Roberto Camara. Navarra Television kateko zuzendaria

«Euskarazko albistegia intentzioz beteko dugu, filosofia propio batekin»

urtzi urkizu
Donostia
2012ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Azkeneko lau urteetan Canal6ko zuzendaria izan da Roberto Camara (Durango, Bizkaia, 1977).

Nolakoa izan da Canal6 eta Popular TVren bat egitea?

Nafarroako Gobernuak diru laguntzen lehiaketa bidez egitea erabaki zuen, lau eduki motarekin. Canal4 itxi ostean, bi kateen artean hurbiltze bat izan zen. Lehiaketan, lau proiektuetatik hiru Canal6entzat izan ziren, eta bat Popular TVrentzat. Berriro harremanak hasi ziren, ikusi baikenuen enpresen arteko oreka bat hobea litzatekeela. Canal6ek Popular TV beretu zuen orduan. Canal6ek Popular TVko 22 langileetatik 19 jaso zituen; Canal4ko langile batzuk ere iritsi ziren. Lucia Riaño kazetaria, berriz, Madrildik etorri da gaueko albistegia gidatzeko.

Zer ezaugarri eta eduki izango ditu Navarra Televisionek?

Zerbitzu publikoko bokazioarekin sortu da Navarra Television. Gure 60 langileak saiatuko dira edukietan pluraltasuna eskaintzen, eta sentsibilitate sozial eta politiko guztiek tokia izan dezaten. Zuzeneko hiru albistegi egingo ditugu, bakoitza bere ezaugarriekin. Gaueko hamaiketan, aditu bat izango dugu Nafarroako albiste garrantzitsuena aztertzeko.

Bigarren katean euskarazko albistegi bat egingo duzue arratsaldero. Ikusle euskaldunengana iristen saiatuko zarete?

Bai. Navarra Televisionek zerbitzu publikoa emango badu, ezinbestekoa izango da nafar guztiek euren bizimodua eta eguneroko bizimodua telebistan islatuta ikustea, bi hizkuntzetan. Nafarroako albisteak euskarazko albistegia intentzioz beteko dugu, eta filosofia propioa izan dezan saiatuko gara. Egun batzuetan lehen kateko albistegiko gaiak eta euskarazkoenak ezberdinak izango dira. Euskarari lotutako gaiekin keinu bat egingo dugu. Bestetik, lan munduaz saio bat egingo dugu gaztelaniaz eta euskaraz. Lana bilatzen eta eskaintzen dutenen bozgorailu izango gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.