Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Imanol Erbiti. Movistarreko txirrindularia

«Vuelta eta bion artekoak maitasuna dirudi»

Taldekideei laguntzera doala dio iruindarrak, baina azken hiru urteetan bi etapa irabazi ditu Espainiako Vueltan. Aurten Movistar taldeak ez dauka lider sendo-sendorik, eta ibilbide liburua ia buruz ikasi du, hiru asteotan askatasun handia izango duelako.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Hiztuna da, jatorra, eta txirrindularitzaren inguruko guztia du gustuko 190 zentimetro luze den morroskoak. Espainiako Vueltako ibilbidea dagoeneko ondo aztertuta dauka, baina horrekin ez omen da aski, Frantziako Tourrekoa «mila aldiz» begiratu zuelako. «Eta esku-hutsik bueltatu nintzen». 21 urterekin egin zuen debuta Imanol Erbitik (Iruñea, 1983) profesionaletan, eta aspaldi baztertu zituen psikologia ikasketak, astirik ez zuelako. «Hor beste erronka bat dut», esan du, umoretsu.

Nola zaude sasoiz?

Ongi. Tourreko nekearen ondorengo sentipenak beti izaten dira arraro samarrak; bizikleta hartu eta beti izaten dira zalantza asko. Behin gorputza estutzen hasten zarenean, eta izerdia bota ahala, ikusten duzu ondo zoazela eta jarritako erritmoak betetzen ari direla. Baina Tourreko nekeak zalantza asko sortzen ditu egun batzuetan.

Tourraren ordainaren beldur al zara?

Ez… Baina kirol honetan indarberritzea oso garrantzitsua da, eta lasterketa batera nekatuta iritsiz gero, badakizu ezer onik ez datorrela.

Iaz ere Tourra eta Vuelta egin zenituen, eta emaitza ez zen txarra izan.

Ez, eta horregatik nago lasai, beste batzuetan ere egin dudalako eta badakidalako gero erantzun izan dudala.

Nolako prestaketa egin duzu? Mendiko ziklorik egin duzu, edo aski duzu Tourrekoari eustearekin?

Aurten aste bat gutxiago dugu Vueltaren aurretik, eta Tourraren aurretik eginiko mendiko zikloekin aski dut. Aurten egutegia oso estu dugu, eta egun asko dira etxetik kanpo. Bi ziklo hamar egunekoak, gero Tourra hilabete, itzuli, Donostiako Klasikoa… Eta ez, denbora gehiegi zen etxetik kanpo. Ziklo bat egiteko, aste pare bat behar da gutxienez, eta korrika eta presaka ibiltzeko ez du merezi. Hala erabaki dugu aurten. Itzuli handi baten atarian burua fresko izan behar da.

Tourraz geroztik etxetik gertu ibili zara. Hori eskertuko duzue.

Bai, eta burua garbitzen bada, freskura ematen dio beste guztiari.

Zenbat aldiz begiratu duzu Vueltako ibilbide liburua? Gauzak ondo prestatzearen ospea duzu.

Bai, ondo begiratzea gustatzen zait. Ez dut ukatuko. Interneten-eta ibiltzen naiz bideak ikertzen. Aurtengoa begiratu dut, eta etapak aztertzea gustatzen zait. Txirrindularitza, oro har, asko gustatzen zait, lehia inguratzen duen guztia; eta, noski, etapak oso zati garrantzitsua dira.

Baten bat gustuko duzu bereziki? Ihesaldietarako aukerak badaude.

Zaila da. Tourrean ere mila aldiz ikusi eta berrikusi nituen, baina ez zen ezer irten.

Garaipen zerrenda txikia duzu, baina Vueltari ondo hartua diozu neurria. Bi etapa irabazi dituzu hiru urteko tartean. Zergatik?

Maitasun kontu bat dugula dirudi. Zergatia… Egia esan, betidanik nahiko indartsu iritsi izan naiz denboraldi bukaeretara. Nik uste beste lasterketetan pixka bat itzalean ibiltzeak lagundu izan didala; eta unean uneko baldintzek ere bai. Gehien bilatzen duzunean ez duzu lortzen; eta, beste batzuetan, ia nahi gabe sartzen zara ihesaldi onean. Hor zaudenean, lehen etapa irabazi aurretik, noiz sartu egoten zara irrikan, eta lehena irabazten duzunean konturatzen zara oso garrantzitsua dela une egokian toki egokian egotea. Eta, noski, zortea edukitzea.

Garaipen horietako bideoak ikusi al dituzu? Etxean dituzu?

Baditut bideoak, baina ez ditut ikusi. Ez dut nahi izan. Nire irudiak ditut buruan, nire oroitzapenak, eta horiekin gelditu naiz. Hala ere, izan dut tentazioa ikusteko.

Itzuli handi bateko bi garaipen horiek zer irakatsi dizute?

Lasaitasuna ematen dute garaipenek, eta lanak fruitua eman duela ikustea da politena. Irabazteak segurtasuna ematen dizu sakrifizioarekin jarraitzeko. Askotan behar duzun bultzada hori da.

Aurtengo helburua: beste etapa bat?

Lehenbizikoa, ondo iristea, sasoiko iristea. Protagonista izatea gustatuko litzaidake, baina ez dut ukatuko, Tourrera ere ilusio horrekin joan nintzen, eta gero dena zailtzen hasi zen, pare bat kideren erorketekin. Etapak bilatzeko garaian bi edo hiru kide geunden sartuta, eta ihesaldian sartzen ginenean harrapatzen gintuzten. Tourraren ondoren, beraz, ikasketen parekoa da niretzat Vuelta: iraileko errekuperazioa.

Sailkapenean gorako jauzitxo bat egitea urrun ikusten duzu?

Ez dakit. Gainera, zuzendariek taldeburuei laguntzeko esango digute: Marzio Bruseghini edo Beñat Intxaustiri.

Taldeburuak badituzue, baina ez garaipenerako faborito argirik. Horrek nola baldintzatzen du jarduna?

Hala da. Ondo daramagu; besteok aukera gehiago izan ditzakegu. Askatasun gehiago duzu zure kontura saiatzeko. Baina, tira, Alejandro Valverderekin genuen bermea ere eskertzekoa zen; beretzat egiten zenuen lan egun osoan, eta gero berak ondo erantzuten zuen beti. Hura sentipen ona zen, lasaitasuna txertatzen zuelako taldean. Zoragarria zen.

Movistarren ausartak izatera behartuta zaudete.

Lehiatzeko modu hori ere gustuko dut, ez pentsa. Txirrindulariok askeago gaude, eta guk gure onena emango dugu.

Aurten astebete lehenago hasiko da Vuelta, Espainia hegoaldean. Berorik ez duzue faltako.

Hasteko, Benidorm, hilaren 20an. Handik mugitzea ia ezinezkoa izango da. Ez dakit nolakoa izango zen azpiegitura, baina gauzak estu egongo dira. Gero Jaen, Kordoba… beroak estutuko gaitu. Baina, tira, beroa egiten badu, Tourrekoa konpentsatuko dugu, ia itzuli osoa euripean egin genuelako. Beroari aurre egiteko, bidoi asko hartu eta ura burutik behera botatzea onena!

Sierra Nevadako igoera laugarren egunean.

Argi dago, ondo iritsi beharra dago, ezin zaie lehen egunei itxaron sasoia fintzeko. Borroka eguna izango da. Vuelta honek 2008koa dakarkit gogora.

Taldekako erlojupekoa ikusi duzue? Burgosen irabazi egin zenuten, eta faboritoen artean zaudete.

Liburuan baino ez dugu ikusi. Oraindik ez gara bildu entrenamendua egiteko. Hori azken bi egunetan egin beharko dugula uste dut. Burgoskoa ikusgarria izan zen. Egia da, batez besteko oso altua lortu zuten, eta ikusi egin beharko dugu ibilbidearen ezaugarriak antzekoak diren.

Asturiasko etapak aztertzen aritu zara. Nolakoa da Angliru?

Asturiasekin batera, Galiziako zatiaren gogortasuna nabarmenduko nuke. Nik ez dakit moda kontua den, baina gero eta pendiz gogorragoak ikusten ditut. Angliruk lehen zati jasangarria du, baina beste erdia horma bat da. Ondo dago giroarengatik, eta jendetzarengatik, baina mendate hori igotzea oso gogorra da.

Zein da garaipenerako zure faboritoa?

Euskaltel-Euskadiren maila ikusita, eta Igor Anton edo Mikel Nieve iaz bezala baldin badaude, eurei begiratu beharko diegu.

Ezustekorik espero duzu?

Borrokan jende ezaguna egongo dela uste dut. Agian, Peter Velitsek (HTC) iaz emanikoaren antzeko ustekabekorik egon daiteke. Edo Bradley Wiggins (Sky), motibazioz badator. Baina, dioenez, ez omen dator oso motibatuta, Munduko Txapelketa prestatzea omen du helburu.

Munduko Txapelketaz badakizu zerbait? Iaz deitu zizuten.

Kophenaghen dela baino ez. Suposatzen dut Vueltan jakingo dugula. Olinpiar Jokoen aurreko urtea da, eta garrantzitsua da.

Amaitze aldera, txirrindularitza liburu on bat gomendatzerik?

Orain argitaletxea ez datorkit burura, baina nik Txirrindularitzaren historia esango nuke. Coppi-Bartaliren historiak… Zuri-beltzeko argazkiak ikusteak harritzen nau. Apal batean dut etxean, eta noizean behin hartzen dut, Coppiren balentriak Pordoin eta halako atalak ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.