Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Beltz baten memoriak

2013ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Harrezkeroztik dena aldatu zen. Okerrera, noski. Han hasi ziren begirada gaiztoak, aldarte aldaketa bat-batekoak, besoetako minak…

…baina okerrena, denetan okerrena, lunbalgia izan zen… lunbalgia malapartatu haiek…

…ondo gogoan dut, bai, justu egun haietan telebistan agertu baitzen Azti-Tecnaliako zientzialariak gerriko berezi bat probatzen ari zirelako berria. Postura txarrean arituz gero, bibrazioak ematen zituen gerrikoak. Oso ona omen zen lunbalgiari aurre egiteko. Hain zuzen ere, guk behar genuena, eta halaxe jakinarazi genien goikoei. Baina politikariei gure arazoak bost…

…krisian geundela erantzun ziguten, moldatu beharko genuela. Eta borra berri gutxi batzuk erosteko lain lortuko zutela, baina gerriko haiek erosteko… ezta pentsatu ere! Gu brigada mugikorrekoak ginen, Beltzak, gaiztoak ikaratzeko eta zartakoak banatzeko sortutako eliteko gorputza. Eta gerriko haiekin maritxuen pare ibiliko ginela…

…guk abisatu genien, bai, baina ez ziguten jaramonik egin. Aske Gunea hasiera baino ez zela izango esan genien, bide berriak jorratzen hasiak zirela, bide arriskutsuagoak deskuiduan, eta Aske Gunea ez zela bukaera izango. Eta gose grebak gorabehera, gazte txima-luze alproja haiek jatun onak zirela, morrosko itzelak, astunak stricto sensu, dena gihar eta dena zama. Eta luzarora ondorio larriak pairatuko genituela, banan-banan altxatzea latza zela oso…

…horrela daukat nik bizkarra… porru eginda…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.