Santi Leone.
Maratila

Estua

2013ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Ikastolan hazitako gure ikasleak ondo egoten dira, eta, maiz, oso ondo; ongi, ordea, guttitan egoten dira, eta inoiz ez arras edo hagitz ongi. Eta hizketan badakite, edo, batzuetan, berbetan; baina ez da hain ohikoa solasean jakitea.

Ikastolatik pasaturiko gure ikasleak aurrera eta atzera ibiltzen dira, baina zailtasun handiago izaten dute aitzinat eta gibelat mugitzeko; arkatza eta boligrafoa mahai gainean ipintzen dituzte, eta koadernoa ondoan jartzen, baina neketan paratzen dituzte gauzak inon. Eta zerbait sarri egitekotan, maiz eginen dute, baina ez geroxeago.

Ikastolako gure ikasleak, trena heldu dela adituz gero, lasterka (ezen ez tarrapataka) joanen lirateke, trena honezkero (ezen ez gaurgero) geltokian dagoelakoan; badatorrela entzunen balute, berriz, lasai geratuko lirateke (baina, segur aski, ez geldituko) tren-geltokiko tabernan (ez, aldiz, ostatuan), minutu pare bat dutelakoan.

Gure ikasleak ikastolara joan, bertan jan eta jolastu, berokia jantzi eta gauzak jaso egiten dituzte, eta hori guzia (joan, jan, jolastu, jantzi eta jaso) euskara batuan egin arren, euskara baturako gomendatua ez den ahoskeran egiten dute.

Nafarroan, ikastolako gure ikasleek badituzte nebak eta lehengusinak, aitonak eta amonak, baina zailxeago izaten da aitatxi edo amatxi duenik aurkitzea.

Gure haurrarendako, bideak, batzuetan, meharrak izaten dira. Eta hori ongi dagoen arren, solas hori batuan ere ikasi beharko lukeela erran digute. Estua, alegia. Baina, nire ustez, horixe da problema: zenbaitetan, batua baino gehiago, euskara estua irakasten dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.