Bide beretik doazen herriak elkarren arteko sinergiak bilatzera kondenaturik baitaude, berriki Bartzelonan izan naiz Lizarrustihistango Independentziaren Aldeko mugimenduaren izenean. Eta, behin etxeko epelean gorputza apur bat goxatu ondoren, balorazioa egiteko tenorea iritsi zaigu.
Zinez interesgarria bisita, aizue.
Egia da agenda eta potrokolo arazoak direla kausa ez dugula lortu ez Artur Masekin hitz egitea —apur bat estutu nahi genuen— ezta Oriol Junquerasekin biltzea ere —apur bat estutu nahi genuen Mas are gehiago estu dezan— baina, hala ere, probetxuzkoa izan da bidaia. Izan ere, etorkizunari begirako iritzi eta esperientzia interesgarri franko trukatzeko parada izan baitugu.
Batik bat, arlo kulinario-kulturalean.
Ze onak, aizue, Torredembarrako calçotak, xirmendutan erreak!
Eta ze onak, aizue, Gironako butifarrak!
Eta zer esango dizuegu cavaz…!
Nahi dutena esango dute, baina, burbuila artean bada ere, ondorio argi eta garbi batera iritsi ginen Lizarrustihistango ordezkaritza osatzen genuenok: atzerrian saltzeko moduko gastronomia indartsu bat behar dugu independentzia lortuko badugu. Gure Mari Puriren gazta tarta nazionala mundua txunditzeko modukoa da, bai, baina ez da nahikoa. Gehiago behar dugu.
Horregatik, Lizarrustihistango telebista publikoko zuzendari berriari proposatuko diogu programazioa sukaldaritza saioz bete dezan.
Zalantzarik gabe, gutxitan jorratu dugun arloa da.
Estrategikoa, gainera.
Maratila
Sinergiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu