zuen Fernandez Diazek 2009an, Alba aldizkariak argitaratutako elkarrizketa batean. Haren hitzetan, «jaungoikoarekin topo» egin zuen Las Vegas hirira egindako bidaia batean, eta, ordutik, «Opus Deiren espiritualitatetik oso gertu» sentitzen du bere burua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.