Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Banaketa

2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Bizitza zer den! Joan den astean Wert ministroaren proposamen ausart eta demokratikoak txalotzea egokitu zitzaidan, eta gaur ere Espainiako Gobernuko beste ministro baten bertuteak eta dohainak goraipatu beharrean nago. Baten batek koipekeriatan ibiltzea leporatuko dit, baina Maratilagileok egiari zor gatzaizkio eta ez da nire errua bi ministrok gauzak ondo egiten badituzte bi aste segidan.

Kasualitate hutsa da.

Natorren harira, baina. «Aurrekontu hauek historiako sozialenak izango dira», esan zuen Montoro ministroak orain dela hiru bat aste Espainiako parlamentuan. Segundo bat geroago oposizioa sutan zegoen. Arrazoirik gabe, noski, Montorok ez baitzuen gezurrik esaten.

Gehiegi arakatu gabe, adibide argi bat topatuko dugu istiluen kontrako materialaren atalari dagokion aurrekontuan, zeina %1780 igoko baita agintaldi honetan. Guztira 10 milioi euro inbertituko ditu Espainiak kaskotan, peloterotan, gomazko pilotatan eta borratan.

Eta, ene lagunok, ez al da dagoen guztia denon artean eta inolako diskriminaziorik gabe banatzea aurrekontu sozial baten ezagugarririk behinena? Ba horixe bera egingo dute, dagoena denon artean banatu.

Banaketa sistema zehaztuta ez badago ere, hiritarrok ez dugu zertan kezkatu: denontzat egongo da. Beraz, lasai: nork bere borra-zartakoa jasoko du. Nork bere gomazkopilotakada. Deskuiduan, adeitasunez eta maitasunez eskainia.

Ni irrikan nago, nirea noiz jasoko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.