Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Lardaskeriak

2013ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Nire lagun Felixi ez zitzaion gustatu joan den asteko zutabea. «Lardaskeria zuan, Xabi. Baina nork sinetsiko du hik kontraespioitza egiten dieala amerikarrei. Baina zer tontakeria mota da hori? Egunetik egunera pitzatuago hago, Xabi. Hi ez haiz konturatzen baina jendeak barre egiten dik».

Arnasa sakon hartu eta buruz ikasitako erantzuna botatzen hasi nintzaion. Zoritxarrez, nire lagun Felixek ere ikasi du.

«Bai, bazekiat. Fikzioa erabiltzen duk egoera zehatz bat salatzeko. Eta hik heuk badakik inork ez dituela sinesten hire elkarrizketa faltsuak. Baina hiri bost, hiretzat nahikoa duk salaketarekin batera irakurlearen irribarrea lortzea. Bai, bazekiat hori guztia. Baina argi esango diat: fikzio mota hori utzi beharko huke. Asmatzen duan fikzioa asmatzen duala, errealitateak beti uzten hau barregarri».

Ez nekiela zergatik epaitzen ninduen horren zorrotz esan nion.

Felixek esku-telefonoko Twitter aplikazioa zabaldu eta argazki bat erakutsi zidan. Bertan, Gadget inspektorearen lanabesak ziruditen objektu batzuk ikusi nituen.

«Begira Espainiako zerbitzu sekretukoek Ernai-ko gazteei egindako entzuketen frogak. Hiri normala iruditzen al zaik XXI. mendeko espia batek horrelako tramankuluak erabiltzea?».

Ezetz erantzun nion, hura ere lardaskeria zela.

«Lardaskeria, bai, baina itzela, sekulakoa! Lardaskeriatan hik segi txikira jokatzen, eta ikusiko duk… Errealitateak beti irabaziko dik eskutik...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.