Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Antton

2013ko urriaren 31
00:00
Entzun
Horren tristea ez balitz, barregarria litzateke. Lehendakaria hoteleko gelan gorderik irudikatzen dut. Protokolo arduraduna ate-joka. Benga, Iñigo, atera hadi. Eta Iñigo ezetz, tematuta, besoak antxume eta kopetilun. Izagirreren bideoa zerrendatik kendu arte ez! Iñigo, jendea zain zagok. Ba itxaron dezatela. Afaria hoztuko duk. Ba niri bost. Kazetari mordoa zagok. Ba bideoa ken dezatela. Presidenteak esan dik ez duela kenduko. Ba esaiok diru laguntzarik gabe geratuko dela. Iñigo, ireki atea, mese…

Barregarria litzateke horren tristea ez balitz.

Bost axola zait nork jokatu zuen ondo eta nork gaizki. Bost axola zait nork nor mehatxatu zuen.

Hori ez baita tristeena.

Gero filtrazioa iritsi zen Vocento taldeko egunkarietara. Aitzol Azurtzak, New Yorkeko Euskal Etxeko presidenteak alegia, Antton Harri ezizen artistikoa darabil. Aktore pornoa da, eta, hori gutxi balitz bezala, gay.

Sabinoren errautsak uluka Sukarrietako hilerrian.

Eta, hala ere, hori ez da tristeena.

XXI. mendean gaude eta, oraindik, batzuek pentsatzen dute ezen, joko politikoari begira, zilegi dela izarapean egiten direnak aurkariaren kontra erabiltzea. Oraindik, batzuek pentsatzen dute gure gizarteari interesgarria gerta dakiokeela Aitzol Azurtza norekin eta noren aurrean oheratzen den jakitea.

Oraindik batzuk prest daude datu hori mendeku gisa erabiltzeko.

Hori da tristeena.

Hori, eta horrela pentsatzen dutenak Eusko Jaurlaritzan daudela pentsatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.