«Arduraz» jokatzeko eskatu dio Kontuz-ek oposizioari

Elkarteak herritarren «itxaropena ez zapuztea» eta zentsura mozioa aurkeztea galdegin die alderdiei

Kontuz elkarteko kideak, atzoko agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2014ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Nafarroako egoera politikoaz hausnarketa egin du Kontuz elkarteak agerraldi batean, eta mezu argia bidali nahi izan die Nafarroako oposizioko alderdiei: «Egoera honi irtenbidea eman eta behin betiko herriari hitza eman diezaiotela». Kontuz-eko bozeramaile Patxi Zamorak oroitarazi du oposizioko alderdiek «herriari hitzemateko konpromisoa» adierazi dutela, eta Yolanda Barcina buru duen gobernuaren kontrako zentsura mozio bat aurkeztea eta hauteskundeak maiatzaren 25era aurreratzea galdegin die. Hori horrela, «arduraz»jokatzeko eta «herritarren itxaropena ez zapuzteko» eskatu die Kontuz-eko eledunak oposizioko taldeei.

Nafarroari eragiten dioten erabakiak Ferrazen esku ez uztea galdegin du, halaber, elkarteak. «Ez dezatela utz Nafarroari bakarrik eragiten dioten erabakiak Nafarroa ez den beste inon har daitezen», adierazi du Zamorak. «Gure eskubide historikoek noiztik diote Nafarroako etorkizuna Madrilen erabakitzen dela?», galdetu du. Nafarrei hitza emateko konpromisoa betetzen duten alderdien jarrera txalotuko duela azpimarratu du Kontuz-eko eledunak. Ordea, horrelakorik egiten ez dutenei gaur boterean daudenei eskatzen dieten ardura bera exijituko dietela ohartarazi du.

Horrekin batera, otsailaren 22ko manifestazio «historikoa» babestu zuten «35.000 lagunen izenean», Nafarroan sortutako egoera amaitzeko eskatu du elkarteak. «Diskurtso alderdikoien, kalkulu elektoralen eta kanpo inposizioen gainetik, eman diezaiotela hitza herriari», esan du Zamorak. Haren ustez, Nafarroak ez ditu merezi dituen agintariak: «Interes pribatuei fabore egiteko, hezkuntza, osasuna eta antzeko zerbitzu publikoak desegiten dituzten agintariak dira, herritarrak murrizketekin itotzen dituzten horiek». Duten boterea «beldurrean» oinarritzea eta euren «erantzukizunari uko egitea» leporatu die Kontuz-ek Nafarroako gobernuko kideei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.