Komunikazioa

'Goenkalez blai' saioa emango dute uda honetan ETB1 katean

Uztailaren 12tik aurrera asteartero 'Goenkale'-n hamazazpi urteotan gertatu diren istorioak emango dituzte berriro
Maria Cruickshank.
Maria Cruickshank. ETB

U.U. -

2011ko ekainak 17
Goenkale telesailak hamazazpi denboralditan izan dituen hainbat istorio gogoraraziko dituzte uda honetan ETBn. Uztailaren 12tik aurrera, Maria Cruickshank aktoreak (Itsaso telesailean) Goenkalez blai erreportaje saioa aurkeztuko du, astearte gauetan. Berriro emango dituzten istorioak «behar bezala» jantziko dituzte. Hala, atal bakoitzean telesailean aritu diren aktoreak gonbidatuko dituzte. Atzera begiratu ez ezik, aktoreek gaur egun zer egiten duten ere kontatuko dute. Besteak beste, honako kontakizunak gogoraraziko dituzte: Ginaren heriotza, Maria Luisaren bilobaren bahiketa eta Leonor Arraldera iritsi zenekoa. Kontakizun bakoitza gertatu zen urteari begiratu bat emango diote bide batez. «Telesailaren jarraitzaileek oroimen bizi-biziz gordetzen dituzten istorioak izango dira denak», azaldu du ETBk. Bere testuinguruan kokatuko dituzte fikziozko gertaera horiek.

Goenkalez blai programa berriaren zuzendaria Aitor Osa izango da.

Telesailak datu onak ditu

Goenkale denboraldi honetan datu onak lortzen ari da. Euskaldunen artean %12,2ko batez besteko ikusle kuota du. Joan den asteartean, berriz, 102.000 lagunek egin zuten bat uneren batean euskarazko telesail bakarrarekin.

Badira aste batzuk taldeak grabaketak amaitu zituela. Denboraldiko azken emanaldia, berriz, uztailaren 5ean izango da. Irailean itzuliko da ETB1era.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna