Loiola piztu zuten sugarrak

'Su txikian' prestatzen ari da Glu Glu konpainia, azken hamarkadan euskal gatazkaren konponbiderako saioek ibilitako bidea erakutsiko duen ukitu dramatikoko antzezlan dokumentala. Azaroan estreinatuko da.

Gabriel Ocina (Arnaldo Otegi), Patxi Gonzalez (Pello Rubio) eta Joxemari Carrere (Jesus Egiguren) aktoreakTxillarreko eszena batean. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Igor Susaeta.
Elgoibar
2012ko irailaren 11
00:00
Entzun
Euskal preso politiko baten aita bere alabarekin hitz egiten ari da, telefonoz. «Zer dira ba mila kilometro guretzako». «Amak jertse lodi bat egin dizu neguan hotzik ez pasatzeko». «Zuk eutsi gogor, e? «Asko maite zaitugu!», esan dio, agurtzeko, solasaldi urduriko tonu serioari eutsiz. Urtezahar eguna da, 2000koa. Bitartean, irrati esataria kanpaikadak ematen ari da, erretransmisioari enfasi handia emanez. ETAk hildako gizon baten alarguna, berriz, bakarrizketan dabil, belauniko, eskuekin egunkari orri bat zimurtzen duen bitartean. «Pozik egongo zinateke orain, irratia sintonizatuz eta kanpai hotsak entzunez...». «Zergatik zu?». Eta geroz eta dramatikoago, malkotan,«ez zaitut sekula ahaztuko!» oihu egin du. Bi aktore dira presoaren aita eta alarguna. Baina eszena partekatzen dute, eta egoera erreal bat antzezten ari dira.

Horrela abiatuko da Su txikian antzezlana. Glu Glu konpainiarena izan da ideia, eta Galder Perezek zuzenduko du. Azkeneko hamarraldian euskal gatazkaren konponbiderako saioek ibilitako bidea taularatuko dute. Elgoibarko Txillarre baserrian Arnaldo Otegik eta Jesus Egigurenek Pello Rubioren konpainian izandako solasaldietatik Loiolako hiru aldeko elkarrizketetaraino, Osloko eta Genevako hoteletan ETAko solaskideek Espainiako Gobernuko ordezkariekin izandako hartu-emanetan barrena ibiliz; eta, betiere, unean uneko testuinguruari erreparatuz. Perezen ustez, «ukitu dramatikoko antzezlan dokumentala» da.

Imanol Murua Uria kazetariaren Loiolako hegiak (Elkar, 2010) eta Egigurenen beraren ETA. Las claves de la paz (Aguilar, 2011) liburuak dauzka oinarrian obrak. Euskaraz eta gaztelaniaz antzeztuko dute, eta Perezek idatzi ditu bi bertsioak. Azaroan estreinatuko dituzte biak: euskarazkoa Azpeitian (6an udaletxeko ganbaran, eta 9an Soreasu antzokian), eta gaztelaniazkoa, berriz, Elgoibarren, 16an. Hain zuzen ere, han ari dira entseatzen. Halere, hasiberritan daude oraindik.

Konponbiderako bidea ireki zuten elkarrizketek ere Elgoibarren bertan izan zuten sorburua 2000 urtearen bueltan. Txillarre baserrian. Pello Rubio da hango nagusia. Perezen esanetan, Rubiok «ezinegona» zeukan Euskal Herria bizitzen ari zen egoerarekin, eta Arnaldo Otegi eta Francisco Egea sozialista deitu zituen «su txikiaren ondoan» Txillarren afaltzera. Elgoibarkoak biak. Rubioren lagunak. Su txiki haren «goxoan», Egea eta Otegi apurka-apurka elkarrekin hitz egiten hastea zen Rubiok eragindako enkontru haien helburua. Suaren bueltan. Gainera, sua bera gatazkaren eta borrokaren «adierazle» ere badela irizten dio Perezek. Hortik dator antzezlanari Su txikian izena jartzeko ideia. «Sua argia ere bada, ezta?». Eta orain hamarkada bat pasatxoko su haren sugarrek piztu zituzten, urte batzuk geroago, Loiolako elkarrizketak.

Txillarreko solasaldiak abiarazi eta gutxira, Egea Egigurenekin batera joaten hasi zen, eta Otegi, berriz, Pernando Barrenarekin. Antzezlanaren hasierako eszenetako batean Egiguren, Otegi eta Rubio ageri dira Txillarren. Giroa ri tentsioa kentzeko edo, afaltzeko zer daukaten esan die Rubiok bi solaskideei: berakatz zopa. Egigurenek, baina, segituan heldu dio eztabaida politikoari: «EAJren eta PPren biktimak izango gara beti». Otegi bizi mintzo da. Trantsizio politikoan galdutako aukera gogoratu du, eta Egigurenek erantzun dio biolentziarekin amaitzeko ere aukera ona izan zela hura. Irratia piztu du Rubiok orduan, eta esatari bat sutsuki ari da 2001eko irailaren 11n New Yorkeko Dorre Bikiak suntsitu zituzten erasoen kontakizuna egiten. Mutu geratu dira. Ez dute askorik behar, baina, albisteak eragindako etenaldiaren aurreko bidera bueltatzeko. Aipatu dituzte Arjel, GAL eta Lizarra-Garazi, besteak beste, eta Otegik gehitu du Estatutua aspaldi agortu zela. Egigurenen ustez, berriz, ez dago zereginik biolentziak jarraitzen duen bitartean. Irlandako prozesua atera du arerio politikoak. Solasaldiaren tenperaturak nabarmen gorako bidea har tu duenean, «kafearen prozesua» ere martxan dagoela esan du Rubiok. Atseden hartu dute Otegik eta Egigurenek. Rubiok badaki gaua «luzea» izango dela.

Txillarretik Genevera

Bake prozesua bezalakoa: luzea eta tankera guztietako gertaerez josia. Antzezlanaren zuzendariarentzat «harrigarria» da 2000 eta 2011 artean zenbat gauza gertatu ziren gogoratzea. Bai Euskal Herrian eta baita munduan ere. Eta horien berri emango dute obran. «Ezin duzu elkarrizketa soiletan utzi, gertakariek dena baldintzatu dutelako, gertakariek osatzen dutelako testuingurua. Funtsezkoak dira ikusleak kokatzeko». Gertakari horien berri ere emango dute antzezlanean; batez ere, proiekzioen bidez. «Alde dokumentala erakutsiko dute». Perezek, gertakari horietako batzuk zerrendatu ditu: «Ibarretxe plana, Jarrai-Haika-Segi auzia, ETAren atentatu gehiago, alderdien legea, Prestige-ren hondoratzea, euskalgintzaren kontrako jazarpena, 2004ko martxoaren 11ko erasoak, Angel Berruetaren hilketa, PSOE Espainiako Gobernura iristea, Anoetako proposamena...».

Harik eta ETAko solaskideak eta Espainiako Gobernukoak Henry Dunant Humanitarian Dialogue zentroko bitartekari batekin Genevan (Suitzan) bildu ziren arte. Lehman lakuaren ondoko hotel batean, 2005eko ekainean. Bilera haietan Egigurenek, Josu Urrutikoetxeak eta nazioarteko bitartekariek parte hartu zuten. Antzezlaneko eszenetako bat da bilerena. Urrutikoetxeak eta Egigurenek kostata eman diote elkarri bostekoa, begiradak gurutzatu gabe. Hasi dira sesioan. Batak dio gobernuak ez zukeela elkarrizketetan egon behar su-eten egoerarik gabe. Besteak, prozesua atzera bueltarik gabekoa dela, gobernatzen duena edozein dela ere. Irlandako kasua jarri du Urrutikoetxeak mahai gainean, eta Egigurenek erantzun dio ezin dutela hara begira egon. Momentu horretan ETAk pertsona bat hil duela jakinarazi diote. Urrutikoetxeak hitza eman dio, ez dutela kargu politikoen kontra egingo. «Guri berdin zaigu Guardia Zibilak edo politikariak izan!», Egigurenek.

Egun haietan Londresko metroan lau lehergailu eztandarazi zituen Al Qaedak, eta Sanferminak lehertu ziren haien entzierroekin. Urrutikoetxeak eta Egigurenek egin dute zezenen aipamena arnas pixkat hartzeko, baina balizko su-etenak, horretarako bermeek eta akordiorako oinarriek, esaterako, ez diete korrikaldiaz disfrutatzen utzi. Eszenaren bukaeran zorte one opatu diote elkarri, eta azken entzierroa «motela eta garbia» izan dela komentatu dute.

Ukitu dramatikoa bezala, komikoa badute eszena horretako azken esaldiek. Baina Perezek komediatik «urrun» kokatu du antzezlana. Hasieran, baina, ez zekien lanari nondik heldu. ToñoPinto Glu Glukoari antzezlana egiteko gogoa piztu zion Egigurenen liburuaren irakurketak. Iazko Gabonak ziren. «Nik zalantzak nituen: egin, ez egin, nola egin... Idazketa prozesua oso gogorra izan da, baina asko disfrutatu dut, aldi berean», aitortu du.

Testua osatzeko, politikariekin hitz egiten saiatu zen. Erantzunak «askotarikoak» izan dira. «Printzipioz denak zeuden hitz egiteko prest, baina erantzun gutxi jaso ditugu...». Perezentzat inportanteena zen Murua Uriaren eta Rubioren oniritzia edukitzea. Entseguetan izan dira biak, Egiguren bera eta Otegiren familikoak bezalaxe. «Eta haiek gustura daudenez, ni lasaiago nago». Gainera pentsatzen du «oso arriskutsua» izango litzatekeela obra politikari guztien gustukoa izatea. «Maiz uste dut onena dela inori ez gustatzea. Nik badakit ez dudala lan objektiboa egin, bakoitzak bere burua eta bihotza dituelako».

Baina gertaerak, behintzat, objektiboak dira. Genevako bileren ondoren Oslokoak (Norvegia) etorri ziren, 2005eko azaroan. Eta 2006ko martxoan ETAren su-etena; eta ondorengo hilabeteetan ezker abertzalearen usaina zuen orori egindako jazarpena; eta Genevera atzera; eta Zapaterok Espainiako Kongresuan ETArekin hitz egiten hastekoak zirela esan zuenekoa; eta De Juana Chaosen afera; eta Amarako (Donostia) hoteleko argazkia... Gertaerak bata bestearen atzetik. Iritsi zen azkenean 2006ko irailaren 20a, sugarrek Loiolako bilerak piztea ahalbide zutenekoa.

Antzezlanean ikusten da nola biltzen diren. Nola elkar agurtzen duten denek: Rodolfo Aresek, Egigurenek (PSE), Josu Jon Imazek, Iñigo Urkulluk (EAJ), eta ezker abertzaleko Arnaldo Otegik eta Olatz Dañobeitiak. Otegik berak argitu nahi izan du garrantzitsua dela zenbait gauza zehaztea: ordutegiak, etenaldiak, bazkaltzera norekin joan... «Bai, eta komunera joateko txanda ere nola eskatu erabaki beharko dugu!», egin dio arrapostu, Aresek. Otegi bera eta Egiguren mintzo dira batez ere; baita Imaz ere. Urkulluk bien bitartean, dena apuntatzen du ordenagailu eramangarrian. Nafarroaz ari da Otegi, Zuberoaz, Lapurdiz, eta berriro Aresen bat-bateko erantzuna, ironiaz: «Bai, baita Benidorm ere, no te jode!». Altxatu egin da Ares, eta alderdikide bati deitu dio: «Badakizu, hauek betikoarekin dabiltza».

«Morbo handia» eragin dezake antzezlanak, Perezen ustez. «Herri honek badu politikarekiko interesa». Hortaz «gertatu dena» kontatu nahi du. «Eta esan nahi dut, orain dela sei urteko egoerarekin alderatuta, gaur egun kristoren immobilismoa dagoela Espainiako Gobernuaren partetik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.