Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Tabakoa

2013ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Hitz egiteko gogoz dagoenean, nire lagun Felix tsunami bat bezalakoxea da. Hor dago, isilik, zure ondoan, baina egongo ez balitz bezala. Tsunamietako olatuei gertatu bezala, bat-batean desagertzen da, atzera egiten du, eta bere baitan biltzen da. Gero zerbitzariari zuzentzen zaio, eta beste bi garagardo eskatzen ditu, beste pote bat nahi dudan ala ez galdetu gabe. Eta konturatzen naizenerako, hortxe daukat Felixen diskurtsoaren olatu erraldoia gainean.

Nik jada ez dut korrika egiten.

—Biltzeko tabakoa erretzen hasi nauk, Xabi. Eta badakik zergatik? Nire aitonarengatik!

Irribarre egin zuen, nik ikusten ez nuen lotura hura begi-bistakoa balitz bezala…

—Gerrara goazak, Xabi. Zehazkiago, gerraostekora. Kapitalistek, aberatsek, ultraeskuindarrek… joan den mendera itzularazi nahi gaitiztek,100 urte atzera egin nahi ditek, 80 urte atzera, eskubiderik gabeko gizarte batera… Haiek lur-jabeak, haiek jauntxoak, haiek dena… Eta guk ezer ez… Ez dirurik, ez duintasunik, ezta lanik ere… eta lan egiteko aukera duenak ipurdia eskaintzeko prest egon behar… Begira Caritas, begira elikagai bankuak… lepo zabiltzak, jendeak gosea pasatzen dik, Xabi, eta hori horrela duk… Gure aitona-amonen garaietara itzularazi nahi gaitiztek, gerrarik gabeko gerraosteko batera, eta lortzen ari dituk… eta ezer egiten ez badugu, lortuko ditek… Ni jada aitonak erretzen zuen moduan hasi nauk erretzen…

Esan gabe doa, blai iritsi nintzen etxera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.