Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Hatza eta ilargia

2014ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Kultura txinatarraren miresle sutsua naizen aldetik, latza da gaurko zutabea idatzi behar izatea. Latza eta mingarria. Baina Maratilagileok horrelakoak gara: gauzak diren bezala kontatuko genituela agindu genizuen, eta emandako hitzari zor gatzaizkio. Kosta ahala kosta.

Ene lagunok: jakinduria txinatarrak egia biribilak esan ohi ditu baina, zoritxarrez, zaharkituta geratzen hasia da.

Arestian esan bezala, latza.

XXI. mendean gaude, Twitterren eta Facebooken garaian, eta egun ezin dugu jakinduria transmititu banbuz eta loto-lorez beteriko metaforen bitartez. «Sagu baten xalotasunak elefante bat mugiaraz dezake» eta «ur sakonetan geldirik dagoen herensugea karramarroen harrapakin bihurtzen da» bezalako esaerak baliogarriak izango ziren orain bi mila urte, baina zer nahi duzue nik esatea, gaur egun ez dago kristaurik horrelakorik ulertuko duenik. Argi dago testuok orrazketa sakon bat behar dutela gordetzen duten mamia teknologiaren eta aro modernoen linboan galduko ez bada.

«Jakintsuak ilargia seinalatzen duelarik, ergelak hatzari egiten dio so» esaera zahar txinatarra, esaterako, askoz ulergarria izango litzateke baldin eta gaurkotasun ukitu txiki bat emango bagenio: «Jakintsuak ehun eta hogeita hamar mila lagunen oihu isila entzuten duelarik, ergelak Gora ETA entzuten du».

Bai, badakit egokitzapena oso bertakoa atera zaidala, baina horrela, boteprontoan, ezinago egokia iruditu zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.