Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Iraganaz

2013ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Joan den astean, Santi Leonek Maratila interesgarri bat idatzi zuen Valentziaz,Kataluniaz eta Euskal Herriaz. Eta hiru herrion arteko ezberdintasunez ari zelarik, honako hau zioen bere testuaren bukaeran: «Katalunia Estatua falta duen herria da; hemen, berriz, herria osatu gabe, Estatu bat iraganean bilatu nahian tematuak gabiltza». Hemen horrek —esan gabe doa— Euskal Herriari egiten zion erreferentzia.

Eta ondo idatzitakoak plagiatzea ez baita bekatua, neure egingo ditut hitzok: Euskal Herria tematuta dabil estatu bat iraganean bilatzen, eta nago hori ez dela bidea. Azken batean, historiaren kontuak pediatrak bezalakoak dira: egiten duzuna egiten duzula, beti egongo da historialari bat —edo pediatra bat— oker zaudela esango dizuna.

Horrexegatik, Lizarrustihistanen ez diogu iraganari inolako erreferentziarik egiten gure independentzia aldarrikatzean. Herri txiki bat da gurea, ezaugarri berezi batzuk dituena —alokutiboan hitz egiten dugu eta petanka da gure kirola, esaterako— eta etorkizunari aurre egin nahi diona.

Ez dugu historiarik behar gure seme-alabei onena opatzeko.

Bere zutabean, Santi Leonek zioen gustura asko biziko litzatekeela itsasaldeko errepublika berri txiki batean. Lizarrustihistanen, itsasorik ez, baina mendi polit askoak ditugu paseoak emateko.

Eta Mari Puriren gazta-tarta historiako onena da.

Beraz, badakik, Santi: gonbidatuta hago. Lizarrustihistandarrok besoak zabalik hartuko haugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.