Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Korrika egitea eta korritzea

2013ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Nire lagun Felixek dio motz geratu nintzela euskaldunon orgasmoei buruzko zutabean. Benetako eztabaidaren muinetik urrun geratu omen nintzen.

Eta, antza, nire ekarpena antzua izan zen.

Argi dago nire lagun Felixek badakiela min egiten…

«Oso ondo, Xabi, hi orgasmoan bahoa, eta ni banatorrek. Eta zer? Eztabaida beste bat duk. Eta nire iritzia jakin nahi baduk, AEK-ko hire lankideak ere ez dituk fin ibili Korrikako leloa aukeratzeko unean».

Bai, ni ere zuek geratu zareten bezala geratu nintzen, zur eta lur, AEK eta euskaldunon orgasmoak lotzen zuen lotura hura ikusi ezinik.

«Eman euskara elkarri baino askoz erakargarriagoa eta egokiagoa lukek Eman plazerra elkarri! Euskara beti lotzen diagu lanarekin, militantziarekin… Euskara nekearen sinonimoa duk, korrika egin beharra zagok bere alde. Alabaina, korrika egitea eta korritzea ez duk gauza bera… eta baduk garaia euskara plazerrarekin lotzeko, bai horixe!

Euskara plazerra izango duk edo ez duk izango, Xabi. Euskara lan-munduan sartu behar diagu, bai… unibertsitatean, prentsan eta enpresetan… baina baita izara azpian ere. Euskaldun guztiok euskaraz mintzatuko bagina ohean, euskarak izugarri egingo likek aurrera. Berdin zaidak norekin eta nola, emaztearekin, maitalearekin, senarrarekin, zuka, hika eta berorika…

Ohe-hizkuntza, Xabi… ohe-hizkuntza behar dik euskarak…».

Felixekin hitz egin ostean, Korrika badator leloak beste esanahi bat du niretzat…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.