Hirietarako bidaiak (I). Londres

Kultura, sormena eta aniztasuna

Big Ben eta Hyde Parkez gain, hainbat toki bisitatu daitezke Londresen. 170 museo baino gehiago daude, eta gastronomiari dagokionez ere, aukera ugari eskaintzen ditu.

Shoreditch High Street beti da elkartzeko gunea, asteburuetan festan ateratzeko; tabernaz jositako kale hau ezaguna da oso Londresko ekialdean. MAIDER LACALLE.
Londres
2013ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Samuel Johnson idazle ingelesak hala esan zuen behin: «Londresez nekatuta dagoena bizitzaz nekatuta dago». Eta horrela pentsatzea suerta dakioke Londresera iristen denari.

Londresen hitz egiten dira munduko hizkuntza gehienak, eta urtean izaten diren 17.000 musika ekitaldirekin baino gehiagorekin, duda izpirik ere ez dago metropoli erraldoi hori munduko kultura hiriburua dela, New York, Paris eta Berlin atzean utzita.

Hainbeste ekintzarekin ez da harritzekoa Londresen bizi den jende gehienak maitasun-gorroto harremana izatea hiriarekin.

Hiri handietan dena izaten da iraungikorra, eta Londresen bizi direnek badakite aldaketa beti pauso batzuetara besterik ez dagoela. Hurrengo astean etxekideak etxea utz lezake, edo hurrengo egunean bertan auzoko ikuztegia itxi dezakete. Horregatik da hain berebizikoa oraina harrapatzea eta dastatzea, eta beharbada batzuetan zaila gertatzen da, Londresek ospetsu bihurtu dituen egun euritsuak direla eta.

Hein handi batean, londrestarrek udako egun eguzkitsuak noiz iritsiko diren beren buruari itaunduz igarotzen dituzte urteko gainontzeko urtaroak, eta batek baino gehiagok krudeltzat hartzen du hiri izugarri polit eta estiloso horri natura amak horren zeru grisak eman izana. Baina, seguruenik, Londresek sekulako eguraldi eguzkitsua balu, ingelesak kalean egongo lirateke kanpoko bizitzaz gozatzen, eta ez barruan, egiten duten moduan, ideiak asmatzen, kontzeptuak sortzen eta beren bizitza arteari eskainiz.

Londresen, 170 museo baino gehiago daude, 380 liburutegi publiko baino gehiago, eta, bere tamainako munduko beste hiriekin konparatuz, gune berde gehien duen hiria da —espazioaren %40 parkeek osatzen dute—. Europako hiririk handiena da, eta munduko seigarren postua hartzen du aberastasunari dagokionez. Milioi bat biztanle izatera iritsi zen munduko lehen hiria izan zen, eta 1957. urtera arte munduko hiririk handiena zen, Tokiok abantaila hartu zion arte. 270 metro geltoki dituen hiri honen inguruan, beraz, milaka gertakari daude.

Big Ben eta Hyde Parkez gain, Londres metropoliak baditu lehen begiradan ikusten ez diren altxorrak.

Londresko ekialdean has daiteke hiriaren bisita, East London-en, The Houses of Parliamentetik urrun. Cambridge Heatheko tren geltokia artistaz beteriko auzo horretan dago. East London jende gaztea parrandan ibiltzen den auzoa da, eta seguruenik moderno gehien ibiliko den gunea. Tren geltokiaren alboan, Hurwundeki dago. Ezinezkoa da bistatik galtzea, kanpoalde retroa duen kafetegia baita. Kafe ona eta muffin edo madalena zaporetsuak dastatu ahal izango ditu bisitariak, barrualde bukolikoaz gozatzen duen bitartean.

Cambridge Heath tren geltokia ezkerretara utzita, Hackney Road dago. Marc Bolan, Michael Caine eta Alfred Hitchcock hartu izan ditu Hackney auzoak, baina auzo hori East Londonen zati bat besterik ez da. Handik gertu dago, adibidez, Liverpool Street geltoki famatua.

Hackney Roadetik behera abiatuta, Londresen erdialderantz, Hackney City Farm dago; haurrei gai organikoen ikaskuntza prozesuan laguntzeaz gain, baserria ere bada. Goizean txerriak edo behiak laztantzeko gogorik ez badu bisitariak, kafetegian sar daiteke freskagarri organiko bat edateko. Gau batzuetan kontzertu interesgarriak ere izaten dituzte, eta eskuz egindako pasta platerak dasta daitezke.

Baserria baino lehenago dagoen Goldsmith's Row kaletik abiatuz gero, Broadway Market izeneko merkatu zoragarria dago. Larunbatero elkartzen dira han look originalenak janzten dituztenak eta azken belaunaldiko osagarriak eramaten dituztenak. Krepe, paella eta halakoen artean, diskoak eta arropa vintage-a ere aurki daiteke; baina giroa da, batez ere, merkatu horrek eskaintzen duena.

Zerbait hartzeko, The Dove estilo britaniarreko pubera joan daiteke; polita izateaz gainera, zerbeza esklusiboak eskaintzen ditu, Delirium Tremens garagardo belgiarra, besteak beste. Merkatuaren amaieran, London Fields parke zoragarria ikusi ahal izango du bisitariak.

Polita izaten da baita ere Broadway Marketen aldamenean dagoen Regent's Canalean paseotxo bat ematea. Handik Regent's Parkera joan daiteke, baita azken horretatik gertu dauden eta hain famatuak diren Abbey Road musika estudioetara ere. Little Venice ere oso ezaguna da, eta bisita bat merezi du: kanalez eta naturaz betetako gunea da.

Hackney Roadetik behera jarraituta, Londresko ekialdeko beste altxor bat topa daiteke. Long White Cloud Zeelanda Berriko jabe bik daramaten kafetegia da; frittata begetarianoak eta arrautzak izokinarekin dasta daitezke bertan. Kafetegi txikia da, baina dotore antolatuta dago. Long White Cloudek beti du zer edo zer interesgarria hormetan; normalean koadroak izaten dira, baina batzuetan instalazioak ere jartzen dituzte. Horretaz gain, gau bakoitzean herrialde bateko janaria prestatzen dute: italiarra, mexikarra...

Hackney Roadetik abiatuz oraindik, Shoreditch High Street kalera iritsiko da bisitaria. Kale hori tabernaz gainezka dago, eta asteburuetan ezinezkoa izaten da inolako geldialdirik egin gabe zeharkatzea. Kalea gurutzatu, eta Old Street karrika dago. Eraikin herdoilduak, leiho luzeak eta kale estuak ikus daitezke aldamenetara begiratuz gero; eta, atzealdean, Liverpool Streeteko eraikin altuak eta berriak, garbiak eta gardenak. Kontraste huts batean bizi da Londres.

Momentu batez eskumako sarrera txikia hartuta, Hoxton Squarera iristen da, plaza polit txiki batera. Zuhaitz altuak, etxe miresgarriak eta dantza egiteko leku pila bat daude.

Kultur eskaintza handia

Old Streeten barrena eta izen bereko metro geltokirantz joanda, aldamenetan grafitiak ikus daitezke. Stick Man ere hortik dabil, horma altu horietako batean, publizitate billboard handientsuen alboko paretetan. Old Streetetik jarraituta, bizikleta pila batek ongietorria egingo diote bisitariari, Look Mum No Hands jatetxean. Inguruko begetarianorik onenetarikoa da; eta, horretaz gain, bizikletak konpontzen dituen tailer txikia ere bada.

Old Streetetik behera abiatuta, Whitecross merkatura irits daiteke, zeina aste barruan jendez gainezka egoten den. Izen bereko kalea beherantz hartuz gero, kulturaz beteriko zentro zoragarri batera hel daiteke. Turista askok ez dute ezagutzen, Londresko hiriak kudeatzen duelako eta printzipioz hirian bizi direnentzat delako bakarrik, baina The Barbicanek Londres hiriak eskaintzen duen programa artistikorik onenetarikoa du. Londresko Jazz Jaialdia, antzerki lanak... eraikinean sartzea bakarrik merezi du arkitektura miretsi ahal izateko. Eguna eguzkitsua izanez gero, aukera ona izan daiteke atzeko partean dagoen jatetxean bazkaltzea —janaria paregabea izaten da, eta paisaia, ederra—. Great Russell Street kalea hartuz, The British Museum dago; sabaia zoragarria da —Norman Foster arkitekto britaniar famatuak diseinatu zuen—. Sarrera doakoa da, Erresuma Batuko museo publiko guztietan bezala, eta merezi du sartzea, alderdi arkitektonikoa miresteko bakarrik bada ere.

Hiriko txinatar janari tradizional onena dastatzeko, Chinatown auzoko Jen Cafera joan daiteke bisitaria. Dumplings-ak izugarri famatuak dira, eta dudarik gabe jatetxe horretako plater ezagunena da. Arratsaldean gozo bat jan nahi izanez gero, zer leku hoberik Curzon Cinema baino? Sohoren erdialdean eta Jen Cafetik oso gertu, kafetegi dotorea duen zinema berri horrek tarta bikainak ditu salgai, eta dekoratze garaikide horrekin, ezin pentsa Londresko itzuliari bukaera emateko era hoberik.

BIHAR: Hirietarako bidaiak (II): La Paz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.