Tokiko Administrazioaren lege erreforma

Txikien etorkizuna zintzilik

Espainiako Gobernuaren udalen erreforma legeak Hego Euskal Herriko udalerri eta entitate txikiak desagerraraz ditzakeelako kezka zabaldu da. Udalerrien %82k eskumenak gal ditzakete legearekin.

Edurne Begiristain.
2013ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko ehunka udalerri txikien etorkizuna zintzilik dago. Izan ere, Espainiako Gobernuak onartuko duen Tokiko administrazioa arrazionalizatzeko eta iraunarazteko lege erreformak udalen eskumenak edukiz hustu eta horiek desagerrarazteko bidean jar ditzake. 20.000 biztanleko baino gutxiagoko udalerriei eragingo die bereziki legeak, eta areago, 5.000 baino gutxiago dituztenei. Hego Euskal Herriko udalerrien %82k 5.000 biztanle baino gutxiago dituzte, eta beraz, legea indarrean sartzen denean, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 430 udalerrik eskumenak gal ditzakete.

Lege erreformaren tramitazioa azken txanpan sartu da. Osoko zuzenketa guztiak atzera bota ondotik, Senatura bidean da, handik Kongresura itzuliko da, eta urtea amaitu aurretik onartu egingo dute. PPk gehiengo osoa du bi ganberetan, eta haien botoa nahikoa da legeak aurrera egin dezan. Espainiako Gobernuak «sakabanaketa administratiboari» aurre egiteko asmoz landu, garatu eta aurrera aterako du legea. PPk dioenez, dirua aurreztea da erreformaren xede nagusia: zehazki, 8.024 milioi euro aurreztu nahi ditu, 2019.urtera bitartean.

Legea indarrean sartzen denean, eskumenen banaketa berria egingo da, eta egun udalek hezkuntzan, osasunean eta gizarte zerbitzuetan dituzten eskumenak autonomia erkidegoen eskuduntza bihurtuko dira. Horrekin batera, Diputazioen boterea «indartu» egingo da, udalen kaltetan. Izan ere, lege erreformarekin udalek zerbitzu publikoen «egiazko kostua» jakinarazi beharko dute, eta zerbitzu horiek diputazioek merkeago eman baditzakete, haien esku geratuko da kudeaketa. Erabaki horrek, batez ere, 20.000 biztanletik beherako udalerriei eragingo die.

Tokiko erakundeen gaineko kontrola ere handituko du Espainiako Gobernuak, eta horien organo kontu hartzaileei betebehar berria ezarriko die: urtero, udaletxeek txosten laburpen bat bidali beharko diote Estatuko Administrazioaren kontu hartzaile orokorrari, udalerrien jardun ekonomiko eta finantzarioaren berri emateko. Udalerriak baino tamaina txikiagoa duten toki erakundeen kasuetan, berriz, hiru hilabete izango dute euren kontuak erkidegoari eta Estatuari aurkezteko. Hala ez badute egiten, desegin egingo dira, eta dagozkien udalerrien menpe geratuko da haien kudeaketa.

Udalerri berrien eraketari edota horien banaketari «traba handiagoak» ezarriko zaizkiela iragarri du gobernuak, eta «batu» egiten direnak, berriz, sarituko ditu, pizgarriak emanez. Hala, gobernuak finantzaketa handiagoa emango die mugakide izanda eta herrialde berean egonda «batzea» erabakitzen duten udalerriei. Ordea, mugatu egingo ditu toki erakundeek elkartzeko duten eskubidea. Batetik, mankomunitateak osatzeko muga argiak ezarriko zaizkielako. Eta, bestetik, administrazio publiko batzuekin hitzarmenak egin ahal izateko eta partzuergoak sortu ahal izateko, irizpide batzuk ezarriko direlako: eraginkortasunaren irizpidea, bikoizketak kentzea eta zerbitzuaren kostu estandarra. Hala, toki erakundeek derrigor lehenetsi beharko dituzte hitzarmenak, partzuergoen aldean.

Horiek hala, lege erreforma honekin kezkatuta daude Euskal Herriko udalerri asko, haien eskumenak mehatxatuta ikusten dituztelako eta euren biziraupena kolokan jartzen delako. Euskal alderdiek ere gogor kritikatu dute Espainiako Gobernuaren asmoa. Kongresuko tramitean osoko zuzenketak aurkeztu zituzten oposizioko alderdi guztiek, baina EAJk azken orduan kendu egin zuen berea, PPrekin akordioa lortu ondotik. Horren arabera, tokiko administrazioen eskumenetan azken hitza Diputazioek izatea onartu du PPk. Jeltzaleen bi zuzenketa gehitu dizkio PPk legeari: foru izaerari erreferentzia egiten diena batetik, eta diputazioei tutoretza finantzarioaren aitortzen diena, bestetik. Euskal alderdiek eta eragileek tentuz jaso dute akordioa, baina ez die apaldu lege berriak sortu dien kezka.

IRATXE LOPEZ DE ABERASTURI Udalbiltzako lehendakariordea

«Legeak ez ditu Euskal Herriko beharrak asetzen»

Udalbiltzako lehendakariordeak uste du lege honek Euskal Herriaren egitura instituzionala desagertzea ekarriko duela. «Kanpotik egindako legea da, eta ez ditu, inondik ere, Euskal Herriko beharrak asetzen», gaineratu du. Praktikan izango dituen ondorioez ohartarazi du Udalbiltzako buruak, udal txikien eguneroko jarduna beste erakunde batek antolatu behar izatea «kaltegarria» litzatekeelako. Pribatizazioari ateak ireki, zerbitzu publikoak murriztu eta lan baldintzak prekarizatuko direla iritzi dio, halaber. Entitate txikien kasua bereziki larria dela nabarmendu du, gainera. Kontzejuen izaera juridikoa airean geratuko dela dio, haien eskumena aldundien eskuetara pasako delako. «Izugarria da esatea kontzejuek dirua poltsikoetara eramaten dutela. Auzolanaren iturri dira, eta inork ezin du lan bera horren diru gutxirekin egin». EAJk eta PPk lortutako akordioari dagokionez, ez duela aldaketarik ekarriko uste du: «Udal txikiak aldundiaren menpe geratuko direnez, azken horien boterea indartuko da, eta ez die inolako onurarik ekarriko entitate txikiei».

JAVIER ARGOTE Arabako Kontzejuen Elkarteko burua

«Kontzejuak desagertuta, ez dute sos bat ere aurreztuko»

Kontzejuen etorkizunarekin kezkatu dago Javier Argote AKE Arabako Kontzejuen Elkarteko lehendakaria : «Damoklesen ezpata gainean dugu». Uste du zentzugabea dela estatuan dauden hiru mila entitate txiki eta Araban dauden 335 kontzejuak ezabatzea, eta argi du horiek desagerrarazita ez dela «sos bate ere aurreztuko». Kontzejua baino administrazio merkeagorik ez dagoela dio: «Ez dugu soldatarik ordaintzen, eta gure kontuak familia batek dituenaren antzekoak dira». Gobernuak dirua aurrezteko emandako argudioa «aitzakia» baino ez dela uste du: «Zerbitzu publikoak birzentralizatzea eta pribatizatzea nahi du». Jeltzaleek Madrilen lortutako akordioa zuhur hartu du Argotek, nahiz eta aitortu hobe dela udalei eragiten dizkieten erabakiak Batzar Nagusietan hartzea, Madrilen baino: «Neurri batean pozgarria da akordioa, gertuko erakundeekin eztabaidatu beharko ditugulako gure eskumenak, eta ez urrun dagoen horrekin, alegia, Madrilekin»

ONINTZA ENBEITA Amaiurreko diputatua

«Demokraziaren aurkako eraso bat da»

Arrazoi nagusi bat du Amaiurrek udal lege erreformaren aurka jotzeko: «Demokrazia parte hartzailearen aurkako eraso bat da eta PPk dena zentralizatzeko nahiaren isla da». Onintza Enbeita diputatuak ohartarazi duenez, bereziki larria da Euskal Herrian 5.000 biztanletik beherako udalerrien kasua, eta Araban eta Nafarroan dauden entitate txikiena, ia eskumenik utziko dituztelako. EAJk eta PPk lortutako akordioarekin, berriz, egoera zerbait «hobetu» daitekeela aitortu du, Espainiako Gobernuaren esku beharrean, Diputazioen esku geratuko delako udalen eskumenetan parte hartzeko aukera. Ez du argi, ordea, itunari esker Hego Euskal Herriko udalen eskumenak blindatuko diren: «Izaera forala babesten du, baina zirrikitu bat uzten du udalen eskumenak edukiz husteko». Akordioak akordio, Kongresuan legearen aurka bozkatuko du Amaiurrek: «Lege hau ez dugu nahi, ez hemen ez inon».

JOSE ANTONIO PASTOR PSE-EEko bozeramailea

«Jeltzaleek traizio egin diete euskal udalerriei»

PSE-EEko eleduna kritikoa da oso EAJk Madrilen lortu duen akordioarekin, eta ez du uste onurarik ekarriko dienik euskal udalerriei. Pastorren ustez, EAJk «traizio egin» die euskal udalerriei eta «engainatzen» saiatu da: «Foru berezitasunak gordeko direla esatea erredundantzia da, horiek Konstituzioak berak bermatzen dituelako». Legearekin dirua Espainiako Gobernuak aurreztuko duela esatea «lelokeria galanta» iruditzen zaio PSE-EEko eledunari, krisi garaian ere udalak izan direlako erakunde eraginkorrenak eta diru gutxien xahutu dutenak. Haren ustez, legearen azken helburua udalen autonomia ezabatzea da, estatuko administrazioen menpe geratzeko. Herrialde modernoenetan udalek duten zereginarekin alderatuz gero, «atzerapauso erraldoia» da lege hori, dioenez.

UXUE BARKOS Geroa Bai-ko diputatua

«Udalen zor publikoa ez da %5era ere iristen»

Uxue Barkosek argi du dirua aurreztea ez dela legearen helburua, udalen zor publikoa ez delako %5era iristen. Helburu sakonago bat ikusten du: «Herritarren beharren eta udalaren lanaren arteko harremanak apurtu nahi dira, gastu soziala murrizteko». Udal autonomiaren aurka egiten duelako dago legearen aurka Geroa Bai. Aitortu du, hala ere, jeltzaleek lortutako akordioak «leundu» egingo dituela legearen ondorioak Hego Euskal Herrian. «Ahalegin positiboa da, geure erantzukizuna delako tresna guztiak erabiltzea euskal udal sistemaren defentsa egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.