Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Lobo jaunaren memoriak

2013ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
… Egia esatera, lasaitu ederra hartu nuen erretiroa hartutakoan. Izan ere, jendeak uste baino gogorragoa baita arazoak konpontzea. Gainera, ia 20 urte ziren esaldi hura errepikatzen: «Lobo jauna dut izena eta arazoak konpontzen ditut».

Pulp Fiction grabatzen ari ginenean baten batek esan izan balit bizitza osoa esaldi berbera errepikatzen pasako nuela, antzarrak ferratzera bidaliko nuen, bai horixe…

… Kontua da publikoari gustatu zitzaiola esaldi hura. Tarantino maisua da esaldi biribilak egiten, eta hura oroimen kolektiboan iltzatuta geratu zen, betiko geratu ere. Ni Lobo jauna nintzen, arazoak konpontzen nituen. Eta munduak sinetsi egin zuen...

… Alabaina, nork bere mugak ezagutu behar ditu, eta Espainiara joan nintzenean konturatu nintzen erretiratzeko garaia zela. Gobernuko alderdia gaizki pasatzen ari zen, ustelkeria zeukaten nonahi, gruyere gazta batek baino zulo gehiago zituzten, eta alderdia ez ezik monarkia bera ere goitik behera zegoen ustelduta.

… Atentzioa desbideratu behar genuela esan nien, espainiarrek beste toki batera begiratu behar zutela, soilik horrela konponduko zutela arazoa. Kaka barreiatzen hasi nintzen, beste alderdiak ustelkeriatan sartzen. Denetarik egin nuen Espainian gobernuburuari ez beste edozeri buruz hitz egin zezaten. Imajina ezazu, Aita Santuaren dimisioa eta guzti lortu nuen…

… Baina alferrik izan zen…

… Marianorenak… ezta Jaungoikoak berak dimisioa eman izan balu ere…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.