Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

'Athletic directo'

2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Ala Handiak luzaroan gorde dezala ETBko zuzendari Alberto Surio —eta, bide batez, ni libra nazala salaketetatik— baina, gizakiok bizitzaren hondarrean lotsa galtzen dugulako kontu hori egia izatera, gizajoa azkenetan dagoela —beti ere metaforikoki— esango nuke. Izan ere, Athleticek Bukaresten jokatutako finalaren egunean, Surio jaunak lotsa erabat galdu duela erakutsi baitzuen.

Azter dezagun finalaren arratsaldea gure kate publikoan. ETB-1ek honako hau eskaini zigun: hasteko, Italiako Giroa. Jarraian Harian saioaren bi ale, Athleticek Europako Ligan jokatutako partiden harira bai, baina biak ala biak izozkailutik atera berriak. Gero, Maialen Iriarteren Azpimarra, Iparraldearen Orena, Gaur Egun, Ai ama, Mihiluze eta 80. egunean izeneko pelikula bikaina —eta Bizkaian share ikaragarria izan zuena—. ETB-2n, ordea, Euskadi Directo osoa eskaini zioten partidari, eguerdiko ordu batean hasita. Teleberri-aren ostean, Ni más ni menos saio osoa, eta jarraian, Athletic Directo, partida hasi arte. Partida ezin zuzenean eman eta jokatzen ari zirenean, gaueko informatiboa eskaini zuten. Behin partida bukatutakoan, atzera ere Athletic Directo. Programa horietan guztietan —esan gabe doa— zuzeneko konexio ugari egin zituzten... Bukarestetik, San Mamesetik, Bilboko kaleetatik…

Dena zuri-gorri, bai… dena zuzenean… dena zuzenean gaztelera ederrean …

Euskara ondo dago, baina gauza garrantzitsuak gazteleraz…

Ez al da hala, Alberto?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.