Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Bide-orria

2014ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Aurki Lizarrustihistandarrok hitzordu garrantzitsua izango dugu. Ezohiko batzarra izango da zeina, ohi bezala, gure mugetatik at egingo dugun. Aurten, Garesen elkartuko gara, Nafarroako Toskanan. Haraino eramango ditugu gure Mari Puriren gazta tarta nazionala bertako lagunekin partekatzeko, bai eta gure petanka jokoak ere. Zoragarria izango da!

Bai, badakit... Horrela esanda, balirudike parranda egitera goazela, baina hori ez litzateke guztiz egia. Izan ere, batzarrak baiezkoa emango baitio Lizarrustihistan independentziara eramango duen bide-orriari. Gu horrelakoak gara: jaiak bai, txostenak ere bai. Ondo antolatuz gero, nahi beste denbora dena egiteko...

Ez dizuet, baina, gezurrik esango. Batzarrak onartuko duen testua ia zehaztuta dago. Xehetasun tekniko batzuez landa, ezer gutxi geratuko da eztabaidarako. Eta, gauzak horrela, azaroaren 8an, larunbatarekin, egingo dugu herri-galdeketa. Estatuak egiten utziko baligu, no problem. Utziko ez baligu, baimenik gabe egingo genuke, eta ezingo bagenu, alde bakarreko independentzia aldarrikatuko genuke.

Espainiari aukera bakarra geratuko litzaioke orduan: Lizarrustihistango erakundeak indarrez hartzea.

Eta hori, ene lagunok, gure gazta tarta nazionala debekatzea bezain onartezina litzateke.

Modu batera zein bestera, geu garaile. Hortik aurrera denbora kontua baino ez da izango...

Ikusten? Ondo antolatuz gero, nahi beste denbora dena egiteko...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.