Antton Iturbe.
Bi ahotsetara

Tabernak

2013ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Kulturaldia web atarian Jon Pagolak Donostiako tabernetako musikaren inguruan egindako artikuluak bultzatu nau zutabe hau idaztera. Bere ohiko tonu zorrotz eta umoretsuan kalitateko musika bilatzen dutenei inguruko beste hirietara jotzea gomendatzen die Jonek. Tira, zoragarria iruditzen ez bazait ere, ez dut uste Donostiako tabernen eskaintza beste edozein hirikoetakoa baino hobea edo txarragoa denik. Ona ala txarra, kontzeptu erabat subjektiboa da gainera eta ezinezkoa da mundu guztia ados egotea.

Aspalditik arazo sakonagoa sumatzen dut ordea, eta horrek ez dauka musikaren berezko kalitatearekin edo edertasunarekin inongo zerikusirik. Musikaren garrantzia eta presentzia falta da kezkatzen nauena. Egia esan, tabernatan jarrita dagoen musikaz geroz eta gutxiago ohartzen garela iruditzen zait. Horretarako bi arrazoi nagusi ikusten ditut.

Alde batetik mp3 formatua erabiltzeak bolumena baxua denean zurrunbilo urrun ulertezin bat sortarazten du eta altua denean iskanbila zakar hutsa. Era batera edo bestera, gozatu eta atentzioa jartzeko aukera gutxi ematen ditu.

Beste alde batetik Internet-en laguntzarekin munduko edozein estiloz, egilez eta garaiz klik bakar batekin aldatzeko aukera tranpa txiki bat bihurtzen da sarritan. Abestiaknortasun eta koherentziarik gabeko lokatz batean galtzen dira. Zentzu, eduki eta gorputzik gabeko girotzaile atsegingarri hutsa bihurtzen da musika orduan eta erabat arrotz egiten zaigu. Guzti hori gutxi balitz, norberaren sakelako telefonoaren pantailari so egoten gara askotan. Bozgorailuetatik ateratzen dena, gurekin zerikusirik ez duen eta kasurik hoberenean atsegingarri izan daitekeen zaratatxo bat bilakatu dugu denon artean.

Honelakoetan, Terence Daviesen filmen tabernetako irudiak datozkit burura. Garagardoa eskuetan ondo ezagutu eta sentitutako abestiak kantari ikusten dut jendea eta une batez besterik ez bada ere, mp3, bozgorailu eta sakelako telefonorik gabeko garai haietara bidaiatzeko gogoa sentitzen dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.