Greba eguna dute Portugalen, lan araudi berriaren kontra

Urte eta erdian hirugarren lanuzte orokorra izango da; herrialdeko sindikatu handienak antolatu du

2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Urte eta erdi baino gutxiagoan hirugarren greba orokorra egingo dute gaur Portugalen. Oraingoa herrialdeko sindikaturik handienak (CGTP) antolatu du, gobernuak, patronalak eta bigarren sindikatuak (UGT) orain aste batzuk hitzartu zuten lan erreformaren kontra. Espainiako Gobernuak onartutako erreformaren ildo beretik doa Portugalgoa ere. Gobernuaren esanetan, lan merkatua liberalizatzea eta lanpostuak sortzea du helburu; CGTPren ustetan, ostera, kaleratzeak merkatzea eta lan kostuak murriztea.

Aurreko bi greba orokorrak bi sindikatu handienek batera iragarri zituzten; oraingoa CGTPk bakarrik egin du. Hala ere, deialdiak erantzun zabala izango duela diote Portugalgo hedabide askok. Garraio publikoko hainbat zerbitzuk ez dute gutxieneko zerbitzurik ere emango, Lisboako metroak eta Tajo ibaia gurutzatzen duten itsasontziek, esaterako. Trenetan eta autobusetan, aldiz, gutxienekoak bermatuko dituela ziurtatu du gobernuak.

Normalean, grebarako deialdiek Lisboan eta Porton izaten dute arrakastarik handiena, hiriguneetan. Eta, ziurrenik, halaxe gertatuko da gaurkoan ere. Dena dela, zaila izango da kontaketa egitea, gobernuak eta enpresaburuen elkarteek ez dutelako ematen jarraipenaren inguruko zifrarik eta sindikatuek soilik lekuan-lekuko datuak emateko joera daukatelako, ez datu orokorrik.

Urte eta erdian hirugarren greba orokorra da, eta Pedro Passos Coelho lehen ministroa herrialdearen gidaritzan denetik, iazko ekainetik, bigarrena izango da gaurkoa. Justu, bihar beteko da urtebete Jose Socratesek, aurreko lehen ministroak, dimisioa eman zuela. Oso egoera larrian zen orduan herrialdea, eta parlamentuak erreskatea saihesteko laugarren murrizketa plana atzera botatzean, kargua uztea erabaki zuen Socratesek. Handik gutxira, laguntza onartu behar izan zuen.

Portugalen ez ezik, Italian ere haserre dira, Mario Montiren gobernuak egin duen lan erreformarekin. Herrialdeko sindikaturik handienak (CGIL) aurreratu du zortzi orduko greba orokorrera dei egingo diela herritarrei, baina oraingoz ez du esan noizko. Besteak beste, bidegabeko kaleratzeei buruzko arauak aldatuko ditu erreforma horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.