Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

'Stricto sensu'

2013ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Berriki Guardia Zibilak jakinarazi digu Nafarroako ikastoletan lau irakasletik bat ETAkoa dela. Beno, ETAkoa… ETAkoa stricto sensu… ez, baina bai «ETAzalea», jakina baita ezen, sustrai zabaleko eta adaburu are zabalagoko zuhaitza izanik, ETAk mundu guztia hartzen duela bere itzalpean, ama baten goxotasunaz.

Guardia Zibilaren txostenak —esan gabe doa— huts egiten du, hain nabarmenki huts egin non, ganorarik gabe egindako lanari diodan mesprezutik harago, behartuta nagoen egia kontatzera.

Guardia zibil maiteok: lau irakasletik bat ETAkoa dela diozue, baina oker zaudete zeharo.

Izan ere, askoz gehiago baitira.

Ziurrenik kopuru zehatzago bat nahiko zenukete baina horretan ezin dizuet lagundu: letretako gizona izaki, galdu egiten naiz milioitik gorako zenbakietan. Edonola ere, Nafarroatik paseo bat ematea nahikoa da ohartzeko ETAkoak toki guztietan daudela, okindegietan, botiketan, frontoietan, tabernetan… Toki guztietan daude, eta ez da harritzekoa: ea nork esaten dion ezetz ama baten magal goxoari…

Bai, badakit: ileak lazten zaizkizue.

Akojonantea baita.

Alabaina, honek badu alde onik: lan-mundua nola dagoen ikusita, ez zaizue sekula lanik faltako. Hori bai, hurrengo txostenean, ganoraz jokatu eta galdetu dakienari. Nire lagun Felixek, esaterako, informazio interesgarri franko darabil esku artean. ETAkoa izanik, normala…

Beno, ETAkoa… ETAkoa stricto sensu… ez da, baina «ETAzalea» bai, ziur…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.