Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Mirariak

2013ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Albistea Valentziatik zetorrela jakin nuenean sekulako poza hartu nuen. Eta jarraian, Valentziako nire lagun Carles Alberolarekin gogoratu nintzen, zeinak behin kontatu baitzidan hango politikagintzari kiratsa zeriola, oro zela ustelkeria eta kulturarentzat —Carles antzerkilaria da— hura hondamendia zela. Zorionez, ez dago betiko iraungo duen gaitzik eta ikastaro hura seinalea zen.

«Gure Amaren agerraldiak eta mirariak» zioen Valentziako Hezkuntza Sailak hango irakasleentzat propio antolatutako ikastaro hark eta nik bertako alkatesa Rita Barberarekin lotu nuen, ezinbestean lotu ere. Ikastaro bat Ritaren mirariak azaltzeko! Bazen garaia! Eta arrazoia baduzue ere —irakasleei baino, hobe zatekeen egia epaileei kontatzea— nik balekoa iritzi nion formula hari.

Maratilagile enpirikoa naizenez, ikastaroan izena ematen saiatu nintzen. Ritaren mirariak ezagutu nahi nituen. Miraria behar baitu horrenbeste barrabaskeria egin eta hauteskundeak erabateko gehiengoaz behin eta berriro irabazteak. Miraria behar baitu Camps-en jantzi ustelen ondoan egotea eta zipriztinik ez jasotzeak. Miraria behar baitu 1 Formula zirkuituaz, Artearen eta Musikaren hiriez eta Copa Americaz hiria ekonomikoki suntsitzea eta lotsarik ez izateak.

Haatik, maiz usteak erdia izaten du ustel —Valentzian, hiru laurdenak— eta izena ematen saiatu nintzenean sekulako disgustua hartu nuen.

Antza, ikastaroan erlijioaz hitz egin behar zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.